Unibertsitatera ihes egin eta oso lantzean behin herrira itzultzen zen morroi bohemioa zen elkarrizketatua duela ez hainbeste denbora; berbok sinatzen dituenak ondo daki hori, herritik begiratzen baitzion hirira alde egindako hari. Gasteizko bizia ezagutu eta hamar urtera, aldiz, landa eremura egin du alde Aitzol Hernandez Aldazabalek, eta Arabako Mendialdeko Lagran herrian hartu du ARGIA. Haurtzaroko kontuez, herritik hirira alde egiteaz, Errekaleorrez eta sexilioaz aritu dira, besteak beste, aspaldiko bi lagun, su geldoan egindako lapikokoa lagun.
Beti izan da galdera marka bat herrian, friki bat, bere berbetan. Ikasketek eraman zuten Arabako hiriburura, eta militantziak mantendu zuen bertan: Errekaleor auzo askean bizi izan zen zazpi urtez, eta guztiz barneratu zen auzoaren barrunbeetan. Hainbeste, ezen handik sortu baitzaien berari eta beste zenbait laguni landa bizira alde egiteko arra, eta Arabako Mendialdeak eman zien abaro. Bertako Lagran herria bilakatu da euren bizitoki berri, eta behin hori lotuta, umetako ametsari heldu dio: lehen sektoreko proiektuari ekin dio, eta huraxe du orain militantziarako eremu, bere aje eta oztopo guztiekin.
Hasieratik has gaitezen. Kanpokoen begietan, zu ume friki bat zinen: naturari eta baserriari oso lotuta bizi zinen, fantasia asko ere bazenuen. Zelakoa zen Aitzol umetan?
Zentzu batean, nahiko bakartia. Beti izan naiz nahiko ume sentikorra, eta horrek gatazkak sortzen ditu. Eskolan ez nintzen oso ondo ulertzen nire kintoekin, beti bazterretarantz jo izan dut. Eskolako beste frikiekin banuen zelanbaiteko harremana. Batzen gintuena zen, uste dut, bazterretarantz bultzatzen gintuzten jendea ginela; zeren, egiari zor, beren interesak jokoak, teknologia eta kontu horiek ziren, eta nik inoiz ez dut interesik izan horretan.
Baina oroitzapen oso politak ditut haurtzarotik. Igor Ibarzabal lagun minak eta biok mendian pasatzen genuen denbora asko, eta, bai, fantasia handia geneukan; ipuin asko kontatzen genituen, gauza politak imajinatzen ibiltzen ginen. Haizebide baserrian ditut (Larruskain, Markina-Xemein, Bizkaia) oroitzapen polit horietako asko.
"Umetan ez neukan horren argi nire desioaren norabidea, baina ikusten nuen jendearen irainetan"
Eskolan ez zinen oso eroso sentitzen, hori diozu. Queer-a izateak ere eragin zuen hori?
Uste dut beti hor egon izan dela hori. Umetan ez neukan horren argi nire desioaren norabidea, baina ikusten nuen jendearen irainetan; ikusten nuen neskekin hobeto ulertzen nintzela askotan; niri negar eragiten zidaten gauzek ez zietela besteei eragiten, eta hori izan zitekeen ni baztertzeko arrazoi.
Ni oso zortekoa izan naiz, niretzat oso prozesu naturala izan zelako kontzientzia hartzea eta ulertzea zer ari zen gertatzen. Inoiz ez dut nire burua baztertu edo epaitu nintzena izateagatik eta sentitzen nuena sentitzeagatik; eta horrek, nik uste, asko erraztu dit bizia. Herrian bertan ezagutu dut prozesua era oso mingarrian bizi izan duen jende asko eta guztiz ulertzen dut, Markina-Xemein nahiko bortitza baita.
18 urterekin egin zenuen alde bertatik, Gasteizera. Zelakoa izan zen herritik hirirako salto hura?
