Rap taldeak Eden izeneko bigarren albuma argitaratu du. Euskal Herrian bizitzeak bi alde dituela adierazi dute lan berrian: batzuetan paradisua izan badaiteke ere, zenbaitetan infernua da. Polizia-indarkeria, eskuin muturraren gorakada, turismoaren eragina... Hitz zorrotz zein argiak erabili dituzte salatu nahi zutena mahai gainean jartzeko.
Larunbata da eta mugimendua nabari da Hendaia (Lapurdi) gain aldean. Ostatua eta taloentzako plaka-berotzaileen instalazioan buru-belarri dabil jendea, Gaztelu aretoaren aitzinean dena prest izateko gisan. Hain zuzen, bost kontzertu dira programatuak arratsaldeko 17:00etatik aitzina, rap generoa errege eta nagusi. Kramsa, La Basu, the Border Kids eta Odei entzuteko parada izateaz gain, ezinbesteko hitzordua da RTZ segitzen duten zale guztientzat, gauean kolektiboko kideek Eden izeneko bigarren albuma zuzenean emanen baitute.
“16:30ean entseguak ditugu”, jakinarazi digu Xabi Petriartek barneko kontzertu gelako teknikariak, soinua eta argiak paratzen ari diren bitartean. Oihan Perez Harispe eta Iban Uranga daude berarekin, errepikatzeko zain. RTZ kolektiboko raperoak dira hirurak, eta taldean direlarik, eszena gainean edo estudioan, haien artista izenekin deitu daitezke: Xabi, Oihan eta Iban, edo hurrenez hurren, Petri, OPH eta Frel Asiat.
Entseguetarako tarte libreaz baliaturik, RTZ sortu zenetik hona egin duten bideaz gogoetatu dute ARGIArekin hiru raperoek. 2021ean egin zuten elkarren ezagutza Baionako Zizpa gaztetxean. Garaian, Unai eta Txomin Arkauz anaiek “Rap tailerra Zizpa” izeneko ekimena plantan ezarri zuten musika horretaz gozatu eta transmititzeko gogoarekin. Raperoak, gaur egungo RTZko kideak barne, astero biltzen ziren hitzak partekatzeko, haien pasioa asetzeko abagunea huts egin gabe.
“Hamahiru izatera iritsi ginen”, erran du Frel Asiatek, baina orain, tailer hori amaitu eta talde bilakatu da, “Rap tailerra Zizpa” RTZ baita siglak baizik erabiltzen ez direlarik. Baionako Zizpa gaztetxetik grabaketa gelara salto egin zuten 2024an. Urte hartan argitaratu zuten lehen albuma bi zatitan: Konkista lehena, Itzaletik argira bigarrena. DJ Wall musikariak eta Gorka Budu Agirre komunikazio arduradunak ere osatzen dute taldea.
Karta postalaren ifrentzua
Denen artean ondu dute Eden bigarren albuma. Albumari izenburu bibliko hori eman diote Edengo lorategiari erreferentzia eginda. “Paradisuaren gibelean, infernua ere bada”, esplikatu du OPHk. Hori gertatzen baita aldez edo moldez itun zaharreko kontakizunean. Leku bikain eta oparoa da Edengo lorategia, baina debekatutako fruitua jan ondoren, Jainkoak Adam eta Eva lorategitik kanporatzen ditu. Orduan, ohartzen dira paradisuak ifrentzu anker eta iluna baduela. “Euskal Herria paradisua dela erraten da askotan, eta egia da, baina karta postalak ematen duen irudi ederraren atzean, arazo larriak ere badira”, gehitu du Petrik.
Arazo horien artean, eskuin muturraren gorakada gogorki salatzen dute hiru raperoek. Jordan Bardella Bilgune nazionaleko (RN) presidentearentzat duten kontsiderazioa ezin argiagoki erakusten dute Patriotak kantuan batik bat. “Horra horra Jordan Bardella. Badugu soka, nun da kadera?” abesten dute errepikan. Zalantza mikorik uzten ez duten hitzak dira, aktualitateari oihartzun egiten dizkiotenak tamalez.
