Izanak eta izenak

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hiru-lau aste dira C2ko ikasleekin Xalbadorren Sortetxeari bertso-sortako lehen hiru bertsoak landu genituela. Eskola ordurik gehienetan idazlanen zurrunbiloan, Euskaltzaindiaren arauak gora eta puntuazio markak behera ibiltzen gara, zuzenketa zorrotzetan katramilatuta, azterketaren mamua inguruan txistuka. Baina, noizean behin, burua altxatu eta maila goreneko ikasleek ezagutu beharreko gutxieneko eduki kulturalak lantzen ditugu. Urepeleko bertsolariari etxeak “izana eta izena” eman izanak tarte baterako hizketagaia eman zigun; bertsoez haratago joateko aukera. Baina ez luzerako, jakina; azterketan ez dute hortaz galdetuko.

Kohesioaren eta koherentziaren dinamiketatik atera gintuen, berriro ere, ARGIAko artikuluak. CCOO euskararen oldarraldiaren aurkako estrategian dagoela egiaztatu izanak zirrara berezia sortu digu, eta Euskara Denontzat taldearen partaidetzak, berriro ere izanak eta izenak dantzan jarri ditu, bigarrenak lehenengoa ezkutatzen baitu.

Ea behingoan euskararen alde koherentziaz jokatzen asmatzen dugun, adibidez, euskara irakasle gabeziari glotodidaktika irakasteko tresnekin erantzuten

Korrika heldu da jarraian; hasierako izana galdu gabe, izena irabazi duen euskararen bi urterik behingo udaberria (Irrien lagunak). Korrikak ere idazlanez eta monologo antolatuez harago joateko aukera ematen digu beti, A1etik C2ra arteko ikasleekin euskaltzaletasuna lantzekoa, nahiz eta maila guztietan hartu duten azterketek gehiegizko garrantzia. Izan ere, zintzoki euskara maite duen orok zirrara berezia sentitzen du Petoneta iristen ikuste hutsarekin, eta garai batean hain alde ez zeudenek ere petoa janzten dute egun, tsunami geldiezin horren parte izan nahian. Zigor Olabarria kazetariak agerian utzi dituen horiek eta besteren batzuk saiatu dira bazterrak nahasten, baina erauntsia gainetik pasa zaie.

Mezu bat heldu da C2koen Whatsapp taldera, eta horrek ere zeresana eman du: C2 lortuta, edozein espezialitatekoa izanik ere, euskara irakasteko aukera izango dute beste espezialitateetako irakasleek. Berriro ere izenak eta izanak oker. Izan ere, C2 maila eskuratzen duenari “erabiltzaile aditua” esaten zaio, baina, benetan, “aditu erabiltzailea” beharko luke, bere gaian aditua eta horretan euskara erabiltzailea, C2k ez baitu aditu bihurtzen, ez hizkuntzalaritzan, ez filologian, ez glotodidaktikan, ez soziolinguistikan.

Ea behingoan euskararen alde koherentziaz jokatzen asmatzen dugun, adibidez, euskara irakasle gabeziari glotodidaktika irakasteko tresnekin erantzuten; eta kohesioz, euskararen alde denok batera eta zintzoki. 

Lekukoaren atzean ibili garen guztiok ozen esan dugu: euskara gara. Betoz bat, behingoz, izenak eta izanak. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Euskara
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.