Aurten ere kukuak ez du kantatu. Ez oraino. Eta segur aski ez du kantatuko gure lurraldean. Berez, ez da gauza berria. Iragan urtean ez genuen kukurik entzun, aitzineko bizpahiru urteetan ere ez. Senideei eta lagunei galdeturik, ezetz diote, ez dutela entzun, eta entzunen balute, aski deigarria litzaiekeela ohartzeko, ustez, ez liekeela ihes eginen gertakariak.
Normalki, martxoaren erdialdetik aitzina heldu behar litzateke kuku migratzailea ugalketa-lekuetara, gehienetan apirilaren hastapenean, hostoak hazten hasten direnean: hosto gazteek beldarrak eta beste larba batzuk erakartzen dituzte, eta horiek, aldi berean, kukua eta beste hegazti batzuk. Kukuak intsektu mota guztiak jaten ditu, baita larbak, harrak eta batez ere beldarrak ere; prozesio-beldarra du janaririk gogokoena. Oihan eta belardi inguruetan egon ohi da. Bestalde, kukua bera ere parasito zorrotza da, beti erruten ditu arroltzeak berak eraiki ez duen habietan, eta ez ditu sekulan bere umeak hazten. Hots, hori ez zaizue potreta biziki erakargarria gertatuko, eta kultura anitzetan txori mespretxatua da. Espezie higuingarria da, gisa batez.
Alta, kukurik ez egoteak ezinegon zerbait eragiten du, melankolia eta kezka nahasketa bat, maila ekologikotik urrunago, maila kulturalean. Izan ere, txori honen desagertzeak gauza anitz salatzen ditu ingurumenaren bilakaeraz: klima beroegia bihurtua zaio, hazkurri lituzkeenak desagertzen dira, habiak egiteko eta bizitzeko oihan eta pentzeak eskas zaizkio… Horrek baluke erremediorik, beste kudeaketa eta ingurumen antolaketa batera joko balitz, baina gaurkoz ez da horren zantzurik.
Kukuak kantatuko balu, gai ote ginateke entzuteko, denbora ote genuke hari behatzeko, konexiorik ba ote genuke oraino, den mendreena, naturarekin, horretarako
Txori usurpatzailearen bukaera heldu da. Alta, kukuak ordezkoak izanen ditu, izadiak ez dituelako hutsuneak maite: orain arte hemen hain zabalduak ez ziren espezieak garatuko dira. Baina drama horrez gain, guk eta gure kulturak, hizkuntzak, ingurumenarekin lotura estua dugunez, erreferentziak eta iruditeriak ere iraungiko ditu kontuak. Amildegi ekologikoaren ertzean gauden gisa berean, osin kulturalaren mehatxua ere hor da: kukua, bere izatetik eta funtzioetatik harago, erreferentzia kulturala ere delako.
Hainbat gauzatan sinesten zuten arbasoek, gauza horiek zedarritzen zuten haien bizia. Lehenagokoei kukuak ekartzen zien udaberriaren seinale, aro epelagoaren mentura, zikloaren hastapena iragartzen zuen. Kukuak sineste tipiak ere ematen zizkien: kukua entzuten zuenak sakela kargaturik, urte osoko aberastasun eta uztak segurtatuak zituen. Halaber, txori honek ipuin eta erramolde zenbait ere utzi dizkigu. Lekuko kultur espresio, erran zahar eta sinesteetan agertzen zen kukua zerk ordezkatu du hemendik aitzina? Neke izanen da jakitea kukuak si-sol kantatzen ote duen, ala fa-re. Kukua eta primadera kantuari zentzu bat ematea ez da erraza gertatuko, ez eta espresioak molde egokian kokatzea ere: "Kukua etorri, gosea etorri", "Kukuak oker jo", "Kukutik kukura"… Poesiak sufrituko du.
Dena den, kukuak kantatuko balu, gai ote ginateke entzuteko, denbora ote genuke hari behatzeko, konexiorik ba ote genuke oraino, den mendreena, naturarekin, horretarako. Eta gisa bera enarei, zuhaitzei, iturri galduei, hurkoari…
Garai krudelak gureak, hurbiletik urrunera, tipitik handira, hemendik eta haraino.
«Morala da bizitza bera, landareena eta animaliena zein gizakiena, sakratua zaionean bakarrik, eta ahal den neurrian larrialdietan dagoen bizitza guztiari laguntzen saiatzen denean».
(Albert Schweitzer, 1931)
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.