Terraza debekatuak
Fatima Mernissi
Itzultzailea
Edurne Lazkano ibarbia
Erein eta Igela, 2025
------------------
Haurtzaroaren amaieran kokatzen dira nobela asko. Protagonistaren ahotsari jarraiki, lekuko gara haur izateari nola uzten dion nerabezaroan sartzeko. Oraingoan ordea, harem batean bizi da bera. Liburuaren egileak harema aipatzen zuenean Mendebaldean, ikus-entzuleek irriño batekin erantzuten zioten. Keinu horrek haserretu egiten zuen harema bertako emakumeentzat kartzela zelako eta ez plazeren paradisua. Nondik begiratzen den, hortxe dago koska.
Fatima Mernissi-k 1994an Dreams of trespass plazaratu zuen eta iaz Edurne Lazkanok euskaratu zuen Erein eta Igelaren eskutik Literatura unibertsalaren bildumarako: Terraza debekatua. Haremeko neskato baten istorioak. Guk liburu honen gaztelaniazko bertsioa ezagutu genuen lehenik: Sueños en el umbral.
Aipatutako izenburuetan ametsak, baimenik gabe sartu, terraza, debekatua, ataria agertzen dira. Berbok gidatuta, 8-9 urteko neskato batek bere bi amonen haremen berri emango digu, bata hirian dago eta bestea mendialdean, batean ezin dira etxetik irten eta bestean bai; baina bietan daude emakumeek bete beharreko arau hertsatzaileak.
22 kapitulutan haremaren mugak eta aukerak ezagutuko ditugu, bertako botere dinamikekin batera kanpoko munduaren oihartzunak ere izango dira, kolonoen artekoak, mundu gerra eta estatubatuarren bisita, edo garaiko musikari edo zinema izarrek ekarritako modak.
Hitzek duten botereaz jabetuko da hasieratik Fatima txikia. Izan ere, bere izebak kontatzen dituen ipuinak edo bere lehengusinak jokatzen dituen antzezlanak izango dira bere arimarentzako elikagaiak. Mila gau eta bat gehiago liburuko printzesak eta historia hurbileko feminista arabiarrak izango dira haren erreferenteak, etorkizunean emakume aske eta sortzaile izateko.
Biboteak eta bularrak da hemeretzigarren kapitulua; neska-mutilak gizon eta emakume bihurtzen ari diren seinale fisikoak. Horren harira, unibertso femeninoaren ateak zabalduko dizkigu eta desira-begiradak, ilea eta azala zaintzeko edertasun-formulak edo hammam-a aurkeztuko dizkigu.
Zapalkuntzaz hitz egingo digu eta horren ondoriozko hema-z, tristuraz. Baina baita zoriontasunaz eta hori lortzeko behar denaz: isiltasuna, edertasuna eta hanan-a, samurtasuna. Hauxe da bere amaren aholkuetako bat: “Oihu eta protesta egiten ikasi behar duzu, oinez eta hizketan ikasi duzun bezalaxe”.