Aspaldiko kontua da gerrak gehiengoarentzat heriotza eta miseria besterik ez dituela ekartzen, eta bitartean, beste batzuek, gerra sustatzaileek, irabaziez gain, ohorea ere jasotzen dute. Horrela, begi bistakoa zaigu nola Ukrainako elitearen seme-alabak bizimodu oparoa izaten ari diren, gerra beste batzuentzat utzita, jende txiroa behartuta baitago frontera joatera.
AEBek eta Israelek Iranen aurka daramaten gerrak ere baditu galtzaileak eta irabazleak. Jakin badakigu burtsa oso aldakorra dela eta edozein agintari boteretsuren esaldi bat nahikoa dela burtsak gora edo behera egiteko, are gehiago, agintari hori munduko herrialde aberats batekoa bada, Trump bezala. Bere ingurukoak jakitun zirenez nola mugituko zen burtsa, akzioak erosi edo saltzeko informazio pribilegiatua zeukaten jokatzeko. Ondorioz, diru piloa eskuratu dute bere zirkuluko adiskideek.
AEBek argi dute Txinaren abiadura ekonomikoa galgatu behar dutela eta, Iranen aurkako gerraren ondorioz, Pertsiako golkotik zailduko zitzaiola petrolioa jasotzea. Baina, antza, ez zuten kontutan hartu Txinak barne kontsumoaren %14 eskuratzen duela Irandik eta alternatibak badituela murrizketa hori konpentsatzeko. Gainera, 2025ean saldutako autoen erdiak elektrikoak ziren; beraz, aurrera begira, petrolio gutxiago beharko du, auto elektrikoak ekoizteko apustua egin duelako, ingurumena babeste aldera.
Errusia izan da gerra honek onura ekarri dion herrialdea. Izan ere, Ukrainako gerra zela-eta, Errusiako petrolioari muga zerga ipini zioten Mendebaldeko hainbat herrialdek. Orain, petrolio eskasia egongo dela-eta, AEBek Errusiari zigorra arindu diote eta merkatuko prezioetan, 100 dolarrera sal dezake upela. Horrela, Ukrainako gerra finantzatzen jarraitzeko aukera izango du.
Gasolinaren igoera horiek espekulatiboak dira eta mozkin gehigarriak erdiesten dituzte petrolio enpresek
Irabazleen artean ere hor dauzkagu enpresa petrokimikoak eta arma ekoizle erraldoiak. Izan ere, petrolioaren salmenta prezioaren igoerak, berehala eragiten die gasolinen prezioei, nahiz petrolioaren erosketa hainbat hilabete aurretik egin eta gasolinaren ekoizpen kostuetan oraindik eraginik ez izan, petrolioa etorkizuneko prezioetan erosten baitute, merkatu horren egonkortasuna gordetze aldera. Beraz, igoera horiek espekulatiboak dira eta mozkin gehigarriak erdiesten dituzte petrolio enpresek. Bestalde, enpresa horiek beraien urteroko kontuak Merkataritza Erregistroan aurkeztu behar dituzte, eta hortik ondorioztatu daiteke aparteko mozkinak zenbatzea erraza dela zergapetzeko.
Halaber, armagintza enpresen mozkin bereziak areagotzen dira eta sektore horretan ogasunak esku hartu behar luke, hiritarren zoritxarrak arintze aldera. Enpresa horien akziodunek dibidendu gehigarriak jasoko dituztenez, egokia litzateke zerga gehigarri bat ere ordainaraztea.
Inflazioa edo prezio igoera da gerraren beste ondorioetako bat. Inflazioaren ondorioz, dirudunak aberatsago bilakatzen dira, hiritarren gehiengoa txirotzen den bitartean. Adibidez, estatubatuar gehienak autoz mugitzen dira eta 2025 hasieran gasolina galoi batek (3,785 litro) 3,10 dolar inguru balio bazuen, gaur egun 4,45 dolar ordaintzen dute. AEBetan garraio gehiena auto pribatuetan egiten da eta gasolina oinarrizko erregaia dute. Horrez gain, petroliotik eratorritako produktu aunitz erosten dituzte. Beraz, istant batean garestitu zaie bizitza eta badakite nor den erruduna: Trump jauna.
Gaur egun, informazio nahikoa daukagu gerrako galtzaileak eta irabazleak sailkatzeko, eta ez da batere zaila aparteko mozkinen zati bat, bidezko zergen bidez, hiritar ororengana ere heltzea.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.