Pedro Sánchez, ardi larruz jantzitako otsoa

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Kripsia da organismo batek duen gaitasuna beste animalia batzuek zentzumenen bidez ez dezaten detektatu, dela koloreagatik, formagatik edo portaeragatik. Mimetismo hori da Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezen abilezia nagusia. Azken asteetan, Sánchezen aurpegia kartel handietan ikusi ahal izan da, “Sánchez presidente!!!” mezuarekin, Bartzelona erdiguneko telefono mugikorren saltoki batzuetan. Lokal horien arduradunak jatorri pakistandarreko herritar migratzaileak dira; migratzaileen ezohiko erregularizazio dekretua eskertzen zioten.

Zalantzarik gabe, albiste bikaina da, ehunka mila pertsona heriotza zibiletik ateratzea, lana aurkitzea, jatorrizko herrialdeetan haien familiak bisitatzea eta atxilotuak eta deportatuak izateko beldurra galtzea ahalbidetuko baitu. Erregularizazioa Orain! bezalako eragileek egin duten kanpaina tematiaren emaitza izan da. Hala ere, ezin dugu ahaztu erregularizazio-dekretua sinatu duen Sánchezen gobernu bera dela Fernando Grande-Marlaska ministroaren ahotan esan zuena 2022ko Melillako sarraskian Guardia Zibilaren jarduera “erabat zorrotza, neurrizkoa eta profesionala” izan zela. Haren arabera, “aizkorak, makilak eta objektu sendoak” zeramatzaten pertsonen “eraso bortitz” gisa deskribatu zuenari emandako erantzuna “egokia” izan zen. Gogoratzekoa da Amnesty Internationalen arabera 37 pertsona hil eta dozenaka desagertu zirela.

Orduko hartan, Grande-Marlaskak argudiatu zuen heriotzak Marokoko lurretan gertatu zirela, eta ezkutatu egin zuen Guardia Zibila Espainiako lurretan lubakituta zegoela eta migratzaileei handik egiten ziela eraso. 2014an, Tarajalen, Beneméritaren istiluen aurkako poliziek gomazko balen tiroz Saharaz hegoaldeko hamabost pertsona sarraskitu zituzten, Marokotik Ceutara igerian iristen saiatzen ari zirenak. Mariano Rajoyren agintaldian gertatu bazen ere, epaile ohi eta Barne ministro sozialistak elkartasuna erakutsi zien, Guardia Zibileko agenteen “profesionaltasuna” goraipatuta.

Erregularizazio-dekretua sinatu duen gobernu bera da Grande-Marlaskaren ahotan esan zuena Melillako sarraskian Guardia Zibilaren jarduera “neurrizkoa” izan zela

Geure buruari galdetu behar diogu PSOEk erregularizazioari buruz hartu duen erabaki politikoak ea erantzuten dion benetako borondate bati, Europa gotorraren egitura eta atzerritartasun legeak jasaten dituenarekin enpatizatzekoari, edo 2027ko estatuko hauteskundeetara begira ezker alternatiboaren boto-emaileak arrastaka bereganatzeko asmoa duen hauteskunde-kalkulu bati. Erantzuna argia da Espainia-Maroko edo Espainia-Mauritania aldebiko bileren azken urteetako edukiari erreparatzen badiogu. Bilera horietan, Mediterraneoaren hegoaldeko polizientzat lankidetzarako laguntzen aurrekontu-partidak onartu ziren, Nouadhibou-ko portuan paterak eraikitzea eragozteko edo migratzaileen Kanarietako edo Balearretako ibilbideak eteteko. Marokoko Poliziak ehunka maliar, senegaldar eta nigeriar eramaten ditu hegoaldeko mugetara, eta Saharako basamortuaren atarian uzten ditu, beroak eta deshidratazioak jota hiltzera kondenatuta. Gainera, Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak Frontexen egituran sutsuki kolaboratzen jarraitzen dute. Erakunde horrek legez kanpoko bihurtzen ditu migrazioak, paterak drone eta txalupekin jazartzen ditu, eta Mediterraneoa itsaso zabaleko hilerri izaten jarraitzea eragotzi nahi duten giza eskubideen aldeko erakundeak zigortzen ditu.

“Historiako gobernu aurrerakoienaren” kamuflajeak ezin digu ahantzarazi PSOEk Katalunian 155. artikulua aplikatzearen eta hortik etorri zen errepresio guztiaren alde bozkatu zuela; internazional progresistaren goi-bilerek ezin dute estali PSOEk eta Sumarrek ehunka milioi euro oparitu dizkietela kapitalismo globaleko buruei, Amerika Kopa edo Ryder Cup bezalakoekin. Alokairuaren prezioen erregulazioaren adabakiak iritsi dira turismo neurrigabea sustatzen bi legealdi eman ondoren, eta expat-en etorreraren ondoren, zeintzuek enpresa transnazionalen nomina esajeratuen bidez gure auzoetatik kanporatu gaituzten. Esaten eta egiten denaren arteko kontraesan zerrenda askoz luzeagoa izan liteke, baina ondokoa ohartarazteko balio dit: ez izan kripsiaren abileziara batzeko tentaziorik, ezkerreko boto bat PSOEren boto-paper baten atzean kamuflatuta. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.