argia.eus
INPRIMATU
2026ko apirilaren 29a
Heriotzari begira

Artikulua erdi idatzia nuen: energiaren arloan bisioen eta lehentasunen arteko gatazkak; titularretan jasotako berri eta erreferentziez hornituta. Baina sinetsita nago idatziak ederragoak direla bihotzak idaztea eskatzen dizunean. Eta gaur, lagun min baten aitaren beilatokian egon ondoren, heriotzaz hitz egiteko beharra sentitu dut. Ez da ohikoa ekonomia ardatz duen zutabean heriotzak presentzia izatea, eta akaso, hori ere bada heriotzarekin daukagun ezinikusiaren beste isla bat.  

40 urte bete nituenean, aitaren faltan, amak abisatu zidan: aitak neure anaiekin egin bezala, San Felipe Elkarlaguntza elkartean alta emango zidan, ados banengoen. Ordura arte, gurasoen bazkidetzarekin neure heriotzako tramite eta gastu mardulak estalita nituen. 40 urteek, baina, horretan ere inflexio puntua sortzen dute.

Zerbitzu merkantilistak baino, irabazi asmorik gabeko elkarte bat osatzeak badu zentzua. Zabaltzen ditu aukerak erritu kolektiboen faltan, elkartasun sare baten laguntza izateko. Etxekoak hiltzen zaizkigunean, prozesuen kudeaketak moduko gauza astun eta hotzetan baino, hobe gaudelako geure ingurukoak eta geure buruak zaintzen

Irabazi asmorik gabeko elkarte hau 1898an sortu zen, eta gaur egun 12.000 bazkide mutualistek osatzen dute. Funtsean, heriotzaren orduan ehorzketak eta lekualdatzeak eragindako gastuen estaldura eskaintzen du, baita prestazio ekonomikorako eta familiei laguntza emozionalerako sarbidea ere. Hiltzea ez delako doakoa. Ondo dakite aseguru etxeek eta bankuek, eta horregatik eskaintzen dizkigute zerbitzuok.

Zerbitzu merkantilistak baino, irabazi asmorik gabeko elkarte bat osatzeak badu zentzua. Zabaltzen ditu aukerak erritu kolektiboen faltan, elkartasun sare baten laguntza izateko. Etxekoak hiltzen zaizkigunean, prozesuen kudeaketak moduko gauza astun eta hotzetan baino, hobe gaudelako geure ingurukoak eta geure buruak zaintzen.

Duela ia 130 urte Arrasaten egin bezala, bizitza ziklo osoari begiratuko dien tresna sorta sortu eta bultzatzen segi behar dugu, ezinbestean. Kontsumo kooperatibak estaltzen dituzten oinarrizko beharrak bezain oinarrizkoa delako heriotzaren kudeaketa.