Orain dela bi urte inguru torturak jasandako emakume militante talde batek hausnarketa prozesu bat abiatu zuen, Emagin elkartearekin batera, eta ondorioak gizarteratzeko lanean ari dira jada. Ariketa kolektibo horren emaitza den Sorginak, putak, terroristak. Indarkeria matxistaren ertzak: tortura politikoa (Txalaparta, 2025) liburua argitaratu du Olatz Dañobeitiak (Lekeitio, Bizkaia, 1976) urrian.
Liburuak jasotzen du gako nagusia: tortura politikoa eta sexu-tortura politikoak indarkeria matxisten testuinguruan kokatzen dituen analisi markoa. Tortura feminismotik erreparatu jardunaldia egin zuten otsailaren 7an. Iratxe Retolaza (Donostia, 1977) da Emagineko talde eragileko kideetako bat. Dañobeitiarekin eta Retolazarekin hitz egin dugu beraien proposamenaz eta torturaren inguruko begirada feminista eraikitzeko prozesuaz.
Gatazka politiko eta armatuetan genero indarkeriarako abagune bereziak sortzen dira. Estatuak beste testuinguru batzuetan baino errazago eta intentsitate handiagoz bihurtzen dira indarkeria matxistaren perpetratzaile. Sexu-indarkeria estatuek errepresiorako erabiltzen duten tresna bat gehiago izaten da, baina baita beste bortxakeria mota batzuk ere. “Emakumeak espazio politikotik kanporatzeko mota askotako indarkeriak erabiltzen dira: espetxea, polizia infiltrazioak… Baina sotilagoak ere bai: fisikoarekin eta sexualitatearekin lotutako irainak, bizitza pribatuarekin… Mila adibide ditugu gaur egun ere; sare sozialetan ikaragarria da”, azaldu du Olatz Dañobeitiak. Txilen sortutako genero indarkeria politikoa kontzeptua erabili dute errealitate hori izendatzeko: “Indarkeria politikoak eta indarkeria matxistak bat egiten duten lekua da”.
Mekanismo horietako bat da tortura, eta, zehazki, sexu-tortura. Jakina denez, historia luzea du Euskal Herrian. Kriminologiaren Euskal Institutuak gutxienez 5.379 tortura kasu erregistratu ditu 1960 eta 2014 bitartean. Euskal Memoria Fundazioak, berriz, 9.600 kasu ditu dokumentatuta. Eta gehiago dira, gutxienez 1936tik. Nafarroako Gobernuak sustatutako ikerketak, bestalde, 660 emakume torturatu identifikatu ditu azken mende erdian. Horrek esan nahi du gutxienez hilean emakume bat torturatu dutela batez beste. Ikerketa ofizialek genero ikuspegia bereziki landu ez badute ere, erregistratu dutenez, emakumeei itotze lehorra edo poltsa gehiago aplikatu diete, tortura psikologikoa intentsitate handiagoz egin diete, atxiloketa baldintza okerragoetan eduki dituzte eta sexu-tortura gizonei baino gehiagotan egin diete.
Zenbakiez harago, dozenaka dira testigantza eman duten militante emakumeak, eta herri mugimenduek eta talde feministek ere salatu izan dute komisarietan (eta kanpoan) indarkeriaren izaera matxista: tortura sexista, emakumeen aurkako errepresioaren ezaugarriak... Dañobeitiak jaso du genealogia hori guztia, 1974an Eva Foresten tortura salaketatik hasi eta 2020ko hamarkadako hainbat ekimen feminista barne (esaterako, Iratxe Sorzabali babesa ematekoa). Tartean, errepresioaren izaera matxista azaleratu zuten hamaika ekimen, jardunaldi, txosten eta salaketa bildu ditu, osatzeko dagoen kronologia batean.
Marko feministaren beharra
Euskal gatazka armatuaren inguruko jardunaldi batean nabarmendu zuten hainbat partaidek, orain dela urte batzuk, indarkeria politikoa eta tortura feminismotik lantzeko beharra. Nafarroako Torturatuen Sarea egituratu zenean, tortura jasandako zenbait emakume Emaginekin jarri ziren harremanetan, prozesu horri ekiteko. “Sentitzen zuten torturari buruz esaten diren gauzek ez zietela guztiz balio bizi zutena azaltzeko, ez horri aurre egiteko erabili behar izan dituzten estrategiak izendatzeko ere; hausnarketa hori kolektibizatzeko ariketa bezala egiten ari gara prozesu hau”, azaldu du Iratxe Retolazak.
