Cualquier tiempo pasado
Tortura sistematika + Ras
Autoekoizpena, 2026
---------------------
Tolosako (Gipuzkoa) Tortura Sistematika izan zen Euskal Herrian hardcore-punk eta grind-aren aitzindaria. 1980ko hamarkadaren lehen erdialdean, punkaren garai apurtzailenean, haiek apurtzailegoak, azkarragoak eta eroagoak ziren; hala, garaiko punk askok ere ez zituzten ulertu. Azkarregi abiaduran, eta denboran ere bai. Taldeak ibilbide laburra izan zuen, eta ia segidan kide batzuek Ruido de Rabia sortu zuten eta besteek Bukaera. Orain gutxi arte agertokietan ikusi ditugu bestelako proiektutan.
Taldearen lorpena oharkabean gelditu da, baina badu zale amorratu bat, David Von Rivers, urrea balio duena eta nonahi Tolosako taldearen garrantzia aldarrikatzen diharduena: hala nola, Rivers-ek berak idatzitako Zona Especial Noise entziklopediako protagonista nagusiak bilakatu zituen; eta 2013an Tortura-ren 1984 eta 1985eko grabazioak kaleratu zituen Truco Espárrago zigiluaren bitartez.
Hain justu lan horiek aurkezteko, eta bidez batez, taldekideek berari egindako ahalegina eskertzeko, kontzertu bakarra egin zuten 2013an Tolosako San Esteban auzoan igande hutsal batean. Rivers-ek hala nola zuzenekoa grabatu zuen, eta hara! Orain 13 urte pasatuta kalean dira horietako zortzi kantu EP honetan.
Soinua zertxobait hobetuta, disko honetan jasota daude Tortura-ren kantutegi pieza ezagunenak itzulera puntual horretan zuzenean grabatuak; eta opari bezala haiekin agertokira igotako RAS taldeak eskainitako lau kantu ere (Joxi-ren Belarminak taldeak ere parte hartu zuen zuzenekoan). Kasu honetan, Gipuzkoako muturreko hardcore eszenako beterano hauek San Estebanen eskainitako lau bertsio jaso dituzte: Coprofagia-ren Colores Javiren laguntzarekin; Psychotic Noise-ren Fruco in the napalm; Ruido de Rabia-ren Programa de Gobierno Shanti Iribarrekin; eta Terrorizer-en Dead shall rise.
Emaitza? Batzuentzat soinu eta oihu anabasa, beste batzuentzat gozamena; eta horren guztiaren gainetik estilo horretan gurean aitzindaria izandako lagun talde umil bezain handiari merezitako beste aitortza txiki bat.