Metafilmak


2026ko apirilaren 29an
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Adaptation  (Egokitzapena)
Spike Jonze (2002)

Zer: Filma
Herrialdea: AEBak
Iraupena: 114 minutu
Non ikusi: Movistar Plus

--------------------

Atsegin ditut sorkuntza prozesuari buruz hitz egiten duten lanak. Ez dakit badagoen genero espezifikorik lan mota honi izena ematen dionik; metalanak edo halako zerbait deituko diet, nahiz eta termino egokiena izan ez, agian. Paolo Sorrentinoren film askotan agertzen dira sorkuntza prozesuaren inguruan hausnartzen eta prozesu horrekin sufritzen duten pertsonaiak: Jep Gambardella La Grande Belleza-n (Edertasun gorena), Fred Ballinger La Giovinezza-n (Gaztetasuna), edo Fabietto Schisa −Sorrentinoren beraren gaztaroaren erakusle− È stata la mano di dio-n (Jainkoaren eskua izan zen). 

Lan horietan sorkuntza prozesuarekin korapilatzen dira bizitzaren eta beste hainbat gai filosofikoren inguruko hausnarketak: protagonista bere arteari forma ematen saiatzen da, bizitzan ikusten eta ikasten doanaren arabera, bi argumentu lerroak elkarri lotuta. Ondo eginez gero, metalanak dira ikusle edo irakurleak gehien hunkitzen dituzten eta hausnartzera eramaten dituzten obrak.

Adaptation metalana da, baina, aldi berean, guztiz desberdina eta originala. Ikuspegi serio eta hausnartzekoa eskaini beharrean, komediatik abiatzen da Charlie Kaufman-ek idatzi eta Spike Jonze-k zuzendutako filma. Bertan, Charlie Kaufman (Nicolas Cage) da protagonista, ikus daitekeen bezala, gidoilaria bera: metafilmaren izatea agerian geratzen da. Kaufmani bizitza errealean The orchid thief (Orkidea lapurra) Susan Orleanen liburua egokitzeko eskatu zioten, baina liburua bera moldatu beharrean, moldaketa prozesuaren inguruko gidoia idatzi zuen; xelebrea gure Charlie.

Adaptation pelikula berezia da, argi dago; baina, are bereziagoa, pelikularen gidoian Susan Orleanek berak bere liburua idazteko egin zuen prozesuaren inguruko fikziozko istorio bat tartekatzen baita. Agian, argumentuak korapilatsua dirudi, baina ez da horrenbesterako izatez. Kontua da gidoia oso ondo idatzita dagoela, eta, horri esker, ikuslea adi badago, aise ulertzen dira istorioaren nondik norakoak. 

Susan Orleanek (bizitza errealekoak) hasieran ezetz esan omen zion pelikulari gidoia irakurri zuenean, baina azkenean proposamenaren berezitasunak konbentzituta-edo, onartu egin zuen –bideo honetan ikus daiteke Susan bera filmaren inguruan hizketan.

Gidoiaren inguruko spoiler handiegirik egin nahi ez dudanez, filma ikustea gomendatzen dizuet, eta, ondoren, bideoa ikusi eta Wikipedian filmaren inguruko bitxikeriak irakurtzea. Izan ere, Oscar sarietan ere xelebrekeriaren bat gertatu zen Charlie Kaufmanek eta bere “anaiak” irabazitako sariagatik, adibidez. Originala, dibertigarria eta desberdina da Adaptation: guztiz meta


Irakurri gehiago: Ikus-entzunezkoak Komunikazioa
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.