Polkendorf (Prusia), 1870eko ekainaren 21a. Clara Immerwahr kimikaria jaio zen. Phillipp aitak nekazaritzan egin zuen bizibidea, baina gaztetan kimika ikasketak egina zen. Alabari zientziarekiko jakin-mina piztu eta formakuntza ordaindu zion. Baina aitaren babesa ez zen nahikoa emakumeei unibertsitaterako sarbidea ukatzen zien Germaniar Inperioan.
1895-1896 ikasturtean, emakumeei unibertsitateko konferentzietara sartzeko baimena eman zieten lehenengoz, baina soilik entzule gisa. Aukera hori baliatu zuen Clarak kimika ikasketetan aurrera egiteko eta, horrekin batera, erakunde zientifikoetan zirrikituak zabaltzeko. Hala, 1898an Verbandsexamen izeneko doktorego aurreko azterketa gogorra gainditu zuen lehen emakumea izan zen. Eta handik bi urtera, 1900eko abenduaren 12an kimika fisikoan doktoretza lortu zuen, magna cum laude kalifikazioarekin; horretan ere Alemaniako lehen emakumea izan zen. “Ez dut inoiz nire printzipioen aurka dagoen ezer idatzi edo esango”, esan zuen orduan.
Baina ezkontzak ez zuen Clararen karrera zientifikoa guztiz eten, senarraren itzalean ezkutatu baizik: Haberren lanak ingelesera itzuli zituen, haren artikuluak errebisatzen zituen, eta ikerlanetan laguntza handia eman zion, berriki arte aitortu ez zaizkion ekarpenak eginez
Baina, hurrengo urtean, 1901ean, Fritz Haber kimikariarekin ezkondu zen, eta ezkontza hura izan zen bere zientzialari bidean aurkitu zuen oztopo gaindiezin bakarra. Etxeko kontu guztiak beregain hartu zituen, senarra kimikan kontzentratu zedin. Etxekoandreei kimikako eskolak ematen zizkien, gizarteak ez ziolako bere doktoregoarekin beste ezer egiten uzten. Lagunei eskutitzak idazten zizkien, haserre, ezkontzaren pisuak itotzen zuela esanez.
Baina ezkontzak ez zuen Clararen karrera zientifikoa guztiz eten, senarraren itzalean ezkutatu baizik: Haberren lanak ingelesera itzuli zituen, haren artikuluak errebisatzen zituen, eta ikerlanetan laguntza handia eman zion, berriki arte aitortu ez zaizkion ekarpenak eginez.
1909an Haberrek –Clararen laguntzaz–aireko nitrogenoa erabiliz amoniakoa sintetizatzea lortu zuen. Prozesuak iraultza handia eragin zuen ongarrietan, nekazaritzan eta, finean, elikaduran. Baina, 1914an, Lehen Mundu Gerra piztearekin bat, Fritz Haberrek bere bidea aldatu zuen, gas toxikoak (kloroa, fosgenoa, ziape-gasa…) gerra arma gisa erabiltzea bururatu zitzaionean.
Eskutitzen bidez dakigu horretan ez zuela emaztearen laguntzarik izan, Clarak aurre egin ziola, eraso kimikoak maltzurrak eta immolarak zirela eta zientzia zikintzen zutela esanez.
Entzungor, Fritz Haber Ypresera (Belgika) joan zen, eta 1915eko apirilaren 22an, historiako lehen gas erasoa pertsonalki ikuskatu zuen, bere ideiak ederki funtzionatu zuela baieztatzeko; 5.000 soldadu hil zituen kloroak.
Handik hamar egunera, maiatzaren 2ko goizaldean, Clara Immerwahr Berlingo etxeko lorategira irten zen, eta senarraren pistolaz bere buruari tiro egin zion bularrean. Biharamunean, Haber alargundu berria ekialdeko frontera abiatu zen, hurrengo gas erasoa ikuskatzera. 1918an Kimikako Nobel Saria eman zioten.