Óscar García Jurado ekonomialaria da eta Talaios kooperatiban dabil gaur egun, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen garapena eta zabalpena helburutzat hartuta. Lanari buruzko ikuspegi kritiko baten beharra sentiturik, Olatukoop sareko Leire Udabe, Gorka Julio eta Beñat Irasuegirekin elkartu eta Lan desiragarriak. Gure lan desiragarriaren bila, dominazioaren eta emantzipazioaren artean liburuxka ondu berri dute. "Lan desiragarriak" kontzeptuari begira jarri gara, proposamen politiko edota alternatiba horren nondik norakoak hobeki ezagutzeko asmoz.
"Bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu lanaren iruditerian eragitea", diozue sarreran. Egia da lanaz galdetu eta enpleguarena etorri ohi zaigula gogora, ekonomia kapitalistak beharrezkoa duen antolaketa hegemonikoarekin. Zer da beraz lana? Nola ulertzen duzu zuk lana?
Modu sinplean eta, agian, ez oso akademikoan erranda, bizitzari eusteko balio duen edozein jarduera uler dezakegu lan gisa.
Lanari buruzko teorizatzaile andanaren gogoetak bildu dituzue liburuan. Ohartzen gara lanari buruzko hausnarketa kritikoa egon izan dela aspaldian.
Bai, lan hau bultzatu dugunontzat garrantzitsua zen askotariko begiradak jasotzea; horrek proposamena aberasten zuela iruditzen zitzaigun. Behin lanean hasita, proposamen interesgarriak agertzen hasi zitzaizkigun. Gai aberatsa da, alta gizarteko sektore zabaletan ia ez da eztabaidatu ere egiten horretaz. Horregatik, irmoki sinesten dugu lanari buruzko hausnarketa kritiko baten beharra dagoela, eta gaur egun nagusi den sistema sozioekonomikoari buruzko ikuspegi kritiko batetik lan egiten eta pentsatzen dugun kolektibook badaukagu zer errana.
Zergatik dator orain Lan desiragarriak liburua.
Liburuaren idazketan parte hartu dugunok mugimendu kooperatibokoak gara, eta Ekonomia Sozial Eraldatzailearen ikuspegitik gabiltza. Gure egunerokotasunean ikusten dugu pertsona askoren lan-helburua dela segurtasuna eta bizi-iraupenerako balio duten beste elementu batzuk bilatzea. Hori oso garrantzitsua den arren, osatu gabea iruditzen zaigu. Hau da, bizitzan denbora gehien eskatzen digun jarduera izanda (lo egiteaz aparte) beste zerbait gehiago bilatu behar dugula uste dugu. Oso garrantzitsua iduritzen zaigu laneko segurtasunak ematen digun biziraupena bilatzearena, baina beharrezkoa da helburu hori imajinatzea bizitza-ikuspuntu batetik beteko zaituzten jardueretatik. Eta testu hau plazaratu dugunontzat, gure kooperatibetako lanak errenta baino askoz gehiago ematen digu. Askoz gehiago. Eta hain justu, “askoz gehiago” hori da testu labur honetan bilatzen, aztertzen eta erakusten saiatzen garena.
Diozue ez dela nahikoa aberastasun gehiago sortzea, baizik eta zehaztu egin behar dela zer den aberastasuna, eta beste modu batean sortu behar dela. Mark Fisherrek dioenez, "kapitalismoak beti eta ezinbestean blokeatzen du aberastasun komun baten ekoizpena". Aberastasun komun hori da lortu behar duguna?
"Autonomia handiagoa daukagun pertsonoi dagokigu lan egitea, kooperatzea eta kolaboratzea, baldintza kaxkarretan direnei bidean laguntzeko"
Fisherren gogoeta, edo hobe erranda, bere obra interes handikoa iruditzen zaigu. Kapitalismoak eskasia sortzen du, eta hori kapitalak funtsezkoa du irabaziak lortzeko bidean. Gainera, etekinak lortzeko estrategia horietan, beharrezkoa izan zaie kolektiboa eta komuna den oro haustea, eta ahalik eta lotura gutxien dituzten pertsonen gizarte batera eramatea. Kapitalismo osteko proposamenekin lotura horiek berrabiarazi behar ditugu; horrela, bizitzari eusteko eta hobeto bizitzeko balioko duen aberastasun komunak bermatzeko.
