Washingtonen eta Tel Aviven jopuntuan dago Iran. Bere kontrako eraso bortitzak munduko ekonomian eragin zuzena du oraintxe bertan; egoera, baina, biziki larriagotu daiteke. Zer ekar lezake aiatolen agintearen gainbeherak irandarrentzat?
Irango eta Israelgo ehunka banderak Manchester hirigunea hartu dute. Persiar errege ohiaren erretrato ugari ere badira, bai eta haren semearenak ere. Otsailaren 28an AEB eta Israelek Iran jo zutenetik, protestariak astebururo atera ohi dira kalera. Reza Pahlaviren figura aldarrikatzen dute irandarrok. Ozenki diotenez, erbestean bizi den xah-ren semea omen da alternatiba bakarra beren herrialdean.
“Erregimenak ez du luzaro iraungo eta Reza Pahlavik baino ezin du gidatu herrialdea trantsiziorantz”, dio Nazaninek. Neska gazteak ez du bere izen osoa eman nahi, ezta argazkirik ateratzea ere. Familia dauka Iranen; haien kontrako errepresaliak ekidin nahi ditu. Egia esan, ez ditu inoiz ikusi, behintzat ez aurrez aurre. Nazanin Ingalaterran jaioa da, eta oraindik ez du zapaldu gurasoen herrialdea. Azken horiek 1982an ihes egin zuten, Mendebaldeak babestutako ia lau hamarkadako autokrazia hura amaitu eta hiru urtera. Geroztik, Iran teokrazia islamiar xiita batek gobernatu du. Bortizki zigortu du beti disidentzia oro. Joan den urtarrilaren hasieran, esaterako, errepresioak milaka hildako eragin zituen. Gobernuko iturriek 3.000 inguru izan zirela zioten arren, medikuek eta kazetariek aipatutako barne-txostenek hamarnaka mila biktima jaso zituzten.
Nazaninek bere “itxaropen guztiak” jarri ditu Israelen eta Estatu Batuen eraso militarrean. Irango lider gorena Ali Khamenei eta goi mailako buruzagi ugari hiltzeaz gain, zibil asko ere desagertu dira bonben azpian. Oinarrizko azpiegitura zibila ere jopuntuan dago; erraz uler daiteke, beraz, hiru milioi laguneko barne desplazatuen kopurua. Egunerokoari eustea erronka bilakatu berri da 90 milioi irandarrentzat.
“Klerikoek beti erantzun diete indarkeriaz protesta baketsuei eta eskaera legitimoei. Tristea da, baina ziurrenik ez dago beste modurik erregimena amaitzeko”, dio gazte irandarrak, Manchester erdigunean.
Zatiketa
Otsailaren 24an argitaratutako txosten batean, Human Rights Watch GKEak salatu zuen milaka atxiloketa izan zirela urtarrilaren 8an eta 9an, “herrialde osoan egindako sarraskien ondorioz”. Jakina da klerikoen erregimenaren aurkako oposizioa handitu egin dela azken hamarkadan. 2017an eta 2019an, egoera ekonomiko kaskarrak protesta erraldoiak piztu zituen. Hasieran hobekuntzak eskatu arren, klerikoen agintea amaitzea bilakatu zen lelo nagusi. 2022 eta 2023 artean, hilabete luzez, herrialde osoa astindu zuen Emakumea, Bizitza, Askatasuna mugimenduak. Segurtasun indarrek emakume kurdu bat hiltzeak –buruko zapia ez eramateagatik– atera zuen kalera jende uholdea orduan.
Oposizioaren barruko kohesio falta, alabaina, agerikoa da oso. Reza Pahlaviren erretratua Iran barruan zein kanpoan maiz agertu arren, zatiketa da oraindik herrialdeko disidentzia hobekien definitzen duen hitza: monarkikoek, errepublikanoek, federalistek, erreformistek… guztiek dute etsai komun bat, baina ez dira gai izan elkarrekin lan egiteko.
“Askok erbestetik aurkezten dute beren burua, baina haietako inork ez du benetako babesik herrialde barruan. Pahlaviren kasuan, Israelen apustua baino ez da. Ezin ukatu erregimena utzi duten erreformista ezagun batzuk erakarri dituela, baina ez da nahikoa”, diosku Mehrab Sarjov analistak, Londres hegoaldeko bere etxean. Irango aditu balutxeak Herriaren Mujahedinak (MEK) ekarri ditu gogora. Taldea 1965ean sortu zuten ezkerreko ikasleek. 1979an, islama eta marxismoa uztartzen zituen mugimendu armatuak Mohammad Reza Pahlaviren erorketan lagundu zuen. Antolakundearen lidergoa Parisen dago 1981etik.
