99 biztanleko Zurukuain (Nafarroa) herrikoak dira Olatz Larunbe dantzariaren guraso biak eta lau aitatxi-amatxiak. Munduan barna aritzen da dantzan Larunbe, eta Iruñean sortua bada ere, etxera itzultzea herrira itzultzea da beretako. Aitaren upategi izandako sototik ganbara berrizturaino erakutsi digu aitatxi-amatxien etxea; azken honetan prest dira mahaia, aulki bi eta kafe mexikarra.
Txikitatik izan du argi zer izanen zen heldutan: dantzaria eta irakaslea. Hala, euskal dantzetan, dantza klasikoan eta modernoan aritu ondotik, estilo garaikidean topatu zuen bere lekua duela urte batzuk.
Guy Nader eta María Camposen zuzendaritzapeko konpainian ari da lanean une honetan, baina interpretazioak bakarrik bere gogoa erabat asetzen ez duenez, irakasle eta sortzaile ere ibiltzen da, egutegiak ahalbidetzen dionetan, bere proiektu pertsonaletan.
Leku berezia hautatu duzu elkarrizketa egiteko. Non gaude?
Zurukuainen gaude, gure aiton-amonen etxeko ganbaran, gaur egun etxeko sorkuntza espazioa dena. Txikitatik eman ditut asteburu guztiak herrian eta emozionalki oso leku inportantea da niretzat.
Termitak zeuden etxean eta obra egin behar izan genuen momentuan otu zitzaigun goiko parte hau sorkuntzarako txokoa izan zitekeela. Dantzan aritzen naiz ni, baina ahizpa ere ibiltzen da margotzen, liburutegitxoa ere nahi genuke muntatu…
Zein da dantzaren munduan orain arte egin duzun ibilbidea?
Txikitatik ibili naiz dantzaren munduan: euskal dantzetan, klasikoan, modernoan… Gasteizko kontserbatoriora joan nintzen 16 urterekin dantza ikasketak egitera eta ia lau urtez geldiarazi ninduen lesioa izan nuenez, irakasle-ikasketak ikasteko aprobetxatu nuen. Horretan ari nintzela La Faktoria Coreographic Center sortu zuten Noainen, dantza garaikideko nazioarteko zentroa. “Zer da hau? Zelako bonbazoa”, pentsatu nuen segituan eta sartzeko audizioa egitera joan nintzen. Ez ninduten hartu. Nik ez nuen aurretik sekula dantza garaikiderik egin eta zuzendariek nire kabuz urtebetez formatzeko eta berriz itzultzeko gomendioa egin zidaten. Halaxe egin nuen eta hartu egin ninduten hurrengo urtean.
Eta nola egiten da salto Noaindik mundu mailara?
Behin Faktoriako ikasketak bukatuta, amildegira salto egin behar nuela sentitu nuen, dantzarena ez da profesionalki batere mundu erraza. Ez du irakasle-ikastetek ematen dizutena: karrera bukatu eta lanean hasi.
Freelance gisa hasi nintzen, dantzari independente gisa. Ni nintzen nire lanaren arduradun zentzu guztietan. Presioa ere sentitzen nuen, ikasketak bukatuta, prozesu “naturala”, esan dezagun, audizioak egiten hastea delako. Hau da, probak egiten hasi behar duzu dantza konpainiaren batean sartzeko. Edo tailer ireki batera joan, dantzan ikus zaitzaten eta norbaitek ikusi eta fitxa zaitzan. Normalean audizioak zera izaten dira: bideoan grabatzen duzu zure burua dantzan eta lehen galbahe hori pasata, aurrez aurreko audiziora joaten zara.
Norbere izaeraren arabera desberdin kudeatzen da, baina gogorrak izaten dira prozesuak eta lehia handia dago. Nik, nire izateko moduagatik ez ditut maite, baina aipatu dizudan presio hori sentitzen, gainontzekoak horretan ari ziren buru-belarri.
Nik ez nuen oso argi zer nahi nuen, ez norekin, ezta non ere eta halako batean gustuko nuen Bartzelonako konpainia baten audizioa ikusi nuen sare sozialetan. “Hau nahi dut”, pentsatu nuen eta hor jarri nituen nire fokoa eta energia dena. Beti iruditu izan zait zerbait nahi duzunean eta benetan denbora, interesa eta gogoa eskaintzen dizkiozunean hori ere transmititu egiten dela. Ezin da izan “bueno, banoa hara ea lanerako hartzen nauten”.