Arrebak konbentzitu ninduen, herritik atera ninduen eta asko-asko eskertzen diot: ez nengoen batere motibatuta, oso triste nengoen eta gogoan dut kanpaina egin zuela ni, tarte batez behintzat, herritik joateko. EHUko aukeretan begira, Ingurumen Zientziak aukeratzen amaitu nuen eta uste dut nahikoa ondo ematen didala [barreak]. Eta horrek ekarri ninduen Gasteizera.
Eta?
Gogoan dut Gasteizera heldu nintzenean atentzio gehien eman zidana kultur eskaintza izan zela. Gogoratzen dut astero zegoela zerbait eta sekulako ilusioa egiten zidala. Asko harritu ninduen, bat-batean, horrenbesteko mugimendu eta aukera mordoa ikusteak: zinera joan ahal izatea eta ez domeka batean Shin Chanen pelikula euskaratua baino ez izatea.
Eta askatasuna ere badut gogoan. Gurasoen etxetik atera eta neure burua neure kabuz kudeatu beharrak eragin zidan inpaktua. Gainera, Gasteizen denetariko jendea zegoen, oso berezia, oso zabala, Euskal Herriko leku askotako jende asko. Gogoan dut oso momentu soziala izan zela nire bizitzan, harreman polit asko sortu nituen.
Askatasuna diozu. Sexilioa ere bai agian?
Bai, zentzu batean bai. Lehen ere esan dut herriak nigan ez zuela horrenbeste eragin, hori uste nuen: mutilen batekin ligatu izan dut bertan, baina Gasteizen ez zidaten esaten “gero ez kontatu inori”, edo ez ziren agertzen bat-batean ezagutzen ez nuen beren neska-lagunarekin. Eta izan nuen garai bat uste nuena nire militantzia zela hetero denei erakustea heterosexualitatea iruzurra dela, baina horrek ez zaitu bide onetik eramaten: erabili izan naute, oso txarto tratatu naute. Momentu horretan uste nuen zerbait polita egiten ari nintzela punki bat izaten, baina Gasteizera heldu nintzenean beste era batera bizi ahal izan nuen hori.
Hiritik auzora egin zenuen salto, Errekaleorrera.
Karrerako hirugarren urtean sartu nintzen bertan, 2017an; argi mozketa izan zen nire lehen eguna. Karrerako lagun baten pisukideak lagunak zituen Errekaleorren. Harekin berbetan hasi nintzen, bertara joateko asmoa baitzeukan berak ere. Eta prozesu horretan nengoela, egun batean deitu zidaten eta esan zidaten: “Polizia dator, argi mozketa dago, herri harresia egin behar dugu: etorri hona”. Eta horrela, auzoko nire lehen eguna Errekaleorreko herri harresia izan zen. Asko eskertzen dut, auzoaren sasoi oso polit bat bizi izan bainuen, argi mozketaren ondorengo dena: crowfunding-a, eguzki plaken instalazioa, horrek Euskal Herrian sortu zuen mugimendua, jaso genuen laguntza eta indarra. Kanpotik etsai horren argi bat duzunean antolatzea oso erraza da. Elkar lagundu genuen, antolakuntza beste era batera bizi izan genuen: denok elkarrekin jaten genuen, ez zegoen argirik eta denontzat bazkaria egiten genuen txandaka, edozer egiteko beti zegoen jendea, planak oso erraz sortzen ziren. Pertenentzia sentsazio sakon bat geneukan.
Eta horretan guztian zenbiltzala, Ai Laketen hasi zinen. Nolatan?
Edozein substantziaren kontsumorako dagoen irudia beti da sekretismotik, punitibismotik eta tabutik. Eta Ai Laket ezagutu nuenean asko gustatu zitzaidan daukan ikuspegia, berdinen arteko lana bultzatzen baitu, ez da boterea daukan figura bat berba egiten dizuna; eta lantzen ditu arrisku murrizketa eta erabakiak informazio osoa izanda hartzea. Normalean gertatzen baita ez daukagula informaziorik eta ezin dezakegula erabaki askerik hartu ditugun tabu eta aurreiritziek bultzatutako erabakia delako.