Zer da lan desiragarri bat? Nola bihurtu dezakegu desiragarri lana?
Ez dugu guztiz argi. Liburuak ez du errezetarik ematen, nolazpait zure lan desiragarria eraikitzeko ideiak biltzen ditu. Nire ustez, lan desiragarriak ume baten hazkuntzak ematen dizun guztia eman beharko lizuke. Maria Miesen [soziologo feminista, alemaniarra] ekarpena da hori, izugarri gustatzen zaizkit bere gogoetak. Sufrimendu uneak egon daitezke, noski, baina aldi berean, soldata duina, malgutasun maila onargarria edo enpleguari lotutako eskubide sozialak jasotzea baino zerbait gehiago da lan desiragarria. Egiten duzun jardueran aitzina egin eta ez jakitea lanean ari zaren ala ez, zure une militantea den ala ez, zure aisialdi unea den ala ez, agian hori da lan desiragarria. Lan desiragarriaren bilaketak zerikusi handia du gizarte moderno kapitalistaren dualismoen ezinbesteko hausturarekin.
Zer erran nahi duzu horrekin?
Funtsean, dualismoak hautsi nahian dabilen ekonomia feministaren ikuspegian oinarritzen gara, dualismoek osatu baitute gure gizarte-ikuspegia. Eta zentzu horretan, lana duintzen edota gozatzen duen zerbait bezala ikusia da, edo alderantziz, tortura den zerbait bezala. Kontsiderazio sinplista horretatik atera nahi gara. Gure ustez, lana konplexuagoa da, une batzuetan gustukoa ez den ahalegina eskatzen duena, eta, beste une batzuetan, zoriontasun-uneak sortzen dituena. Horren adibide garbia da Maria Miesek aipatzen digun haur baten hazkuntza-lana.
Denboraz anitz hitz egiten da liburuan. Denbora librea berreskuratzea eta hortik askatasuna, bada lan desiragarrien helburuetariko bat?
Denbora librearen kontzeptua oso garrantzitsua da. Ezin da askatasunik egon denborarik gabe. Logikoa da, ez? Beharrezkoa duguna asetzeko beharrezkoa ez dugun denbora bilatu beharra dugu, gure bizitzak hobetzeko bidean. Kapitalismoak ez du nahi helburutzat izatea denbora librearena; kontsumitzaileen kasuan, erabilpenaren maximizazioa eta enpresen kasuan, irabazien maximizazioa, horra zer nahi duen. Gisa horretara dena jartzen delako kapitalaren metaketaren zerbitzura –ekonomia kapitalistaren helburu bakarra dugunean hori–. Ekonomia postkapitalista batek beste helburu batzuk bilatu behar ditu, gureari dagokionez, bizitza mantentzea eta hobetzea, eta helburu horretan betebehar material orotatik libre dagoen denbora lortzea funtsezkoa da. Logika kapitalistatik urrun dauden helburu horien barruan kokatu behar dugu lana, edo hobeki erranda, lanak.
Liburuaren beste ekarpen bat: "Errepublika kooperatibistarena" edo "lanaren Errepublikarena". Azalduko diguzu zer den proposamen hori?
