Sukaldeko teknologia

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Etxeen berriztapen zikloa 25-30 urtetan zehaztu ohi da. Hau da, belaunaldi baten bizi-etapa bat igarotzean etxean aldaketak eragiteko behar bat suertatzen da. Arrazoiak, askotarikoak: izan denborak etxeko bukaeretan sortzen duen higatzeagatik, izan dekorazioak iragartzen duen iraganeko moda atzean uzteagatik, izan bizi-etapa berriak beste espazio atmosfera bat eskatzen duelako, izan segurtasun arau berrietara egokitzeko, izan etxeko gailuak hondaturik direlako edo eraikuntzako akatsak daudelako eta sistema berriek soluzio hobea lortuko dutelako. Baina daramagun bizi abiada dela eta, zikloen denbora errebisio bat egin beharrean gara; etengabe berritzen den teknologiak berriztapen epeak laburtzen ditu bizi-esparru gehienetan.

Baina stop. Etxeen sukalde-politikak ikertzen dutenek diote sukaldearen teknologia-oinarria berdintsua dela azken 60 urteetan. Sukaldeek iraulketa handia jasan zuten emakumeak etxe-koandre figura utzi eta etxetik kanpoko lanak egitera ekin zionean. Sukaldeetako sofistikazio teknologikoak ekarri zituen etxea garbitzeko gailuak eta janarien prestaketarako txikitze eta irabiagailu kit-ak. Teknologiak promesa bat iragartzen zuen: katxibatxeek lana erraztu eta etxeko lanetan lanordu gutxiago igarotzea.

Baina ez omen du teknologiak egoera gehiegi aldatu. Etxea garbitzeari eta janaria prestatzeari dedikatzen diogun ordu kopurua apenas jaitsi den, higiene estandarrak nabarmen igo direlako eta teknologiak estandar maila igoera betetzeko aukera eman digulako. Teknologiaren tranpa horixe baita: eraginkorrago, azkarrago eta ekintza gehiago egiteko gaitasuna eskaintzea norbanakoari. Azken urteetan air frierra, xurgatzaile-robota, ontziratzeko makina, hartzigailua, deshidratatzailea... entxufatzeko gailu gehiago sartu ditugu, “gourmetifikazioan”, baina sukaldearekiko lotura berarekin. Sukaldeak ekar dezakeen emantzipazioa etxeko lanen kolektibizaziotik etorriko da, orduan hasiko da iraultza posible bat. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.