Greba feminista orokorrean aldarrikatutakoak indarrean jartzeko unea

  • 2023ko greba feminista orokorrean argi eta garbi jendarteratu zuten mezua: zaintza sistema iraultzea lehentasunezko auzia da, eta gizarte guztiaren inplikazioa behar da. Hiru urte geroago, beste borroka batzuek hartu dute lehen lerroa, baina Denon Bizitzak Erdigunean dinamikatik su txikian jarraitu dute lanean, zaintza sistema publiko eta komunitarioa lortzeko. Maiatzaren 10erako antolatutako jardunaldietan beste mugarri bat jarri nahi dute, eta erronka nagusia izango da Herri Akordioa sinatu zuten eragileek konpromiso zehatz batzuk hartzea. Mugimendu Feministako Joana Epalzak, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Arantza Urkaregik, eta LAB sindikatuko Arantxa Vazquezek azaldu digute nola heldu diren jardunaldietara.

Ezkerretik eskuinera: Arantza Urkaregi, Joana Epalza eta Arantxa Vazquez. Denon Bizitzak Erdigunean plataformak maiatzaren 10eko jardunaldiak "inflexio puntu" izatea aurreikusten du. / Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bilbon egingo dute topaketa, Unamuno institutuan, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, igandea aukeratu dute horretarako, etxeko eta zaintza langileen egun librea delako. Gehienak emakume migratu eta arrazializatuak dira, eta eurak dira egungo zaintza sistemaren ondoriorik gordinenak jasaten dituztenak; zaintza sistema publiko eta komunitarioa sortzeko bidean, haien parte-hartzea ezinbestekotzat jotzen dute. “Daukagun sistema munstro bat bezalakoa da, eta ezin dugu pentsatu egun batetik bestera aldatuko dugunik”. Borroka “epe luzekoa” dela jakitun dira Denon Bizitzak Erdigunean plataformako kideak, jardunaldien antolaketan buru-belarri aritu diren hiru kidek ARGIAri azaldu diotenez. Mugimendu Feministako Joana Epalza Markoartuk, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Arantza Urkaregi Etxeparek, eta LAB sindikatuko Arantxa Vazquez Rodriguezek, hirurek berretsi dute greba feminista orokorraren arrakasta, baina uste dute oraingoan epe luzera begirako estrategiak hautatzeko unea dela, eta Herri Akordioan adostutako aldarrikapenak betearazten hastekoa.

Maiatzaren 10ean dozenaka lagun eta eragile ugari elkartuko dira Bilbon, eta oroitarazi dute eragileen inplikazioa –baita gizonena ere– 2023ko grebaren lorpenetako bat izan zela, ulertarazi dutelako zaintzaren auzia ez dela Mugimendu Feministarena soilik. Jardunaldiak beste “inflexio puntu bat” izango direla aurreikusten dute, eta Epalzak nabarmendu du duela lauzpabost urte “zaintza eskubide kolektiboaren alde” sinatu zuten Herri Akordioa bizi-bizirik dagoela: “Garrantzitsua da Herri Akordioa sinatu genuen eragile guztiok hemen jarraitzen dugula eta akordioko aldarrikapenek gure ardatzetako bat izaten jarraitzen dutela”.

Eragileek elkarlanean ondutakoa da Herri Akordioa, eta babes zabala jaso zuen. Epe laburreko neurri zehatz batzuk jaso zituzten bertan, eta, oro har, zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatzea eta euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa bermatzea aldarrikatu zituzten. Merkantilizaziorik gabeko sistema publikoa da akordioan irudikatu zutena, “tokian toki sustraitutakoa, udalgintzaren bitartez publikoarekin elkarlotuta”. Epalza, Urkaregi eta Vazquezek baloratzen dute aurrerapausoak eman direla, besteak beste, tokian toki: “Hainbat udaletan zaintza publiko komunitarioaren aldeko urratsak eman dira: diagnostikoak egin dituzte, zaintza mahaiak eratu dira, problematika zehatzei erantzun diete, etxez etxeko zerbitzua publifikatzeko urratsak eman dituzte... Kontua da tokiko ekimenek ez dutela greba orokorrak bezalako oihartzunik izaten”, zehaztu du Urkaregik.

Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY SA
Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, entzungor

Udaletatik goragoko erakundeei dagokienez, zein bide izan dute Herri Akordioko aldarrikapenek? “Isiltasuna”, diote Denon Bizitzak Erdiguneaneko hiru kideek. Izan ere, greba feminista orokorraren biharamunean plataformak interpelazio zuzena egin zien Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, eta mahaiak eratzea proposatu, Herri Akordioan jasotako neurriak negoziatzeko. Urkaregik aitortu du ez dutela lortu hor eragitea: “Entzungor egin ziguten, instituzio nagusien aldetik ez dago inolako borondaterik gaiari garrantzia emateko”. Epalzak, halere, uste du zaintza gaia mahaigaineratzea lortu zutela: “Hainbat esparrutan zaintzen inguruan pentsatzen eta hitz egiten hastea lortu genuen. Eta egia da politikariek ere, batez ere gobernuan daudenek, badakitela zaintzaren inguruan hitz egin behar dutela”.

“Entzungor egin ziguten, instituzio nagusien aldetik ez dago inolako borondaterik gaiari garrantzia emateko ez gurekin esertzeko”, Arantza Urkaregi, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea

Hitz egin bai, baina beraien terminoetan, Epalza Mugimendu Feministako kideak ohartarazi duenez: “Eredu merkantilista dute, zaintzak negozio moduan ikuste dituzte, eta noski, hori ez dator bat guk bultzatzen dugun ereduarekin; ez daukate inongo gogorik gurekin esertzeko eta zaintza eredua amankomunean eraikitzeko. Instituzioetatik proposatzen dute gero eta enpresa pribatu gehiago sortzea zaintza sektorean, eta gurea guztiz kontrakoa da: zaintza sistema %100 publikoa nahi dugu”. Eredu talkaz gain, mahairik eratu nahi ez izateak badu zerikusirik instituzioek Mugimendu Feministari agentzia ez ematearekin? Epalzak dio Mugimendu Feministak eta Denon Bizitzak Erdigunean plataformak ez dutela instituzioen balidaziorik behar, eta erakutsi dutela badirela nor Euskal Herrian: “Greba feminista orokorra bultzatzeko eta hori guztia mugiarazteko gai izan ginen; aurtengo martxoak 17ko greba orokorra baino lehenagoko grebarik indartsuena Mugimendu Feministak bultzatutakoa izan zen”. Urkaregik dio ez diotela entzungor egiten Mugimendu Feministari bakarrik, eta pentsiodunek zein sindikatuek bultzatutako Herri Ekimen Legegileak ekarri ditu gogora: “Orokorra da, ez dute ez herritarrek ez gizarte eragileek iritzia ematerik nahi, ezta agentzia izaterik ere. Eurek hartzen dituzte erabaki guztiak, herritarren parte-hartzerik gabe”. 2026an, ondorioztatu dute grebatik planteatutako interlokuzio bide hori ezin dela nagusia izan, eta indarra jarri behar dutela plano mobilizatzailean, aldaketak hortik sustatzeko.

Joana Epalza: "Instituzioetatik proposatzen dute gero eta enpresa pribatu gehiago sortzea zaintza sektorean, eta gurea guztiz kontrakoa da: zaintza sistema %100 publikoa nahi dugu". / Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY SA
Aldarrikapenak lurreratzen

Instituzioen esperoan egon gabe, greba feminista orokorretik hona Herri Akordioa eremuz eremu lurreratzen aritu dira. Esaterako, Vazquez LABeko kideak azaldu duenez, “aldarrikapenen zerrenda luzea” lan mundura eraman dute eta zerbait “praktikoagoa eta pedagogikoagoa” bilatu dute. Negoziazio kolektiborako oinarri komun horiek aurkeztu zuten, eta Vazquezek azpimarratu du “izugarrizko jauzia” izan dela euskal gehiengo sindikal guztia ados jartzea datozen urteetako lehentasunak markatzerakoan. Epe laburreko helburu gisa jarri dute zaintza langileen lan baldintzak hobetzea, besteak beste: “Lan baldintzak eta zerbitzua hobetzeko ezinbestekoa da zaintza zerbitzua publifikatzea”, oroitu du LABeko kideak.