Alexander Gourevitchen La República Cooperativista [Errepublika Kooperatibista] liburuan oinarritu gara, XIX. mendeko AEBetako langile errepublikarren pentsamenduaren analisia egiten da. Horientzat soldatapeko lana ia-ia esklabo lanaren jarraipena zen, eta lan autogestionatu kooperatiboaren bidez soldatapeko sistemaren abolizioa zuten helburu. Ekonomia nazional emantzipatua litzateke nolazpait erranda "Errepublika kooperatibista” edo “Lanaren Errepublika"; zeinetan langile guztiek lituzketen enpresen gaineko jabetza- eta kontrol-eskubideak. Errepublika hori ekoizpen eta kontsumo kooperatiba interdependenteen ekonomia izango litzateke, langileek zuzendutako jabetza kolektiboko erregimen baten pean antolatuta. Ekonomia kapitalista legitimatzen ez duen eta bokazio eraldatzaile argia duen ekonomia soziala bultzatu nahi dugunontzat ideia oso iradokitzailea da hori.
Kooperatibismoa Ekonomia Sozial Eraldatzailearen parte da. Errazago lor daiteke lanaren irudikapen eraldatzaile hori sektore horretatik?
Guri kooperatibismoez hitz egitea gustatzen zaigu, pluralean. Ekonomia sozialez hitz egiten den bezala. Kooperatibismoa forma juridiko bat da, gaur egungo ekonomia kapitalista legitimatzen duen enpresa bati estaldura eman diezaiokeena. Kooperatiba izateagatik ez duzu ia ezer ezberdin bermaturik. Horregatik, kooperatibismo eraldatzaileaz edo ekonomia sozial eraldatzaileaz hitz egiteko beharra sentitzen dugu. Izan ere, horrela, hobeto barnebiltzen dugu ekoizpen unitate ekonomiko zehatz bat, bestelako helburuak dauzkana eta kapitalistak ez diren jabetza, lana eta balioa ulertzeko bestelako moduak dauzkana. Beraz, kooperatibismoak ez du a priori ezer ziurtatzen, ez onerako ez txarrerako.
Nola lortu daiteke hori gaur egungo jendarte kapitalistan? Batek baino gehiagok pentsatu dezake proposamen utopiko bat dela.
Nik utopikoa eta kimerikoa bereizten ditut. Kimerikoa ezinezko zerbait da, sistema kapitalistaren jarraipena bezala. Utopikoa oraindik existitu ez, baina existitu daitekeena bezala ulertzen dut, Errepublika kooperatibistaren gauzapena bezala. Zaila zaigu irudikatzea, kapitala eta boterea esku oso gutxitan metatua baitira, baina ez da ezinezkoa. Bere egingarritasunean pentsatzea, eta ez kimera bat dela pentsatzea, horretan daukagu bidea. Ariketaren zailtasunak arintzeko funtsezko osagaia da hori. Lan komunitate autogestionarioak sortzea, non erabakiak demokratikoki hartuko diren; kontsumoa ekoizpen bideragarrira egokitzea –eta ez alderantziz–; pertsona guztien beharrak asetzea bilatzea... ez da zentzugabekeria. Zentzugabekeria litzateke alternatiba horiek kontuan ez hartzea.
Pribilegiatuen proposamena dela pentsa dezakete halabeharrez lan edota bizi baldintza prekarioetan aitzina egin beharrean dabiltzanek.
Esplotazio edo menderatze posizioetan dauden pertsonei zerbait exijitzea boterearen estrategia bat da, biktimaren erruduntasunean laburbiltzen dena. Oso zabalduta dagoen estrategia da. Gure ikuspegitik, autonomia handiagoa daukagun pertsonoi edota denbora hartu dezakegunoi dagokigu lan egitea, kooperatzea eta kolaboratzea, baldintza kaxkarrenetan direnei bidean laguntzeko. Gure jarrera ez da esplotatuta dagoen norbaiti errua botatzea, erratea irtenbideak daudela eta ez duela aldatu nahi. Alternatibak eraikitzeko lan politikoa egitean datza gurea.