Horretarako, talde zabal bat osatu zuten. Besteak beste, tortura edo haren mehatxua jasan dutenek hartu dute parte, torturaren aurkako taldeetan egon direnek, torturatuak artatu dituzten psikologoek, abokatuek, ezker abertzaleko militanteek eta militante ohiek, gazteek... Retolazaren hitzetan, bidea ez dute torturatuek bakarrik egin behar: “Komunitate osoari dagokio pentsatzea zer izan den tortura komunitatearentzat berarentzat, ez bakarrik bizi izan duten pertsonentzat, tortura komunitate oso baten kontra aplikatu zutelako, sistemari aurka egiten zion mugimendu politiko bat eteteko”.
Iratxe Retolaza: "Sentitzen zuten torturari buruz esaten diren gauzek ez zietela guztiz balio bizi zutena azaltzeko, ez horri aurre egiteko erabili behar izan dituzten estrategiak izendatzeko; hausnarketa hori kolektibizatzeko ariketa bezala egiten ari gara prozesu hau"
Bidelagun izan zuten lanketa horretan Dañobeitia, Ezker Abertzaleko emakumeen militantzia eta errepresioa ikertzen ari baitzen orduan. “Bi munduren artean” mugitu dira, Dañobeitiaren arabera. Alde batetik, gaia mugimendu feministaren agendan lehentasunez kokatzeko beharra sentitzen zuten. Mugimendu heterogeneoa da politikoki, eta ziur aski horregatik, erronka izan da torturari buruz hitz egitea. Bestalde, torturaren aurkako mugimenduak ere interpelatu nahi dituzte, tortura indarkeria matxista ere izan dela aitortu dadin.
Torturatuak izan diren emakumeek eta komunitateak zer entzuketa marko behar dituzten pentsatzea ere izan dute helburu. Izan ere, kontatzen dutenez gain, entzuten duten lekukoek ere egon behar dutela azpimarratu dute, eta lekuko hori, neurri batean, euskal gizarte osoa dela diote. Azken batean, tortura sexista aspalditik salatu den arren, zein izan da euskal gizarteak hori ikusteko izan duen ahalmena? Dañobeitiaren arabera, markoak sortu egin behar dira errealitate batzuk ikusgarri egiteko: “Horregatik, gizartearen entzuteko baldintzetan eragin nahi dugu, interpretazio markoetan, entzunak eta ulertuak izan gaitezen; bestela indarkeria errepikatzen delako”.
Torturaren definizio funtzional baten bila
Nahita eragindako muturreko sufrimendu fisiko zein psikologikoa da tortura, deshumanizazioa helburu duena, pertsonaren borondatea ezereztea. Baina fenomeno beraren parte dira posible egiten duen testuinguru politiko, judizial eta soziala ere bai. Hau da, ez da bat-bateko bortxa, eta ez da ausaz gertatzen. Lotura zuzena du estatu egiturekin. Ezagutza multzo baten emaitza da, eta beste edozein jakintza bezala entseatu, sistematizatu, perfekzionatu eta transmititu egiten da. Liburuan jaso dutenez, lau dira torturaren helburuak: judiziala (autoinkulpazioa lortzea), berrezitzailea (militantzia edo hautu ideologiko/kulturalak alde batera uztea), punitiboa (zigorra eta mendekua) eta azpiratzea (tortura aplikatzen duenaren edo bere proiektu politikoaren nagusitasuna ezartzea). Torturaren azken helburua, beraz, ez da informazioa lortzea, mugimendu bat gelditzea baizik, kriminalizatuta, desnormalizatuta eta isolatuta. “Torturak herri honetako kultura politikoan izan duen eragina ikertu beharra dago oraindik”, dio Dañobeitiak.
Olatz Dañobeitia: "Torturak herri honetako kultura politikoan izan duen eragina ikertu beharra dago oraindik”
Norbanakoentzat ere, inkomunikazio alditik haragokoa da torturaren itzala. Tortura hasten da, Dañobeitiaren esanetan eta Joxe Azurmendiren hitzak ekarrita, “komunitate bat torturagarri” bihurtzen denean. “Komunitate bat deshumanizatzen dute eta legitimo bihurtzen da hari edozer egitea. Beraz, kolektibo osoak sentitzen du mehatxua eta bizi da izuaren pean. Horrek diziplinatu egiten du, baldintzatu egiten ditu jendearen erabakiak, bizitza, harremanak... Horrek ere apurtu dezake pertsona”.