“Oso antolatuta daude Iran barruan, gobernuaren gaineko ezagutza sakona daukate eta infiltrazio maila handia haren koadroetan. Aldi berean, sabotaje ekintzak egiteko gai direla maiz erakutsi dute. Aski errotuta badira ere, Washingtonek eta Tel Avivek baztertu egin dituzte”, dio Sarjovek. Egoera, baina, askoz konplexuagoa da. Egia da persiar gehiengoak populazioaren erdia osatzen duela, baina herrien mosaiko hutsa da: azeriak, kurduak, balutxeak eta arabiarrak herrialdeko gutxiengo handienak badira ere, askoz herri gehiago dira beren oinarrizko eskubideak ukatuta dauzkatenak.
Sarjovek, hain zuzen, “periferiaren aniztasunari eta persiar zentroaren arteko lehiari” erreparatu dio. “Gutxiengoen artean, kurduek eta balutxeek deszentralizazioa eskatzen dute, nolabaiteko eredu federal bat. Nolanahi, ez aiatolek, ez Pahlavik, ez MEKek, ez eta persiar nukleo horretako gehiengoak ere ez dute, inondik ere, aukera hori baloratzen”.
Nola marraztuko lirateke entitate federal berrien mugak? Irizpide etnikoei eutsiz? Muga historikoak ardatz? Geografia oinarri? Adostasunik eza dela eta, adituak iraupen luzeko indarkeria pasarte bat aurreikusten du: “Aurtengoan, edo datozen urteotan, erregimena eroriko da, deus ez baita betirako. Hori gertatzen denean, Libia moduko egoera bati aurre egin beharko diogu, zeinean bakoitza lurraldearen kontrol handiena lortzen saiatuko den. Gerra zibila saihetsezina izango da Iranen”.
Ziurgabetasuna
Oraingoz, Washingtonek eta Tel Avivek epe laburreko estrategiari eutsi diote: AEBetako presidente Donald Trumpen diskurtsoa maiz kontrajarria bada ere, erregimena bonbardaketa kanpaina bidez eraistea omen da helburua. Mundu osoko analistek ohartarazi dute estrategia horrek ez duela inoiz funtzionatu halako helburuetarako. B plan bat ere mahai gainean jarri zen. Iragan otsailean, CNN eta The New York Times-en hitzetan, gerrilla kurdua armez hornitzen ari da CIA agentzia. Balizko lurreko eraso batean parte hartzea izango zen horren helburua.
Aurten sortu da Irango Kurdistango Indar Politikoen Koalizioa. Bost alderdi klandestino biltzen ditu eta denek gaitasun militarra daukate. Oraingoz ez dira Washingtonen ustezko plan horren alde agertu, baina bai berretsi dute “erregimena eraisteko eta eskubide demokratikoen alde borrokatzeko asmoa”, autodeterminazioa barne. Koalizio kurdua prest agertu da “beste aktore batzuekin lankidetzan aritzeko”, Irango azerbaijandar taldeak tartean. Deigarria da oso, aspaldikoak baitira kurduen eta azerien arteko lurralde liskarrak herrialdearen ipar-mendebaldean. Herri biek aldarrikatzen dituzte Urmia hiria edota barne-muga horretako hainbat herri eta paraje.
Dünya Basol Israelgo Bar-Ilan Unibertsitatean Ekialde Hurbileko Ikasketetan doktorea da. Irango kurduei buruzko tesi baten egilea da turkiar hau. Ez da baikor agertzen. “Persiarren presioak etengabe hauspotzen du Irango turkiar nazionalismoa. Bestalde, lotura etniko estuak daude Azerbaijan eta Turkiako errepublikekin, eta ez ditzagun ahaztu Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko dinamika konplexu horiek”, azaldu du Basolek, telefonoz Ankaratik.
“Bai azerbaijandarrak bai kurduak beren barne-mugak modu maximalistan marrazten hasi dira. Horrela, elkarrizketarako eta bizikidetzarako dei hutsak ez dira gai izango haien arteko gatazka saihesteko”, berretsi du adituak. Dioenez, gatazka etnikoa herrialde osora zabal zitekeen. Turkiarrak zera gogorarazi du: 1979ko iraultzaren ondoren barne gatazka etnikoak piztu ziren. Iraken kontrako gerrak (1980–1988) baino ez zituen isilarazi.
“Argi daukat barneko muga etnikoak marraztuko direla. Populazioa nahastuta dagoen hiri handietan dago gakoa: nola kudeatuko da hori?”, azaldu du analistak. Iranen etorkizuna “aurreikus ezina” delakoan dago. “Erregimena erortzen bada, gobernu sendo batek bakarrik saihestu ahal izango du anabasa. Oraingoz, ez dirudi Pahlavik ez beste aukerek hori lortzeko gaitasunik dutenik”.