Lan desiragarrien proposamena lantzen eta plazaratzen dabil ESE Ekonomia Sozial Eraldatzailean dabilen Olatukoop sarea. Lan desiragarriak. Gure lan desiragarriaren bila, dominazioaren eta emantzipazioaren artean liburuan [Olatukoop, 2025 ekaina] jasotzen ditu gogoeta horiek, eta Maiatzaren Lehenaren kari ere berretsi egin du bere irakurketa: "Guk lan burujabeak sortu eta garatu nahi ditugu, ekoizpen baliabideak elkarrekin kudeatzeko, bizitza bizigarriak eta lan desiragarriak denontzat aukera eta errealitate material izan daitezen, eta etorkizun etsigarrien aurrean eguneroko lanak esperantza militante baterako abiapuntu izan daitezen. Langile burujabeak gara, eta lanaren ikuspegi osoago bat zabaldu nahi dugu, herrigintzaren eta zaintzaren esparruko lanek duten balio sozial eta material guztiarekin aitortuko dituena". Hori irakurri daiteke aurtengo langileon borroka egunaren kari ondutako agirian.
Lan baldintza horiek pertsona guztiei zabaltzeko bidean, langileen arteko elkartasuna beharrezkotzat du Olatukoopek: "Ezin da lan eta bizitza hobeak izatea espero elkartasunik gabe, eta horregatik aukerak denontzat zabaltzeko bideak lantzeko deia egiten dugu". Hori horrela, langile prekarizatuei lan burujabeak izateko bidea egiten lagundu beharra nabarmentzen du ESEko sareak, "lan duinetatik abiatuta bizi proiektu osoak eraiki ditzaten". Zentzu horretan, bere baitako kooperatibak eta proiektu komunitarioak moldatzeko engaiamendua ere hartzen du Olatukoopek, langile etorkinentzako "harrera bide eta komunitateetan finkatzeko tresna izateko". Horrela garatuta dago proposamena: "Kapitalaren tresna eta mota guztietako beldur atzerakoien eraikuntzarako aitzakia izatetik, lan eta bizitza desiragarriak eraikitzeko subjektu izango gara langile guztiak". Bide beretik, soldatapeko langileen eskubideen alde egiten duela ere oroitarazten du sareak, besteak beste, gutxieneko soldatak guztien artean eta Euskal Herritik erabakitzeko aldarrikapenarekin bat eginda, eta soldata altuenak mugatzeko proposamena plazaratuta. Hori zergatik? "Lanak sortu, eraldatu, eta elkarbanatzeko gaitasuna langileona delako".
Jarrera atzerakoiak eta faxismo globala indartuz doazen gaur egungo testuinguru soziopolitikoan kokatzen du bere irakurketa Olatukoopek. Hain justu, horregatik ere zaio beharrezkoa herri eta komunitateen kohesioa indartzearena: "Egunerokotik eginez, ideia eta praktika berriak ditugu eskuartean, eta langileon antolaketa gaitasuna izango da denok ikusten dugun herrigintza eta tokiko ekonomiako errelebo; krisiari aurre egiteko modu eraginkorrena". Adibideak ez ditu eskas: komunitatearen eta lurraldearen araberako lan burujabeen sorrerak; landa, auzo eta herrien husteari aurre egiteko tresna kooperatiboen garapena; baliabide materialak kolektiboki jabetu eta kudeatzeko tresnen sorrerak, eta beste.
Begirada mundu mailara zabalduta, gerraren testuinguruan ere txertatzen du bere irakurketa Olatukoopek, testuinguru beltz horri emandako erantzuna ere badelako "esperantzaren eta bizitzaren alde eginez, lana modu militante eta diziplinatuan antolatzearena".
Euskaraz lan egiteko aldarria eta nahia ere erdigunean kokatu ditu Maiatzaren Lehenari begira idatzitako agirian. Azken aldian biderkaturiko jarrera euskarafoboak jomugan hartuta, zera dio Olatukoopek: "Zenbait langileren ustezko eskubideen defentsaren aitzakiarekin kontrako estrategiak legitimatu nahi dituzte, eta horretarako gure lan komunitateak euskaldun izateko oztopoak jarri eta hizkuntza hegemonikoekin bikain moldatzen den kapitalaren aldeko pribilegioak mantentzen dituzte, izaera kontserbadoreko estrategia antolatuekin".