Erdaldunak, diskurtsoa eta antena-jartzailea

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Nola ez zaio azken boladako etorri berriari euskara ikastea baino errentagarriagoa irudituko antena-jartzaile ikastaroa egitea? Zer dela nabarituko du ikasteko beharra, ohartzen bada “bertako” askok ez dakitela euskaraz, eta, are, ikasteko ahaleginik ere ez dutela egiten?

Euskararen Legea onartu zenetik, 100.000 bat pertsona heldu euskaldundu omen dira EAEko euskaltegietan. Hala ere, biztanleen %45 erdalduna da oraindik ere (2021), eta euskaraz ulertzeko gai ez diren pertsona horiek euskaldunon bizitza baldintzatzen dute, praktikan posizio hegemonikoa aitortzen zaielako, eta, oharkabean edo ohartuta (pribilegioa), horrela jokatzen dutelako. Oro har, euskararen normalizazioarekiko pasiboak izaten dira, euskaldun guztiok elebidun izanik, ez baitute sentitzen arazorik dutenik, ezta arazorik eragiten dutenik ere; horri gehitu erdaretan bizi diren herritar asko euskal kulturatik oso urrun bizi direla, arrotza edo bitxikeria huts izateraino. Beraz, irtenbidearen parte izateko, arazoaren parte ere badirela ulertu beharko lukete lehenik.

Euskara ikasteko beharra baino, borondatea eta erakargarritasuna baliatu izan ditu bere diskurtsoan, deserosoa izateko beldurrez

Urteotan, nagusiki helduen euskalduntze sektoretik iritsi izan zaizkie euskara ikasteko deiak eta argudioak; erakundeek, ordea, euskaltegietako matrikulazio garaira mugatu izan dute gonbidapen hori. Edonola, gizarte bezala ere, ez diegu interpelazio jarraiturik egin izan, ez da egon euskara ikasteko beharra erdira ekarri duen etengabeko mezurik, ezpada euskaltzaleon erantzun erreaktibo moduan, administrazioan lan egiteko euskara ezagutzeko behar logikoari lotuta. Agintean 48 urte daramatzan egiturak saihestu egin du eskubide eta obligazioen dialektika. Euskara ikasteko beharra baino, borondatea eta erakargarritasuna baliatu izan ditu bere diskurtsoan, deserosoa izateko beldurrez, ikara diolako erdaldunen botoak galtzeari; ez ditu zalantzan jarri nahi izan erdal komunitatearen hegemonia, erosotasuna eta pribilegioa. Horrela, euskaldunon bizkar utzi du bake sozialaren ardura, euskararen erabileraren normalizazioa norbanakoon arteko kudeaketaren emaitza hutsa bailitzan. 

Horregatik, beharrezkoa da diskurtso oso bat apailatzea, ohiz landu izan diren motibazio instrumental eta integratzaileez gain, barneratuko dituena euskaldunenganako enpatia eta ardura soziala ere. Aipatu bezala, mezu hori iraunkorki igorri beharko litzaioke erdal komunitateari. Hori bai, ez legoke gaizki gure antenak bat etortzea; agian, antena-jartzaileak lagun gaitzake horretan. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Euskara
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.