Preseski, kantu hori entzuterakoan, zaila da Hazparneko (Lapurdi) ihauterien kari agitutakoa gogoan ez ukaitea. Errituak nahi duen bezala, zanpantzarri sua eman zioten plazan aitzineko urteko zorigaitza uxatu eta urte berriari ongi etorria egiteko asmoz. Baina aurten, zanpantzarrek Jordan Bardellaren itxura zuen, eta hori ez zitzaion batere gustatu eskuin muturrari. Bilgune Nazionala alderdiko hainbat kide biktimizazioan murgildu zen sare sozialen bidez ezkerrak Euskal Herriko ihauterien “tradizioa” desbideratzen zuela salatuta, jakin gabe noski, erritua zanpantzarri norbaiten itxura ematea eta erretzea dela. RTZren abestia idatzia eta grabatua zen dagoeneko, baina eskuin muturrak izan zuen jarrera ilustratzen du garbiki. “Ni kontent nintzen Hazparneko irudia ikustean”, erran du Frel Asiatek sutsuki: “Erakutsi behar diegu ez ditugula nahi”.
“Zoritxarrez, ni ez nintzen harritu” jarraitu du Petrik. Bilgune Nazionala ihauterien kontra joatea ez da kasualitatea bere ustez. “Francok egin zuen lehen gauzetariko bat ihauteriak debekatzea izan zen”, gogorarazi du raperoak. Noski, mementoan ihauteriak ez dira debekatuak Euskal Herrian, baina Hazparneko gertakarien ondotik sortutako giro iskanbilatsuak eragina izan du justizian, Baionako prokuradoreak inkesta bat ireki baitu.
Iban, Frel Asiat: "Ni kontent nintzen Hazparneko [ihauterietako] irudia ikustean; erakutsi behar diegu ez ditugula nahi"
“Hazi naiz lagunekin, eraiki etsaiekin”
RTZko kideek, berriz, argi dute artista gisa nola aurre egin diezaioketen faxismoari. Hitza arma ona da haien ahoan, eta luma zorrotza behar bezala erabiltzen dute kantu batean baino gehiagotan. Otso ta axuri abestiaren zatitxo batek mezu zuzena du errateko baterako: “Hazi naiz lagunekin, eraiki etsaiekin [...] Garratza naizelarik hartzen dut arkatza. Ez dut eguberritan jaso nahi ikatza”.
Eta garratzak dira OPH, Frel Asiat zein Petri, salatu nahi dutenarekin bereziki. Patriotak-en moduan, diskoko abesti anitz protest song kutsukoak direla erran daiteke ausarki. Horietarikoa da FM kantua, polizia-indarkeriaren kritika aratza. Bertan, oroitarazten dute 2023ko ekainean Nanterreko hirian (Senako Gainak, Paris ondoan) 17 urteko Nahel Merzouk gaztea hil zuen poliziakideak Ipar Euskal Herriko komisaria batean lan egiten duela orain. “Marrazo bat mozorrotua gure karriketan ibiltzen da” diote kantuan aliterazioa behar bezala erabiliz.
Hain zuzen, FM izenburua jarri diote abestiari, gordeka ibili nahi bazuen ere, polizia hori Florian M. deitzen dela jakinarazi baitu Frantziako prentsak. Eta Patriotak bezala, FM ere aktualitatearen zirimolan sartutako kantua da, martxoaren 5ean jakin baitzen Florian M. ez zela hilketagatik epaitua izanen, baizik eta hiltzeko intentziorik gabe norbaiten heriotza eragin duen bortizkeriagatik. Alta, bideoek ongi baino hobeki erakusten dute poliziak Nahel Merzouk miran hartu zuela armarekin gertu-gertutik. Hasperen egiten dute RTZkoek gaia gomutara ekartzerakoan. Justiziak Florian M.ri leporatzen dionaren larritasun maila apaltzeak ez ditu, berriro ere, euskal raperoak txunditu. “Periferiako gaztea zen Nahel; auzi horretan badakigu sistemak nor babestuko duen”, oldartu da Petri.