Lan munduan Mugimendu Feministaren borrokak izandako eragina nabaria izan da, Vazquezek ziurtatu duenez: “2018ko lehen greba feminista izan zen sindikalgintza astindu zuena, emakumeena* zelako eta gizonek ezin izan zutelako atera; berezia izan zen, eta lantzerakoan pixka bat konplexua, gizonik gabeko greba orokorra zelako”. 2023ko greba feminista orokorrean, aldiz, bereziki eskatu zuten gizonen inplikazioa, eta sindikatuek ere lan egin zuten industria bezalako eremu maskulinizatueko gizonei ulertarazteko zaintza erdigunean jartzea beharrezkoa dela. Vazquezek onartu du kostatzen dela zaintza erdigunean mantentzen: “Beti gaude krisi batean edo bestean, eta sistemak baliatzen ditu zaintza eta feminismoa erdigunetik kentzeko”. Kaleratze masiboak daudenean, adibidez, sindikatuen borroka horra bideratzen da. “Baina bitartean emakumeok zaintzen jarraitzen dugu eta gizonek inplikatu gabe jarraitzen dute”. Dena den, azken urteetan zaintzaren auziak lan munduko sektore guztietan presentzia handiagoa hartu duela dio.

“Garrantzitsua da Herri Akordioa sinatu genuen eragile guztiok hemen jarraitzen dugula eta akordioko aldarrikapenek gure ardatzetako bat izaten jarraitzen dutela”, Joana Epalza, Mugimendu Feministako kidea

Urte luzeetako borroka honetan lortutakoari balioa aitortu dio Vazquezek: “Zaintza sektoreko langileak jada konprometituta daude orain dela urte askotatik, eta lortu behar dugu beraiei zentralitatea ematea. Bizi duten egoera kontuan izanda, ezin dute uneoro borrokan egon. Adibidez, lan hitzarmen propioaren negoziazioarekin borroka izugarria egin dute, eta orain deskantsua ere hartu behar da, nahiz eta egunerokoan borroka txikiak badauden”. Denon Bizitzak Erdigunean plataformatik argi dute etxeko eta zaintza langileek borroka honetan ezinbesteko papera dutela, eta grebaren testuinguruan sortu zituzten aliantzetatik tiraka, jardunaldietan elkarrekin egongo dira.

Ez da kasualitatea Bilbon antolatu izana jardunaldia, izan ere, maiatzaren 10ean Erroldaren Giza Katea; Guztiontzako errolda, orain! ekitaldira deitu du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, eta 11:00etan Albiako Lorategian batuko dira: “Jardunaldietan eten bat egingo dugu hara joateko; errolda baita oinarria edozein eskubide izateko”, adierazi du Urkaregik, Herri Akordioan jaso zuten aldarrikapen hori berresteko. Gogoratzekoa da etxeko eta zaintza langile asko egoera administratibo irregularrean daudela, eta horiek direla egoerarik krudelenak jasaten dituztenak, Vazquezek deskribatu duenez, eta ohartarazi du egoiliarrak “esklabo gisa” bizi direla, atsedenerako ia tarterik gabe. Egoera hori hobetzen lagunduko du Espainiako Gobernuak indarrean jarri berri duen erregularizazio prozesuak. Hego Euskal Herrian 30.000 pertsonari baino gehiagori eragingo die, eta kalkulatzen da gehiengoa etxeko langileak direla. LABeko kideak dio erregularizazio prozesua jauzi positiboa dela, baina “askoz hobeto, denbora tarte luzeagoarekin eta era ordenatuagoan” egin zitekeela. Informazio falta kritikatu du, baita hainbeste pertsona erregularizatzeko hiru hilabeteko tartea soilik izatea eta oztopo burokratikoak egotea ere.