"Klasikoak tresnak eta teknika eman dizkit, edo euskal dantzek, edo gimnasia erritmikoak edo modernoak… baina benetan garaikidean naiz ni"
Audizioa egin eta barrura.
Ez. Audizioa baino lehen konpainiako zuzendariek ematekoa zuten tailer batera joan nintzen Berlinera, lehen aipatu dizudan bideo bidezko lehen proba horrekin hartuko ez nindutela pentsatzen nuenez, nahiago nuelako ikus nintzatela zuzenean dantzan. Zortzi eguneko tailerrean eman nuen izena eta, han nengoela, azaldu nien zergatik joan nintzen. Hilabete geroago zen audiziora gonbidatu ninduten orduan: 400 pertsonatik gora geunden. 150 pasa ginen bigarren fasera eta lau eguneko audizioaren ondotik sei dantzari hartu gintuzten. Polita izan zen, baina, batez ere, gogorra.
Konpainia ahaltsua da dantza garaikideari dagokionez, estatu mailan zein nazioartean. Orduan hasi nintzen haiekin lanean, Bartzelonan. Sei hilabete eman genituen sorkuntza prozesuan lanean orain ematen ari garen piezarako. Natural order of things (Gauzen ordena naturala) du izena eta zuzendarien azken produkzioa da. Prozesua bukatuta hasi ginen birarekin, alde batetik bestera.
Kristoren aldaketa izan zen: Iruñeko Civivoxetan [auzoetako kultur etxeak] dantzatzetik Veneziako Biennaleko festibal totxo bat irekitzera.
Eta bira bukatuta, zer? Ulertzen dudalako zuk audizioa pieza honetarako egin duzula bakarrik.
Hori da. Orain konpainiak beste audizio bat egingo du hurrengo piezarako. Mundu honetan ez da ia existitzen “kontratu mugagabea”, horrelako bat lortzea oso zaila da. Dena den, konpainia bakoitza mundu bat da, ez dago ezer araututa. Ni produkzio honetarako sartu nintzen eta orain, hurrengo piezan pentsatzen ari direla, nik ezin dut jakin gonbidatuko nauten ala ez. Saiatzen dira gustura lan egin duten jendearekin jarraitzen, baina jende berria sartzea ere asko gustatzen zaie.
Zenbat zarete momentu honetan?
Bederatzi, bi zuzendariak barne: mexikarra, libanoarra, kataluniarra, alemaniarra, frantsesa, italiarra, portugaldarra, kroaziarra eta euskalduna, ni. Mazedonia totala.
Konpainian lanean zauden artean, non geratzen dira zure proiektu pertsonalak?
Urte guztiak dira desberdinak. Nik aurten urtarrila hartu nuen urtea antolatzeko. Hau da, egutegia hartu eta ikusteko zein hilabete izango nuen libreago tailerrak eskaini eta nire pieza berria prestatu eta oholtzaratu ahal izateko.
Niretzat oso garrantzitsua da nire proiektuak ere izatea, beste batzuek nahiago dute konpainietan agintzen dietena dantzatu eta listo, baina ni horrek bakarrik ez nau asetzen, sortzeko beharra ere badut. Diru-laguntzen menpe bizi naiz, hori bai, garai batzuetan 24/7 ordenagailuari itsatsita.
Bizitza osoa honetan eman duten dantzari helduak ikusten ditudanean, burura datorkidan hitza beti da “erresistentzia”.
"Kultur munduan dantza da ahizparik txikiena, zalantzarik gabe. Zirkoa eta dantza, hortxe-hortxe ibiliko dira. Musikak, antzerkiak…"
Zure lanaren zein ehuneko da dantza egitea?
Oraintxe bertan %30 gehien jota. Benetan erabiliko bagenitu ordenagailuan pasatzen ditugun ordu guztiak dantza egiteko, ez dakit zein artista izango genukeen Nafarroan… Dantzari izan ahal izateko egin didaten azken oparia ordenagailu bat izan da.
Bereziki ezezaguna da dantzaren mundua gainontzeko arte diziplinekin alderatuta, ezta?