Hasieran bazkide moduan hasi nintzen eta esku-hartzeak egiten, parrandetara furgonetarekin joaten. Gero boluntariotza proiektuko koordinatzaile izan nintzen eta gaur egun noizbehinka egiten dut esku-hartzeren bat.
Agian Ai Laketetik urrundu zara Gasteiztik ordu erdira dagoen ehun biztanleko herri batean bizi zarelako orain.
"Bisexualitateak eta gizona izateak eskaintzen duten aukeretako bat da jendeak errespetatu egiten zaituela asko ezagutu barik"
[Barre egin du] Izan daiteke, bai. Karreratik nahiko motibazioa galduta atera nintzen, ikasketak oso bideratuta baitaude logika produktibista "berdeago" bat bultzatzera. Nik ez dut Ingurumen Zientzietako Gradua ikasi ingurugiroko inpaktuko txostenak egin eta parke naturaletan eolikoak jartzea ahalbidetzeko. Zortekoa izan nintzen eta gradu amaierako praktikak egin ahal izan nituen Gasteizko nekazal iniziatiba batean, eta hor ulertu nuen lehen sektorean egon zitekeela nire etorkizuna. Ordutik aurrera hartu izan ditudan erabaki gehienak bideratu izan naute horretara; horietako bat da Arabako landa eremu batera etorri izana bizitzera. Errekaleorren ezagutu ginen lagun taldea gaude proiektuan, denok geneukan buruan ez genuela nahi etxebizitza batean bukatu, gure bikotekidearekin hipoteka ordaintzen; ez daukat arazorik bikotekidearekin bizitzeko, baina bai berarekin bakarrik bizitzeko. Ez genuen nahi kontsumo eredu ultraliberalista hori erreproduzitu; terrorea ematen dit. Hortik alde egiteko, landa eremuan etxe bat bilatzen hasi ginen.
Eta orain horixe duzu militantzia esparru.
Asko eskertzen dut espazio horretan egotea, sare pixka bat sortzea ahalbidetzen du, kanpotik barrura oso bide zaila baita lehen sektorean. Sektore oso zaharkitua da, ez dago erreleborik eta oso zaila da hori ahalbidetzea, gainera: etxean badaukazu korta, etxeko atetik jaitsita kortara sartzen bazara, zelan transmitituko diozu negozio hori zure familiakoa ez den pertsona bati? Horrela, korta zeukaten etxe askok amaitzen dute bertan txokoa sortzen. Eta negozio asko galtzen dira horrela.
Orain autonomoa zara. Zelakoa da harremana administrazioarekin?
Ez du inolako erraztasunik jartzen proiektu agroekologiko baten hastapenetan dagoen pertsona batentzako. Ekologikoarekin ahoa betetzen zaie, baina ekologikotik harago badaude bestelako interesak dituzten eta bestelako sakontasun batean aritu nahi duten proiektuak, eta horiek askotan ahaztuta gelditzen dira. Dena dago pentsatuta ekoizpen handientzako eta monokultiboentzako, behiak eta oiloak larre berean jarri nahi dituzunean, edo kultibo estentsiboak fruta arbolekin batera jarri nahi dituzunean, eskuak burura botatzen dituzte, bizitza guztian horrela egin denean, elkar elikatzen baitute: abereak badituzu, gorotza izango duzu, eta horrela lurraren emankortasuna bermatuko duzu. Zikloa mozten duzun momentuan, kanpo intsumoekiko menpekotasuna garatuko duzu, sintesi bitarteko ongarri kimikoekikoa, adibidez. Betidanik funtzionatu izan duen gauza bat horrenbeste desnaturalizatu dugu, gaur egun proiektu txiki eta dibertsifikatuak ez daudela batere babestuta administrazioetatik, eta nahiko zaila da horrela aurrera egitea.
Gatazkatsua ari da izaten bidea, egia esan, motela eta traketsa. Baina tira, pozik nago, aspaldi hartu nuen erabaki horretarantz pausoz pauso nabil eta egiten dudan ia dena horretara bideratuta dago. Pixkanaka-pixkanaka. Momentu honetan, lurrera sarbidea lantzen nabil.
