Desberdina maitatu


2026ko apirilaren 29an
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Galdutako robota 
Joe Todd-Stanton
Itzultzailea
Manu lopez gaseni
Andana, 2025

---------------

Joe Todd-Stanton ilustratzaile ingelesaren lehen obra euskaraz, Peru sagutxoa (Ttarttalo, 2022) albuma izan zen, eta orain, Valentziako (Herrialde Katalanak) Andana argitaletxeak ekarri digu bigarrena: Galdutako robota

Egileak robot baten istorioa eskainiko digu, zabortegi batean esnatzen den robot txiki batena: Mio-rena. Hasieran ez du ulertuko zer egiten duen han: “Ezin zuen gogoratu nola iritsi zen hara, baina bazekien hura ez zela zegokion tokia. Eta ibiltzen hasi zen”. Robota zabortegitik herrira iritsiko da, eta hango ezerk ez dio ezer gogoraraziko, harik eta haur baten irribarrea ikusi arte. Orduan gogoratuko du mutiko baten oparia izan zela eta harekin aritzen zela etengabe. Robot berriago bat agertu zen arte… eta gero, ezer ez, iluntasuna eta zabortegia. Mutikoaren etxera iritsi eta robot berriarekin jolasten ikustean, Mio robota zabortegira itzuliko da; han egunak, hilabeteak eta urteak pasako ditu harik eta neska batek eta haren amak hartuko duten arte. Konponduko dute, eta bizitza berria hasiko da Miorentzat.

Album honetan irudiek pisu handia dute. Estilo errealistan, detaile askorekin, kolore biziak erabilita eta, batez ere, espazioarekin jolastuta, egileak ideia batetik bestera garamatza istorioan zehar. Bi orri hartzen dituzten irudien ondoan orri erdiko lau irudi edo laurdeneko zortzi izango ditugu, tramari geldotasuna edo azkartasuna emateko, irakurle/ikuslea robotaren gogoeten edo errealitatearen erritmora eramanda. 

Album bitxia dugu hau, protagonista robota delako, desberdinen aldeko aldarria dugulako, kontsumismoaren kritika agertzen zaigulako eta adiskidetasunaren aldeko oihua badelako. Alde horretatik dugu album indartsua, ongi narratua, hitzek eta irudiek irakurlea goxo-goxo eramaten dutena sentimendu batetik bestera, errealitate gordin eta zakarretik maitasun eta adiskidetasun egoerara. Oso lan aproposa irakurtzeko, baina baita haur txikiei kontatzeko ere. 

 


Irakurri gehiago: Liburu kritikak Kultura Literatura
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.