Kultur munduan dantza da ahizparik txikiena, zalantzarik gabe. Zirkoa eta dantza, hortxe-hortxe ibiliko dira. Musikak, antzerkiak… askoz ere indar handiagoa dute. Programatzerako orduan ere zuzenean esaten dizute dantzarentzako oso espazio gutxi dagoela, jendeak ez duela interesik, ez dagoela hainbeste diru eta abar.
Gobernuak ez du diru gehiago sartzen eta jendea ez doa dantza emanaldiak ikustera, batak elikatzen du bestea. Ez dago goi mailako dantza ikasketarik Nafarroan eta hori ere oso esanguratsua da.
Eta badakizu esaten zergatik daukan publiko gutxiago?
Dantza oso abstraktua da, gauzak diren bezala. Eta garaikidea, are gehiago. Klasikoa beti dago forma edo estilo oso zehatz bati lotuta, jendarte bati lotuta, elitistari kasu horretan. Garaikidea sortzen hasten denean eztanda egiten du dantzaren munduak, lengoaia berri bat sortzen da, beste gorputz hizkuntza bat sartzen da jokoan.
Jendeak, dantza ikuskizun bat ikustera joaten denean, sentitzen du ikusi duena ulertu behar duela, “gustatu zait e, baina ez dut ezer ulertu”, esaten dute. Eta hor dago nire ustez arazo handienetako bat.
Nik asko azpimarratzen dut ez dela ezer ulertu behar. Diziplina abstraktua izateak ere ematen dizu aukera irudimena lantzeko: zuk zure pelikula egingo duzu eta zure ondokoak beste bat, erabat desberdina izan daitekeena. Niretzako kristoren altxorra da leku batean eseri eta gorputz batzuk mugitzen ikustea. Mundu guztia ibiltzen da, mugitzen da, aritzen da saltoka… Dena da dantza.
Ezin dut sinetsi batzuetan zein deskonexio maila dagoen dantzarekin, gure gorputza da mugimenduan! Behin baino gehiagotan idatzi didate nire emanaldiren bat ikusi ondotik eta esan didate “ez dut oso ongi ulertu, baina pila bat transmititu didazue”, eta pentsatzen dut “jo, ba gelditu horrekin!”.
Irakasle-ikasketak komodin gisa ikusten dituzu?
Aurrekoan ikastolako 6. mailan idatzitako gutun bat topatu nuen, heldutan zer izan nahi nuen galderari erantzuten ziona. “Dantzari profesionala izango naiz eta irakaslea”, zegoen idatzita. Izoztuta gelditu nintzen, hain nuen argi!
Benetan maite dudalako ikasi nituen irakasle-ikasketak, baina pentsatu izan dut “bueno, dantzarena ez baldin bada ongi ateratzen, irakasle izango naiz” eta amorrua ematen dit hala planteatzeak. Aldi berean, dantza tailerrak eta klaseak ere ematen ditut, beraz, irakasle-ikasketetatik dakardan aspektu teoriko metodologiko hori, berez, dantzarekin uztartuta jartzen dut praktikan.
"Jendeak, dantza ikuskizun bat ikustera joaten denean, sentitzen du ikusi duena ulertu behar duela, “gustatu zait e, baina ez dut ezer ulertu”, esaten dute. Eta hor dago nire ustez arazo handienetako bat"
Etena dena du izena esku artean duzun zure pieza berriak. Zer da?
Berehalakotasunaren gaia nahi nuen jarri erdigunean. Gustatuko litzaidake hausnarketa sorraraztea, kontenplazio momentuak berreskuratzea…
Ni naiz azkartasun horretan lanean ari den lehenengoa. Argiki ikusten dut nire burua produkzio kate horretan, baina pausaren beharra azpimarratu nahi nuen. Byung Chul Han-en bi saiakera irakurri nituen El aroma del tiempo [Denboraren lurrina] eta La sociedad del cansancio [Nekearen jendartea] eta irakurtzen ari nintzelarik oso identifikatuta ari nintzen sentitzen.
Arlo asko daude obraren barruan: eszenografia, musika, argi diseinua, jantziak, koreografia bera… Eta horietako bakoitzak ematen dit gaiaren inguruko ikuspegi bat. Gustatzen zait lantzen ditudan gaiak benetan praktikan jartzea eta konturatu naiz obra honen sorkuntza denboran ez dugula gaia benetan integratu, ez dugu apenas pausarik egin, gelditu gabe aritu gara lanean.