Oihan, OPH: "Paradisuaren gibelean, infernua ere bada"
Rap musika eta haien lana aipatzeak girotzen ditu hiru raperoak. Sentitzen da elkarrekin izateak zoriontsu jartzen dituela eta lagun hurbilak direla. Baina horren ondoan, deblauki nabari da injustizia gorroto dutela. Konparazione, etorkinen aurkako errepresioa gogorarazi dute elkarrizketan. Garrantzitsua zaie migratzaileek pairatzen dituzten bizi baldintza latzak kondenatzea. Frel Asiatek proiektu bat gauzatu zuen etorkinekin, eta horiek EHZko eszena gainera igo ziren 2023ean RTZko kideekin batera. Petrik, OPHk eta Frel Asiatek bidea egin dute geroztik musikan, baina badakite eszenakide ohien eta haien antzekoen egoera ez dela inondik ere hobetu. Erreportaje hau idazterako egunean, Hendaian dago aurkezpen kontzertua antolatua; ez dute ahantzi Poliziaren atzaparretatik ihes egin nahian Bidasoan ito zirela hainbat etorkin.
Lan kolektiboaren garrantzia
Mendia, itsasoa, hirietako karrika nabarrak... Bai. Ederrak dira Euskal Herriko bazterrak. Turismoaren industriak ere badaki hori. Baina RTZ kolektiboak “bake faltsuari gerla” egiteko deia luzatzen du diskoko hamalaugarren pistan. Hitz horiek ez dira denen gustuko egonen. Hain justu, “berdin zaigu ez badute maite” errepikatzen dute behin eta berriz abestian, “bake faltsuari gerla” ez baita probokazio hutsa, ondo hausnartutako egoera baten deskribapena baizik. Mezu argia du Eden albumak: itxuraz, Euskal Herria garai baketsua bizitzen ari den arren, “karta postalaren gibelean” migratzaileen kriminalizazioa, eskuin muturraren presentzia eta Florian M. bezalako pertsonak gordetzen dira gure herrian. Horren guztiaren aurrean, antolatzera eta borrokatzera akuilatzen gaituzte RZTkoek.
Dena ez da iluna, ordea. Alderantziz ere, hiru raperoek jadanik erran dute Euskal Herriak Eden lorategiaren alde zoragarriak badituela. Eta paradisua neurtzeko irizpideak ematekoan, ez lituzkete paisaien edertasunean kokatuko, ez bakarrik bederen. “Euskara, lan kolektiboa eta lagunak sartzen ditugu gure baloreetan”, azaldu du OPH-k: “Dena erre bideoklipean Ibawoa kolektiboko dantzariak agertzen dira gurekin”. Musikan ere hainbat kolaborazio izan dituzte diskoa grabatzeko: Amaia Hiriart biolontxeloan, Haize Karrikaburu kantuan zein pianoan, eta Romain Larregain gitarra elektrikoan. Diskoan kolaboratu duten adiskideez gain, RZTkoek azpimarratu dute zuzeneko ekipa ere badutela kontzertuetarako: Antton Granger argietan eta Anize Amestoy soinuan.
Raparen kontrakultura
“Iturri ezberdinak ditugu”, segitu du Frel Asiatek. Taldean euskal eta frantses rapa entzuten dutela adierazi du. Hartan ere, Frantziako Estatuan gehien ekoizten den eta saltzen den musika da rapa. Horrek aldiz ez ditu alde onak bakarrik, industriak genero horren zati handi bat bereganatu baitu diru eta probetxu gosez. Hori frogatu zuen 2025ean argitaratutako L’Empire: enquête au coeur de rap français liburuak. Simon Piel, Paul Deutschmann eta Joan Tilouine dira egileak, eta bertan azaltzen dutenez, frantses rapero ezagunenek hamar milioi euroko kontratuak izan ditzakete aitzinetik musika bat grabatzeko. Eta diruak dirua erakartzen duenez, ikerketaren arabera beti, droga saltzaileek gero eta gehiago erabiltzen omen dituzte raparen inguruko egitura kulturalak egindako sosa zuritzeko.