Torturaren osteko aldian ere, torturak gorputzean eta gogoan jarraitzen du, mina eragiten du, trauma, isiltasunak, zaratei beldurra, etxean egoteko beldurra, tristura… Asko dira adibideak. Retolazaren arabera, emakume asko erremintarik gabe sentitu dira ondorio horiei aurre egiteko: “Torturatzen bagintuzten, biziraupen estrategia batzuk irudikatu ahal genituen, hitz egiten zen horri buruz, torturatua izateko aukerari buruz, bortxatzeko aukerari buruz eta abar, baina gero konturatu ginen ondorengo bizi-prozesuak ikusezinagoak eta isilduagoak izan direla”.
Zentzu horretan, torturak hiru aldi dituela baieztatu dute: tortura zuzena gertatu den unea; horren aurreko “torturagarritasun garaia”, torturaren mehatxua eta izua; eta ondorengo traumaren edo zauriaren garaia. Egin duten hausnarketaren ondorio nagusietako bat zera da, hiru aldietan genero indarkeriak funtzionatzen duela.
Tortura, genero diziplinamendurako dispositiboa
Ikuspegi feministatik proposatzen duten markoa harago doa, ordea. “Gure irakurketa da tortura matxistak, emakumeei eta gizonei, biei eragin diela, modu ezberdinetan”, azaldu du Dañobeitiak. Ikuspegi horren arabera, tortura politiko sexistaren funtzioa ez da emakumeei indarkeria eragitea soilik, genero-harremanetan eragitea baizik: genero diziplinamendua da helburua, genero ordena inposatzea, eta gizon eta emakume eredu normatibora bultzatzea.
Olatz Dañobeitia: "Gizartearen entzuteko baldintzetan eragin nahi dugu, interpretazio markoetan, entzunak eta ulertuak izan gaitezen; bestela indarkeria errepikatzen delako”
Zer esan nahi du horrek? Zenbait ikerketek ondorioztatu dute gizonen aurkako sexu-torturak “haien gizontasuna zauritu eta feminizatzea” izan duela helburu. Dañobeitiaren arabera, aplikatu diren tortura teknikei edo irainei begiratuta ikusi daiteke hori, sexu-indarkeriaz harago. “Maskulinitatea eraiki da, beste hainbat elementuren artean, feminitatearen eta homosexualitatearen ukazioaren gainean, eta indarraren ideia eta potentzia sexualaren ideien gainean”. Horregatik, genitaletan elektrodoak aplikatzea, adibidez, gehiago egin diete gizonei: “Zakila eta barrabilak zona sentikorrak izateaz gain (oinazpiak ere badira, esaterako) gure gizartean maskulinitatearen sinbolo dira; irainak feminitatearekin eta homosexualitatearekin lotutakoak izan ohi dira: nenaza, maricón. Azken batean, mezua da ez zara gudaria, ez zara gai hau aguantatzeko, ez zara gizona”. Sexu torturari dagokionez, Dañobeitiak uste du poztekoa dela Euskal Herrian gizonak ere salatzera ausartu izana.
“Emakumetasuna”, jarraitu du, “gehiago eraiki da besteen zaintzaile izatera begira, ama-emazte bezala”. Komisarietan amaitu duten emakume askok militantzia politikoa lehenetsi dutela azaldu du, adibidez, amatasunaren gainetik, genero mandatuaren gainetik. “Borrokak, nazio askapen borrokak, lehentasuna izan du emakume horien bizitzetan, eta orduan, hori zigortu egin dute feminitatearen apurketa bilatuta; ezingo zarela inoiz ama izan beraien torturen ondorioz, ama txarra zarela…”.
Genero arauekin lotutako gogoaren eta nortasunaren “apurketa” bilatzen dute. Baina zertarako? Dañobeitiak azaldu duenez, apurketaren ostean pertsona berrosatu egin behar da, eta joera ezberdinak egon daitezke: “Izan daiteke landuta izatea eta ez eragitea, baina azken batean gizarte honetan sozializatu gara, eta eragina dute gugan genero arauek, gugan eta gure inguruarengan; orduan, torturaren osteko garaian, identitate krisia ekarri dezake tortura mota horrek”. Dañobeitiaren esanetan, krisi hori gainditzeko beste ulermen markorik ez badu norberak, gizartean hegemonikoak diren narratibei helduko zaie, eta horrek eragin dezake gotortzea gizontasun edo feminitate eredu nagusi horretan, minari eusteko. “Horrek ez du esan nahi Euskal Herrian horrela gertatu denik, ez bederen beti eta kasu guztietan, noski”.
