Upela, petrolioaren hotela

Argazkia: Lamar University Archives
Argazkia: Lamar University Archives
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ingalaterra, XV. mendearen amaiera. Rikardo II.a erregeak, ardoa gorde eta garraiatzeko, 42 galoiko –159 litro gutxi gorabehera– edukiontzia erabiltzea derrigortu zuen, ardo merkatuaren kaosa konpondu nahian. Edukiera askoto ontziek, hau da, neurri bateratuen gabeziak, merkataritza akordioak asko zailtzen zituzten, eta garraioan eta biltegietan ere arazoak eragiten zituzten, eta edukiontzi homologatu berriak asko erraztuko zuen lana.

Tierce esan zioten ontziari (frantsesez “herena” esan nahi du), pipe (hodi) izeneko ontziaren herena zelako. 31,5 galoieko barrel-ak (upelak) baino ardo gehiago gorde zezakeen, eta 84 galoieko puncheon (barrika) baino errazago mugitu zitekeen eskuz.
Baina estandarizazioa askoz beranduago iritsiko zen beste produktu eta beste lurralde batzuetara.

Drakek inprobisatu egin behar izan zuen, Pensilvanian ez zegoelako petrolio industriarik. Whiski industriak, ordea, bazeukan tradizioa estatuan, eta Drake whiski upelak erabiltzen hasi zen lur azpiko petrolioa biltzeko

1895eko abuztuan, Titusville herrian (Pensilvania, AEB) Edwin L. Drakek 20 metro sakoneko zuloa egin zuen  burdinazko hodi batekin eta petrolio-hobi oparoa aurkitu zuen. Ordura arte, inguru haietan petrolioa oso modu oinarrizkoan lortzen zuten; lurrazalean azaleratutako petrolio bildu besterik ez zuten egiten.

Drakek inprobisatu egin behar izan zuen, Pensilvanian ez zegoelako petrolio industriarik. Whiski industriak, ordea, bazeukan tradizioa estatuan, eta Drake whiski upelak erabiltzen hasi zen lur azpiko petrolioa biltzeko.

Draken arrakasta ikusita, berehala, beste asko hasi ziren lurra zulatzen. Horrek, petrolio eskaintza igoarazi zuen, baita upel eskaera ere. Hala, eta merkatuaren legea muturrera eramanda, petrolioaren prezioa jaistea eta upelena igotzea eragin zuen. Une batez, petrolio upelaren edukia 10 zentabora jaitsi zen, eta upelarena berarena, aldiz, 2 dolarretaraino igo; hau da, edukiontziak edukiak baino 20 aldiz gehiago balio zuen.

Gainera, hainbat tamainatako upelek XV. mendeko Ingalaterran eragin zituzten arazo berberak sortu zituzten petrolio industrian ere. Eta horregatik Ingalaterrako erregeak hartutako neurri bera hartzea erabaki zuten. Handik aurrera, 42 galoieko tierce-a erabiliko zuten petrolioa bildu, garraitu eta neurtzeko. Baina izenari ez zioten eutsi eta, besterik gabe, barrel edo upela esan zioten
Gaur egun, petrolio upelak ez dira  fisikoki existitzen. Aspaldi da petrolioa biltegi handietan gorde eta hodi nahiz itsasontzi erraldoietan garraiatzen dela. Baina hitz soil horrek, ondoan prezio aldakorra duela, mundua dardarka jartzen du. 


Historia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.