Marmarra

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Nire urtebetetzea zela eta, familiak atx konpainiaren Marmarra antzezlana ikusteko sarrerak oparitu dizkit. Ikuskizunak beldurra den kontrolerako tresnaren inguruan dihardu, eta beldurraren izaera bera aztertzen du, belarrira heltzen zaigun marmar batetik erreakzio oso ezberdinak eragin ditzakeen beldurraren gorpuzkerara heldu arte. Beldurrak banakotasunean gelditzera garamatza, taldean oldartzera... eta bitartean botere zapaltzaileen papera da gizatasunaren ezaugarri horri etekina ateratzeko moduak baliatzea. Beno, hori da nik egin dudan irakurketa, alabak indarkeria matxistaz diharduela ulertu duelako, eta bikotekideak, euskaraz ez dakien arren, komentatu digu agertokiaren gainean zeuden pertsonaien estutasunak, ezinegonak giro itogarri baten baitan euren bizitzekiko kontrol eza sentiarazi diotela.

Eskubide digitalen aurkezpen bat egiten ere aritu naiz eta hor ere beldurrak agertu dira. Hona nireak: eskubide digitalak babeste aldera, zaurgarriagoak egingo ez gaituzten azpiegitura eta zerbitzu digitalak sortzeko ardura. Azken urtean hasi dira erakunde publikoak euren agendan sartzen subiranotasun digitalaren gaia. Irakurri dudanagatik, eraldaketa hau geruza askotan eman behar dela ulertzen dute, ahalik eta mendekotasun txikiena izan dezagun: azpiegituretan, garapenetan, datuetan eta gobernantzan. Baina ideia ez da egungo eredu digitala Europan errepikatzea; ideia da berriro Internet bizitzeko modu anitzak sustatzea. Zelan gauzatuko da hori? Nik uste batetik existituko dela herritarron datuen zaintzaz arduratuko den azpiegitura publikoa (hezkuntzan, osasunean, justizian...), eta bestetik, herritar antolatuek eta enpresa pribatuek euren azpiegiturak eta zerbitzuak sortzeko baliabide libre gehiago izango dituztela eskura.

Bidea beraz hasi baino ez da egin, eta berrikusketa eta mutazio ugari izango dituela susmatzen dut. Eraldaketaren bidea ez da erraza izango, ez da berehalakoa izango, eta ez da lehenengo saiakeran dena ondo egingo, bideek bihurgune asko izan ditzakete. Onerako den bidea dela uste dut, beldurrik gabe ibili eta gozatu dezagun. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Teknologia Zientzia
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.