“Gure irakurketa da torturaren helburua zela komunitate disidente bat, sistema iraultzea helburu zuena, desegitea eta sisteman integratzea. Eta integratzea zentzu guztietan, baita genero ordenean ere”, azaldu du Retolazak ere.
Aitortza eta erreparaziorako bide malkartsua
Gogoeten emaitzek, liburuan jasota daudenek, pentsatzeko eta jarduteko marko bat ezarri dute. Oinarri hori jarrita, bigarren pausuari ekin diote: torturaren erreparazioan ekarpena egiteari. Horretarako antolatu zuten Emaginekin batera Tortura Feminismotik Erreparatu jardunaldia. Dozenaka lagun bildu ziren solasaldiak entzutera, belaunaldi askotakoak. Besteak beste, bizitako torturen eta erreparaziorako egin duten bidearen testigantza eman zuten Aniaiz Ariznabarretak, Ainara Gorostiagak, Kris Getek, Nekane Txapartegik eta Aiora Epeldek. Izen ezagunak dira guztiak ere, torturak bizi ostean publikoki kontatu izan zutelako, edo beraien kasuak aitortuak izan direlako.
Prozesuaren une honetara helduta, testigantzaren funtzioaz ere egin dute hausnarketa. Indarkeriaren funtzionamendua ulertzeko eta identifikatzeko funtsezkoa da bizipenak eta subjektibitatea ezagutzea, baita salaketarako bideak irekitzeko ere. Era berean, kontatzen duenarentzat gogorra izateaz gain, “izugarrikeriaren espektakulu gisa” sozializatu daitezke kontakizunak, helburua bete gabe. Galdera batzuek ez dute erantzunik oraingoz: testigantza gehiago behar dira? Ala oraindik entzun ez diren tokietara eraman behar dira?
Erreparazio prozesuei feminismoak egin beharreko ekarpena bera ere eztabaida irekia da gaur-gaurkoz. Baina ari dira ondorioak erdiesten. Esaterako, zein dira termino egokienak erreparazioari buruz hitz egiteko? Emagin elkarteko kide Retolazak azaldu digunez, erreparazio hitzak berak problemak sortzen ditu. Hasteko, termino juridikoa da eta norabidea soilik marko legal-instituzionalera zuzendu dezakeela deritzote. Horrez gain, torturaren zauria “ariketa bat eginda” konpondu daitekeela iradokitzen du, prozesu bezala ikusarazi beharrean. Antzeko efektua du osatze kontzeptuak: “Badirudi sendatu zaitezkeela guztiz, eta guk ikusten duguna da ezin dela itzuli zero puntura”. Horregatik hartu dute Joxe Azurmendik proposatutako berregite kontzeptua: “Berregitea prozesu bat da, sortu zizkizuten hausturak eta zauriak berregin egin daitezke; ez zara lehengoa izango, baina prozesu batean aurrera egin dezakezu”.
Iratxe Retolaza: "Torturatzen bagintuzten, biziraupen estrategia batzuk irudikatu ahal genituen, hitz egiten zen horri buruz, torturatua izateko aukerari buruz, bortxatzeko aukerari buruz eta abar, baina gero konturatu ginen ondorengo bizi-prozesuak ikusezinagoak eta isilduagoak izan direla”
Dañobeitiaren iritziz, torturaren zauria landuz gero, sozialki, indibidualki eta intimoki, eta baliabideak emanez gero, “eraldatu” egin daiteke. “Mundu mailan frogatu da eta Euskal Herrian kasu askotan ere bai; minak hor jarraituko du torturaren bizipena eta gero, baina lanketa bat egin daiteke”.
Berregitearen esfera guztiak: zauri pertsonala eta kolektiboa
Berregiteaz ari garenean, normalean, arlo psikologikoa da burura datorkiguna. Dañobeitiaren hitzetan, baina, berdin-berdin dira ezinbestekoak dimentsio soziala, politikoa eta kulturala: “Denek egin behar dute bidea batera, elkarri eragiten diote eta”. Gizartearen jarrerak min handiagoa eragin dezake, edo zama arindu.