Eta horrek eskatzen du sektoreko jendearekin harremanetan jartzea, konfiantza sortzea. Sektore zaharkitu batean, zelan hartzen dute bertakoa ez den gazte queer bat?
"Ez dut Ingurumen Zientzietako Gradua ikasi parke naturaletan eolikoak jartzea ahalbidetzeko"
Hasteko eta behin, nik uste dut zortekoa izan naizela queer izateari lotuta jasan dudan zapalkuntzak ez baitu zerikusirik beste jende askok jasan duenarekin. Bisexuala eta gizon zis-a izateak sekulako pribilegioak eman dizkit kolektiboko beste identitate batzuekin alderatuta: ezagutzen ez nauen jendeak, normalean, errespetatu egiten nauela esango nuke. Nik beti izan dut aukera eta gaitasuna "kamuflatu" ahal izateko, eta horregatik, sufritu dudan zapalkuntzak ez du inolako zerikusirik gure herrian eta beste edonon jende askok sufritu duenarekin.
Sektorera etorrita, gero eta jende gazteagoa eta aurrerakoiagoa dago, baina bada gehiengo handi bat balio tradizionalak bultzatzen dituena; eta horien artean, gizonkeria nabarmena da. Beraz, denetarik bizi izan dut: jende askok besoak zabalik hartu nau, laguntzeko asmoz; eta beste jende askok errezeloz. Egia da balorea kendu dioten sektore bat dela, asko sufritu duena; eta gainera, kulturalki nahiko txarto ikusia izan dena. Ipar Euskal Herrian mantendu dute sektorearekiko zaintza eta errespetua, baina hemen guk beste era batera bizi izan dugu hori; alde batetik, jendeak uste du edonork egin dezakeen lana dela, formakuntza eta esfortzu handia eskatzen duen jakinduria denean; eta beste alde batetik, sufrimendu hori arintzeko era ere badela uste dut, horrenbeste sakrifizio egin ondoren, kanpotik datorren jendeari atea horren erraz ez zabaltzea. Eta horrek sektorearen itxieran asko eragin ahal du.
Bionekazaritza elkarteko zuzendaritza taldeko kide zara orain.
Elkartearen ardatz nagusia agroekologia da, horrek barnebiltzen duen denarekin bat. Administrazioaren zigilu ekologikotik harago, konbikzio politiko oso indartsu batetik dator elkartea. Bertako parte dira proiektu txiki eta dibertsifikatuak, bide ohikoenetatik kanpora ere elikagaiak ekoiztu, bizi eta antolatzeko aukera baitago. Zuzendaritza batzordean aldaketak egon ziren, jende gaztea sartu gara, hori da errealitatea: sektorea aldatzen ari da eta ez dira berdinak ni, 28 urteko gazte bat mundu honetan sartzen hasi nahi duena, edo Agustin, familiako ustiategia eredu konbentzionaletik ekologikora aldatzen ari dena. Interes eta behar askotarikoak ditugu, eta horregatik da garrantzitsua denetariko parte-hartzea bultzatzea elkartean bertan.
Hemendik hamar urtera, non izango da hurrengo elkarrizketa?
Lehen sektoreko proiektu batek eskatzen du konstantzia eta permanentzia, baina ni ez naiz sentitzen bereziki lotua inora: hamar urte barru auskalo zer egingo dudan. Gogoan dut goiz batean txahalek alde egin zidatela eta beraien atzetik mendian haserre nenbilela, amak deitu zidala, eta haserre esan nion ea nork esango zidan hemen amaituko nukeela. Eta amak erantzun zidan: “Kariño, ezagutzen zaituen edonork”. Pentsatu nuen agian baietz, baina hemen den moduan beste edonon izan daiteke: ziurrenik lehen sektorean lanean eta landa eremu batean bizitzen egongo naiz, hori da nahi dudan bizitza, baina ez dauka zertan hemen eta horrela izan, zabalik nago.