Haize freskoa Iparraldetik

MAIDER LETURIAGA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Algara eragin zidan lagun batek esan zidanean gazte batzuek esan ziotela hiru baldintza bete behar zituela pertsona batek haiekin ligatzeko. Baldintza horietako bat zera zen, ez deitzea Frantzia Iparraldeari. Askotan pentsatu izan dut dezente aukera baztertu beharko zituztela gazte haiek, nahiko ohikoa delako oraindik, mugatik hain hurbil egonda ere, “San Juan de Luzera joan gara” edota “Frantzian merkeago dago krema hori” entzutea.

Muga psikologiko temati hori hausteko lagungarria izango zen, beharbada, aurtengo Korrikari Kanaldudek, Hamaika Telebistak eta ETBk eman dioten estaldura, Atharratzeko hasiera ekitalditik bertatik hasita Iparraldeko herriz herriko ekimenak bistaratuz, goiburuan izenak euskaraz emanda.

Korrikak ez ezik, herriko etxeetarako martxoan izan diren hauteskundeak ere parada ona izan dira Iparraldea Hegoaldera gerturatzeko. Hegoaldeko euskarazko hedabideek hauteskundeen jarraipen txukuna egin dute, bai aurretik eta baita ondotik ere. Beste estatu baten menpe egonik, eta, beraz, bozen sistema ere desberdina izanik, funtzionamendu horren xehetasunak emateaz gain, herri askotako hautetsi eta auzapez gai ugari elkarrizketatu dituzte eta horrek denak balio izan digu haien izenak eta aurpegiak ezagutzeko; Baiona, Itsasu edo Donapaleu, batzuk aipatzearren, oso urruti sentitzen baititugu hemendik. Informazioaren osagarri beti bazen analisi interesgarriren bat ere, bertako kazetariek idatzia, gazteak denak, eta hizkuntza maila aberatsa eta inbidiagarria erakutsi dutenak. Hautetsiekin egindako elkarrizketa guztietan izan du euskarak leku duina eta zuzeneko galdera, haren errealitate gordina azaltzeko balio izan diguna.

Izugarria da ofizialtasunik gabe eta, beraz, oso baliabide eskasekin, euskara biziarazteko eta transmititzeko egiten ari diren lana, eta horren emaitza bistakoa da

Izugarria da ofizialtasunik gabe eta, beraz, oso baliabide eskasekin, euskara biziarazteko eta transmititzeko egiten ari diren lana, eta horren emaitza, estatistiketan eta zenbakietan oraingoz islatzen ez den arren, bistakoa da. Martxoko hauteskundeen harira, berriro ere, Euskal Irratien bidez jarraitu genituen lehen itzuliko emaitzak. Xiberoko Botza, Irulegiko Irratia, Gure Irratia eta Antxeta Irratia, elkarrekin aritu ziren emankizunean, kazetari eta kolaboratzaile andana batek osatutako lantaldea bitarteko. Hiru herrialdeetan zabalduta, zubereraz batzuek, behe nafarreraz eta lapurteraz bestetzuek, eta gipuzkera apurren bat ere bai tarteko, maila handia eman zuten. Maila handia, bai informazioa lantzeko moldean, serioski eta zorrotz, eta bai hizkuntza kalitatean ere.

Pentsatzekoa zen, halaber, euskara hain egoera larrian dagoen lurralde honetako hautetsi askok ez zutela euskaraz jakingo eta frantsesez mintzatuko zirela; hauteskunde gaueko informazio abiada eta tentsioaren erdian ez zela aise izango hedabideentzat euskaraz hitz egiteko gai diren solaskideak bilatzea. Asko izan ziren solaskide euskaldunak, baina izan ziren euskaraz ez zekiten elkarrizketatuak ere. Alabaina, entzuleok irratsaio osoa euskaraz jarraitzeko aukera izan genuen. Konponbidea, hauxe: esatariak lehenik euskaraz egiten zion galdera solaskideari eta esatariak berak itzultzen zion frantsesera ondotik. Erantzuna, frantsesezkoa ezinbestean, aldi berean  itzultzen zuen euskarara horretarako prestatua zuten itzultzaile batek. Irratian entzuten zena, beraz, euskarazko bertsioa zen osoki. Harrigarria iruditu zitzaidan hain baliabide gutxirekin horrelako emaitza lortzea. 

Plazer handia! 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.