Denbora, espazioa, baldintza ekonomikoak, jendea… Pieza berri bat sortzerako orduan, zein osagai da inportanteena?
Taldea, norekin ari naizen lanean. Proiektu bat abiatzen dudanean inguruan ditudan lagun profesionalak gonbidatzea gustatzen zait. Ez bakarrik lagunak direlako, baizik eta miresten ditudalako. Bere alde on eta txarra du horrek, baina hala gustatzen zait. Pertsonak dira inportanteena.
Dantza garaikidea hautatu zenuen hori zelako gehien maite zenuena ala zailagoa zelako besteetan profesionalki aritzea?
Zalantzarik gabe, dantza garaikidea deskubritu nuenean benetan ni sentitu nintzelako, beste dantza batzuetan ez bezala. Klasikoak tresnak eta teknika eman dizkit, edo euskal dantzek, edo gimnasia erritmikoak edo modernoak… baina benetan garaikidean naiz ni. Oso barruko zerbait da, ez dakit ongi azaltzen.
Zalantzarik izan duzu gerora?
Bai. Dantza garaikideko dantzariaren bizimodua ezagutu dudanean jarri dut zalantzan. Ez zait damutzen, baina askotan pentsatu dut esnatu berritan “zergatik ari naiz hau egiten?”. Askotan sentitu izan naiz bakarrik, isolatuta, beste mundu batean. Lagunekin hizketan hasi eta ikusten duzu bakoitza bere lantokian dagoela astelehenetik ostiralera, baina zu datorren hilabetean Washingtonera zoazela sorkuntza prozesu batera, ekainean ez dakizula zer egingo duzun, baina abuztuan Mexikon egongo zarela. Errealitatetik at sentitzen naiz batzuetan. Jendeak zertan lan egiten dudan galdetzen didanerako prest ditut esaldi motzak.
Harremana mantentzen duzu konpainiako gainontzeko dantzariekin?
Batzuekin bai. Pertsona batzuekin oso ongi konektatzen duzu mugimenduari dagokionez, beste batzuekin ez. Hori beste edozerekin bezala da: elkarrizketarako gai bat ala beste interesatzen ahal zaizu gehiago, edo erosoago sentitu zaitezke pertsona batzuekin beste batzuekin baino. Dantzan berdin, gorputzak bakarrik hitz egiten du. Dantzariek beste begi bat daukagu, beste hizkera bat.
Nabarmenak al dira zure dantza jardunean kode kultural desberdinen arteko talkak? Kontaktu fisikoaz ari naiz pentsatzen, adibidez.
Bai, pila bat. Jarrerak, begiradak, erritmoak… dena dago baldintzatuta. Sorkuntza prozesuan bertan, elkarrizketetan, dantzan… Elkarbizitza handia da eta lehenengo hilabetean oraindik agian ez, baina egonaldiaren bukaerarako denok usaindu ditugu denen besapeak.
"Dantzari izan ahal izateko egin didaten azken oparia ordenagailu bat izan da"
Zer falta zaizun egunean utziko duzu dantza?
Inoiz desegonkortasuna emozionalki sostengatzeko gai ez banaiz utziko dut dantza. Erresistentzia handia behar da mundu honetan luzaroan segitzeko.
Zerbait gehitu nahi duzu?
Ez gara asko mintzatu arlo pedagogikoaz. Azkenaldian kostatzen ari zait niretzat “izena duten” lekuetan neure burua irakasle gisa ikustea. Aukera suertatu zait Madrilen niretzat ikasle gisa inportantea izan den zentroren batean irakasle aritzeko eta ez naiz seguru sentitzen. Esposizioa handiagoa da irakasle gisa aritzea proiektu batean interprete zabiltzanean baino eta horrek atzera ematen dit. Noski, hori beste emakumezko dantzari batzuekin hitz egin dudanean argi komentatu dugu: “Seguru hori gizonezkoei ez zaiela pasatzen”.
Horregatik, noski, dantzarien ehuneko handiena emakumezkoek osatzen dugu, baina goiko karguetan beti daude gizonak. Horren kontziente izanda, ahal dudan guztietan nire proiektuetara batez ere emakumezkoak gonbidatzen ditut.