Xabi, Petri: "Periferiako gaztea zen Nahel Merzou; auzi horretan badakigu sistemak nor babestuko duen"
Hori entzuten duten frantses raparen parte baten errealitatea badela argi dute RZTkoek; baina erran gabe doa, musikagatik gozatzen badute ere, gibelean den sistema ez dutela sustengatzen. Dena den, nork ez du kontraesanik bere buruarekin? Ezinezkoa ote da musika bat maitatzea eta musika hori egiten dutenekin ados ez izatea? Erantzuna haiek idatzitako hitzetan aurkitzen da: “Ni naiz beltza, ni naiz xuri. Ni naiz otso, ni naiz axuri. Ni naiz idorte, ni naiz iturri. Bakarrik ote naiz? Agian gu gira bi”.
“Sortu zelarik rap musika kontrakultura zen”, erran du Petrik. “Gu kontrakultura horretan kokatzen gara, euskaraz egiten baitugu”. Eta esplikatu duenez, rapa euskaraz egiteak ez ditu ateak ixten. Aitzitik, irekitzen dituela ziurtatu du.
Horren adibide esanguratsuena da Plouz & Foen taldearekin egin duten kolaborazioa. Kadvael Jolivet eta Gweltaz Foulon dira taldeko raperoak, Kavalou eta Toutz artista izenengatik ezagunagoak hemen. Biak bretoiak dira, eta Kavalouren kasuan, euskalduna ere bai. Aita militantea zuen, eta Euskal Herrira heldu zenean ikasi zuen euskara apur bat. Pixka bat baino haboro bai, Euskal Herrian anitzek sekula egin ez dutena baino aise gehiago behintzat. Petrik deitu zituen kolaborazio bat proposatzeko, eta haiek bitan pentsatu gabe baietza eman. Azken udan Euskal Herrira etorri ziren, eta Eden diskoan atzeman daitekeen Bakea ametsetan kantua grabatu zuten. “Hizkuntza gutxituen egoeraz aparte, Bretainia eta Euskal Herria lotzen dituen gai bat aipatu nahi genuen”, jakinarazi du Toutzek: “Horrela erabaki genuen turismoaren problematika agerraraztea, etxe hutsak, leiho itxiak, Airbnb alokairuak...”. Finean, “bizitzen dugulako mierda berdina”.
“Fermin Muguruza bretoia”
Lotura sendoa dute jadaneko RTZ eta Plouz & Foen taldeek. Euskal raperoak Bretainiara joanen dira maiatzean, bretoieraren aldeko Redadeg korrikaren kari. Aurtengo edizioaren kantu ofiziala grabatu dute Kavalou eta Toutzek, Nolwenn Korbellekin batera; “gure Fermin Muguruza bretoia”, erran du Kavalouk erdi txantxetan. Orain, EHZ festibalean programatuak izatea amesten dute biek, D’an neb a glevo albuma euskal publikoari aurkeztearren. Kavalou izana da jadanik ikusle gisa jaialdian, eta Arberatze-Zihilekoan (Nafarroa Beherea) aritzea ohore handia izanen litzatekeela haientzat ziurtatu du kartsuki.
Baina 16:30 dira, eta soinu entseguak egiteko tenorea da. DJ Wall raperoen beha dago oholtza gainean. “Lan egin dut, izerditu, atorra zikindu”. Lehen hitzak mikrofonotik ateratzen hasiak dira, eta nahiz eta entseguak baizik ez izan, gelan badaude jadanik abestiak arretaz entzuten dituztenak. Raperoen lagunak dira. Goizik etorri dira RTZ sustengatzera. Haiek ere goraipatutako elkarlanaren parte dira nolabait.
Hortaz, bidea egin dute OPH-k, Frel Asiatek eta Petrik 2021ean Baionako Zizpan lehen aldiz bildu zirenetik. Hori ere behin eta berriz errepikatu baitute eskertuta, gaztetxe mundutik datozela. “Egiazko errealitatea atxemanen duzu auzoetan” diote albumean, haien buruari “nola egin aske sentitzeko” galdetu baino lehen. Arrapostu zuzenik gabeko itauna hain ziur... Anartean, rapetik, euskaratik zein lan kolektibotik aitzina segituko dute hirurek, etorkizun lanbrotsuak ekar ditzakeen trabak bazter utzi gabe eta marrazo guztien kontra borrokan. Noizbait existitu bada, gure Eden-a berriz loratu dadin.