Oso beharrezkotzat dute, lehenik, euskal gizarteak bere buruari aitortzea “tamaina horretako biolentzia jaso duela”, eta, ondoren, aitortza konkretua egitea indarkeria hori modu zuzenean jasan duten norbanakoei. Retolaza: “Oraindik jende askok pentsatzen du zerbait egingo zutela hori merezi izateko; horrek indarkeria testuingurua erreproduzitzen du. Horregatik, gure ustez, aitortza eta justizia soziala lehentasunezkoak dira”.
Dañobeitiak uste du, genero indarkeriarekin paralelismoa eginez, urratsak emateko garaian, fokua gizarte-egiturari jarri behar zaiola, ez biktimari: “Berregite prozesuari dagokionean bai, kontuan hartu behar da zartatua, txikitua izan den pertsona, baina fokua beti jarri behar da egituran, jazarpena eragin duenarengan, baliabideetan, tresnetan... Beti ematen du jazarriak frogatu behar duela egia dela”.
Aitortza ofizialari edo instituzionalari dagokionez, iritzi bateraturik ez dutela azaldu du Retolazak: “Aukerak eta arriskuak ditu”. Erakundeak zerbait egitera behartzeko balio dezake. Hego Amerikako zenbait herrialdetan hala gertatu dela defendatu dute batzuek. Kontrara, estatuak ez baditu benetako neurriak hartzen, bere burua zuritzeko erabili dezake aitortza: “Esan dezakete gertatu zela baina berriro errepikatzea ahalbidetzen duten mekanismoak deuseztatu gabe, erantzuleak zigortu gabe, depuraziorik gabe... Estatuaren aitortza ez badator inpunitate bide guztiak desaktibatzearekin, testuinguruak zaila izaten jarraitzen du”. Retolazak inpunitate diferenteak zerrendatu ditu: juridikoa, politikoa, morala, historikoa, patriarkala... “Inpunitate sistema asko daude eraikita tortura posible egiten dutenak, eta lagundu dute komunikabideek, funtzionarioek, forentseek...”. Dañobeitiak uste du, horregatik, memoria eta prozesu herritar sendoekin batera eraiki behar zaiola herri harresia torturari: “Adibide soil bat, Argentinan 30.000 desagertu daudeneko egia biktimen elkarteek eraiki dute haien mobilizazioen bidez, besteak beste, golpe militarraren urteurrenetan jendetza kalera aterata”.
Tortura, noiz arte?
Liburuak eta jardunaldiak bidea ireki dute berregite kolektiborako eta aitortza sozialerako, tortura indarkeria matxista ere izan dela gizarte mailan onartzen eta lantzen hasteko. Emaginek bide horretan jarraituko duela adierazi du Retolazak, jendearen erantzunak bildu eta hurrengo pausoak diseinatzen. Tortura ez da, beraz, iraganeko kontua. Ohartarazi du, era berean, torturaren mekanismoa “hor” dagoela oraindik: “Gaur garai batekoa ikertzen ari gara, baina, aldaketa gehiago gertatzen ez diren bitartean, estatuak ez du barne mailan desegin mekanismo hori, ez iruditeria sozialean”. Are gehiago, “erabiltzen da beste komunitate batzuen aurka”. Oraingoz, Espainiako Estatuarentzat tortura da “behar duenean, norbaitek marra gorria pasatzen duenean, erabili dezakeen arma bat”.
Dañobeitiak liburuak izan duen harrera ona azpimarratu du: “Eskerrak eman dizkigute, gizonak ere gerturatu dira, eta belaunaldi berriak ere bai, eta isiltasun asko apurtu dira bide honetan”. Lan handia egin dute hamaika emakumek eta torturatutako komunitateak, eta oraindik ere beste horrenbeste dago egiteko. Komunitate hori Dañobeitiak nabarmendu duenez, zuzenean komisarietan tortura pairatu dutenak baino harago doa: lagunak, militantzia kideak, ahaideak... Denek osatzen dutela dio. “Torturatutako pertsonek asko eman dute”. Orain, euskal gizarteari dagokio urratsak ematea dagokiola uste du, eta horretarako herri antolakuntzan sinesten du. “Tortura posible egiteko legitimazio soziala desegin behar da. Nekagarria da lan hau, torturari buruz hitz egitea. Baina beharrezkoa da. Denok ez ditugu baldintza eta aukera berberak. Nik sentitu dut ardura hartzea dagokidala”. Etorkizuna eraikitzeko iraganari begiratzea ezinbestekoa dela ere nabarmendu du ikerlariak, “ez memoria egiteko bakarrik, irakaspenak ateratzeko baizik”.