Arantza Urkaregi: "Azken finean, zaintza pentsiodunentzat eta adinekoentzat ezinbesteko gaia da". / Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY SA
Herri Akordiotik konpromisoetara

Herri Akordioa sinatu zuten eragileek su txikian lanean jarraitu dute greba feminista orokorraren ondoren ere; baina beste jauzi bat emateko momentua iritsi dela iritzi du Denon Bizitzak Erdigunean plataformak. Aldarrikapenetatik konpromiso zehatzak hartzera egin nahi dute salto maiatzaren 10etik aurrera. Eragileen inplikazioa badago, Herri Akordioko aldarrikapenek ere bere horretan segitzen dute, eta igandea baliatuko dute hausnartzeko aldarrikapen horiek nola bete: bakoitzak bere eragiletik zer egin dezake? Xedea da epe luzera begira eta era iraunkorrean mantentzea konpromisoak. Jakitun dira greba feminista orokorrean goia jo zuela zaintzaren gaiak, eta zaila dela tentsio altu horretan jarraitzea denbora luzez; horregatik, jardunaldi hauetan aurrera begirako estrategiak landuko dituzte: “Zaintzen borroka beti dago hor, baina jakin behar da noiz eman su gehiago eta noiz ez, borroka epe oso luzekoa baita”, dio Epalzak, Mugimendu Feministako kideak.

Herri Akordioa: aldarrikapenak epe laburrera

Zaintza sistema publikoaren alde:
- Zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea.
- Zaintza sistema publikoa indartzea eta garatzea.
- Zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzea.
- Etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzea eta garatzea.
- Zaintza lanak transbersalki lantzea: hezkuntzan, osasungintzan eta lan eremuan, besteak beste.
- Familia nuklearretik at, zaintzeko baimenak zabaltzea eta handitzea: loturagramak.

Bizitza duinen alde:
- Lanaldia murriztea soldata txikitu gabe: zaintzeko denborak bermatzea.
- Gizonak interpelatzea, ez zaintzearen pribilegioari uko egin diezaioten eta zaintza lanetan ardura har dezaten.
- Atzerritartasun legea bertan behera uztea, eta bitartean, zaintza langile guztiak erregularizatzea.
- Erroldatzeko eskubidea guztiontzat eskuragarri izatea.
- Etxebizitza eskubidea bermatzea: merkatuan esku hartzea.
- Agroekologia babestea eta sustatzea.
- Denontzako pentsio duinak ezartzea: 1080 eurokoak gutxienez.

Zaintza langileen baldintza duinen alde:
- Etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea.
- Etxeko langileak lan-erregimen orokorrean sartzea: Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmena bere osotasunean berrestea.
- Zaintza sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea.
- Etxeko langileei gutxieneko soldatatik gorako lansaria ezartzea.
- Zaintzaileei laguntzeko sareak sortzea.

Aurrera begira jarri baino lehen, jardunaldiak atzera begira hasiko dituzte: zaintzaren gainean orain arte egindako bidea errepasatuko dute, eta lorpenak zeintzuk izan diren. “Balioa aitortu nahi dugu orain arte egin dugun lan guztia, su txikian edo su handian. Kontziente izan behar dugu lortu ditugun gauza guztiez, urte asko daramatzagulako honetan, eta ikusteko merezi duela borroka egiteak. Leku horretatik ekin nahi diogu jardunaldiari, gogotsu!”, arrazoitu du Epalzak. Eguerdian, Denon Bizitzak Erdiguneaneko kideek aurrera begirako konpromisoak aurkeztuko dituzte, eta eragileek sektoreka eztabaidatuko dute eremu bakoitzera nola lurreratu. Antolatzaileek ARGIAri aurreratu diotenez, hiru ardatz proposatuko dituzte: publifikazioa –zaintza negozioa izan ez dadin–, gizonen pribilegioa eta pribilegio zuria. Azken horri lotuta, Urkaregik oroitarazi du gaur egun zaintza emakume migratuen eskuetan dagoela, eta horri “buelta eman” behar zaiola.

