Teknologia egokiagoak

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

"Ber, bir, ber, bir...”. Ez, ez naiz blokeatu, eta ez da makina baten zarata, nire buruan durundaka ditudan hitzen aurrizkiak dira: berregin, berpiztu, berragertu, berraldatu, berrargitu, berrartu, berrasi, berraurkitu, berrautatu, berraztertu, berregokitu, berreraiki, berrerantsi, berreskuratu, berrezarri, berrezi, berridatzi, berrikusi, birgaitu, birgizarteratu, birmoldatu, birsortu, birpentsatu... Etengabe gabiltza pertsonak geure bizitzan eragin kaltegarria izan dezaketen egoerak saihesteko moduak bilatzen; zorionez, akziorako gaitasuna ez dugu guztiz lokartuta, borroka guztietan egoteko gaitasuna ez badugu ere. Baina borroka guztiek badute gaur egun aldagai amankomun bat, mutatzeko behar etengabea; bizitza onak izateko, mehatxu berrien aurrean gizakumeok inoiz baino arinago erreakzionatzeko eskakizunarekin bizi gara. Borroka digitalei lotuta, ohartu gara eredu zentralizatuek eta horiek pertsona gutxi batzuei ematen dien botereak direla gure zaurgarritasun digitalaren iturririk handiena. Horregatik, azkenaldian aditu asko, eskubide digitalak babeste aldera, ez da soilik teknologien erabilera egokiaz mintzatzen, teknologia egokiez baizik. Bizitzarako onuragarriagoak izateko piura duten teknologia horiez. Behinbetikoak? Ez dut uste, baina izan ditzakegun tresna onenak eraikitzeko bidea irekitzen dutenak.

Eragile asko lan ederra egiten dabiltza, kapitalismoak sortzeko joera duen eredu zentralizatu hauekiko alternatibak aztertzen eta gizarteratzen; aukera zentralizatu gutxi batzuk izan beharrean, gure eskubide digitalak babesteko pentsatua eta sortua izan den unibertso federatu (konektatu) batek dituen onurak ezagutzera ematen.

Ez da erraza eredu zentralizatuetatik alde egitea, baina pixkanaka hazia zabaltzen joan daiteke. Whatsappa uzteko bidean, DeltaChat aplikazioan talde bat partekatzen hasiko gara etxekoak, familiako metadatuak egon daitezen zerbitzarietatik kanpo, telefono zenbakia eman barik, AAtik urrun, dena gailutik gailura, datuen ustiaketa negozio eredu duten enpresetatik at. Dabid Martinezek Etzi.pm-n argi idatzi du zergatik den DeltaChat bizitzarako teknologia egokiagoa Whatsapp eta Telegram baino. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.