Ez da nire arazoa bakarrik. Ezagutzen ditut hainbat jende, adiskide minak tartean, den mendreneko kafe ttilika hurrupatu eta gaueko loa galtzen dutenak. Ohean ihalozka salbaian ibiltzen dira eta gogoeta beltzak buruan, zurbil eta mehar... une horietan gertatzen zaiena esplikatu ezin, alabaina.
Alta, nola ez aitor, Baionako karrika zenbaitetatik pasatzean, ostatu haien altzo ilunen sakonetik jalgitzen den kafe usain xirrizta beroak hunkitzen eta kafea zigarreta batez lagundua gainera, arraiki edaten genuen garaietara eramaten gaituela. Ez gara sekula orduan bezain zoriontsu izan. Hori iruditzen zaigu behintzat, egia ere ez dela dakigun arren.
Munduan edaten den hiru edari nagusietatik bat da kafea, matea eta tearekin batera. Energia ematen du. Psikotropo sustatzailea da. Kondaira etiopiar batek kontatzen du Abisinia aldean aurkitu zirela lehen kafe-ondoak. XVI. mendeaz geroztik gure esnatze goiztiarrak eta bazkari handi bukaerak alaitzen ditu. Adikzio moduko bat da, bekatu gormantaren antzekoa, eta gaua zurituko dugula jakinagatik, edonoiz behaztopatzen ahal gara!
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.