Arantxa Vazquez: "Sindikatuek hausnarketa egin genuen, nola egin modu pedagogikoan gizonek ere kontziliazio neurriak har ditzaten, eta zaintzarako baimen horiek guztiak benetan zaintzeko erabil ditzaten". / Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY SA
Gizonen inplikazioa, ezinbestekoa

Herri Akordioan zehaztu zuten gizonak interpelatzea beharrezkoa dela, “ez-zaintzearen pribilegioari uko egin diezaioten eta zaintza lanetan ardura har dezaten”. Jardunaldi hauetan ildo hori sakonduko dute, eta arratsaldean saio ez-mistoak antolatu dituzte: gizonek osatutako taldean gizonen pribilegioari buruz hausnartuko dute, eta helburuetako bat izango da argitzea gainontzeko gizonak nola aktibatu zaintzaren borrokan inplikatzeko.

Vazquezek azaldu duenez, sindikatuek azken hiru urteetan lan handia egin dute pentsatzen nola iritsi lan munduko eremu maskulinizatuenetara, besteren artean. “Konturatu ginen, adibidez, kontziliazio neurri batzuk badaudela ezarrita jada lan hitzarmenetan, baina emakumeok jarraitzen dugula zaintza lan gehiago egiten. Hausnarketa egin genuen, nola egin modu pedagogikoan gizonek ere kontziliazio neurriak har ditzaten, eta zaintzarako baimen horiek guztiak benetan zaintzeko erabil ditzaten. Izan ere, zenbait ikerketak erakutsi dute gizonek ere hartzen dituztela zaintza baimenak, baina beste gauza batzuk egiteko”.

“Lan baldintzak eta zerbitzua hobetzeko ezinbestekoa da zaintza zerbitzua publifikatzea”, Arantxa Vazquez, LABeko kidea

Urkaregik aurreratu duenez, Pentsiodunen Mugimendutik ere gizon talde batek parte hartuko du jardunaldietan, haiek ere greba feminista orokorraren harira inplikatzen hasi zirelako: “Jardunaldietara begira sortu dugu lantalde misto bat zaintzari buruz, Euskal Herri mailakoa, eta hor hasi gara lantzen; diagnostiko bat ere eratu dugu. Azken finean, zaintza pentsiodunentzat eta adinekoentzat ezinbesteko gaia da”. Herri Akordioan finkatu zuten denontzako pentsio duinak ezartzea, 1080 eurokoak gutxienez, baina Urkaregik dio “bizitza duinak” eskatzerakoan zaintza eta osasunari lotutakoak ere ezin dituztela alboratu.

Zaintzaren borroka berraktibatzeko

Gizonak euren lanketa egiten ari diren bitartean, emakumeen* taldea aurrera begira jarriko da, eta eguerdian Denon Bizitzak Erdigunean plataformatik aurkeztuko duten mobilizazio bideari forma ematen jardungo dute. Zaintzaren auzia berriro ere erdigunera ekarri nahi dute, herritar guztiek lehentasunezko borrokatzat ikus dezaten. Gainera, 2023ko greba feminista orokorraren ostean hoztutako suak berpiztu nahi dituzte, eragile guztien inplikazioa berretsita eta aliantzak sendotuta. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren isiltasunaren aurrean, kaleetan eta sektore bakoitzean zaintza publiko eta komunitarioa aldarrikatzen jarraitzeko asmoa dute, uste baitute mobilizazioen bidez ere lortzen dela politikoki eta instituzionalki eragitea. Denon Bizitzak Erdigunean plataformaren eta Mugimendu Feministaren eskakizunak bete daitezen egingo dute lan, eta maiatzaren 10ean erabakiko dute bide hori nola egin. 


Gizartea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.