Eskola libreak, arauak eta ongizatea

MAIDER LETURIAGA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ez dakit nola irudikatzen dituen jendeak eskola libreak, eta nola uste duen igarotzen dela umeentzat bertako bizimodua. Baina askea denak irudimen kolektiboan dauzkan ezaugarriak kontuan hartuta, erraz ondoriozta dezakegu haur basa saldoaren irudi kaotikoa datorkiola gehiengo zabalari eskola libre hitzak entzutean.

Hori horrela dela jakiteko, hezkuntza ez-arautu izendapena ere jaso ohi duela ohartzea besterik ez dugu. Zeren eta "ez-arautu" horrekin aditzera eman nahi den esanahi zehatzetik harago –ez dela sistema konbentzionalak araututakoa edo erregulatutakoa–, ez dut uste oharkabean pasa behar zaigunik araurik gabetasunean jartzen dela azpimarra, oso adierazgarria dena. Bada, jende askoren harridurarako, ezagutu ditudan eskola libre horietan ikusi dut nik araurik gehien, eta hainbeste da hori horrela, non ausartu ere egiten naizen topatu ditudan arautuenak, ordenatuenak eta egituratuenak ere badirela baieztatzera.

Esan dezadan hasieratik, helburu didaktiko hutsez erabiliko ditudala eskola libre eta eskola konbentzional terminoak, sistemaz kanpoko eskola batzuek ez diotelako bere buruari libre izena ematen, eta badirelako sistema barruko eskolak, zeintzuentzat ez baita sobera egokia konbentzional etiketa, hurbilago daudelako aske gisa identifikatu daitekeen funtzionamendu batetik. Helburua askatasunari buruz eduki ohi den irudi okerraren inguruan hausnarketa egitea da, eskoletako elkarbizitzarako horrek duen garrantziagatik.

Ez begiratu hainbeste mugatu beharrekoari, eta haurrak ongi egoteko moduko bizimoduaren nolakotasunari jarri arreta

Ezberdintasunaren arrazoiak bi direlakoan nago. Lehena, haur eta gazteen (pertsonen) beharrei ematen zaion lehentasunezko arreta da, hain gauza funtsezkoa eta garrantzitsua, non arrakastaren gakoa honetan datzala uste baitut. Begira dezagun. Normalean, ikastetxeetan (edo bizitza arruntean) ikasleek izan ohi duten jokabide okerra (-edo) erregulatzeko beharra izaten da arauak jartzearen abiapuntua, baina ez gara ohartzen jokabide hori sintomatikoa izan ohi dela, atzean dagoen ondoez baten ondorio, edo asegabe dagoen behar natural batena.

Funtzionamendu orekatua eta osasungarria nahi duenak, beraz, pertsonen beharren araberako bizimodua ezarri beharko du, dela eskola eremuan, dela etxe-familia giroan. Haurrei zein muga jarri behar zaien ohiko galderaren aurrean hori izaten da ematen dudan erantzuna. Ez begiratu hainbeste mugatu beharrekoari, eta haurrak ongi egoteko moduko bizimoduaren nolakotasunari jarri arreta. Asko jaisten delako arautu beharrekoaren tamaina, pertsona bat ongi egote hutsarekin.

Bigarrenik, arauak ezartzeko erabiltzen den norabidea dago. Komunitate gazte bati dena kanpotik araututa ematen bazaio, zerbait arautu beharraren garrantziaz ohartzearen aukera oztopatzen zaio, arauak onartuak eta betearaziak izateko berebiziko garrantzia duena. Oso beharrezkoa da haurrak berak izatea elkarbizitzari eragiten dion arazo batez ohartzen direnak, eta hori erregulatzeko soluzio gisa ikustea komunitatearen bizitza arautu beharra. Araua betetzearen ardura hartzeko momentuan ere, asko aldatzen da araua inposatu egin zaigun, ala guk geuk sortu dugun, gure hobe beharrez eta gure borondatez. 

Eskolan eta familian adostasunak modu komunitario eta asanblearioan  erdiestearen balioa ez genuke gutxietsi behar. Hori, gehi pertsonen gainetik ez pasatzeko moduko bizitza eskaintzeaz arduratzea. Ikasteko, garatzeko, hazteko eta ongi erlazionatzeko pertsonek behar duguna horixe baino ez baita. Ez al zen hori iraultzaren oinarria eta helburua? 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Hezkuntza Gizartea
Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.