Habia: bidean urrats bat urrunago


2026ko apirilaren 23an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Omen
Habia
Lagunart, 2026

------------------------

Kontuz. Elektronikarekin hasten da Omen, sample eta erritmo kutxa batekin. Pentsa zenezake norabide horrek ezaugarrituko duela lan berria. Elektronika hemen ez da helmuga; ate bat da. Irekitzen den ate bat, eta berehala atzean uzten dena, Habiaren benetako lurraldea agerian uzteko: ahotsa, hariak, eta bien arteko tentsio gordina.

Onartu behar dut aurreko lanarekin ukitu zizkidanak ez dituela ukitu honek. Animalia naiz eta-k bazuen hutsetik sortutako edertasun horren zirrara, edozer izan litekeenaren sorpresa eta potentzia. Omen lana ibilbide horretan urrats bat harago doa, formulak errepikatu gabe eta askoz landuago eta osatuago –ez alferrik, Amaia Hirarte, Maia Iribarne eta Maiana Aguerre hirukoari gehitu zaio Elena Haira; eta “urrezko sokei” gehitu dizkiete zeramika sorginduak–. 

Habia bezalako proiektuek oihartzun handiagoa merezi dute, ez “exotismoagatik”, baizik eta proposamenaren koherentziagatik. Ez dago hemen folklorea erakusleihoan jartzeko borondaterik; are gutxiago erreklamo publizitariorik. Hizkuntza propio bat eraikitzeko beharra da. Enuen Banuen-en plazer ederretik, Bianako guda dantzara; Doi-doia-ren tentsiotik Heriotza & Txori neskatila-ren armonia ederretaraino. Kristof Hiriart zuzendariaren lan maisua goraipatzekoa da. 

Atabal aretoa goraino beteta aurkeztu zuten lana –Oihan Indarten magia lagun–. “Barnealdeko euskaldun guztiak gira hemen” esaten zuen lagun batek txantxaz. Ados ginen denok duela bost urte ez litzatekeela posible izango egoera hura. Ipar Euskal Herrian aldatzen ari dira lurzoruak. Askok egin dute iraganeko lana, bistan da, baina esango nuke azken bizpahiru urteetan Altxalili eta Bloñ taldeek lortu dutela maila igotzea, eta eskaini dutela aspaldi behar genuen promesa: gurea da etorkizuna.

Nago, askotan euskaldunok “berandu eta gaizki” ekartzen ditugula nazioarteko modak gurera. Malefizioa apurtzeko aurkezpena izan zen hura. Konparazioek beti uzten dute norbait gaizki, baina egun hartan nik ez nuen faltan bota Rodrigo Cuevasik edo Tarta Relenarik. Proposamenak desberdinak diren arren, kalitate, mezu eta sakoneran ez dago galerarik. Perfekzio estetikotik gertu, oso gertu. Eta jendea pozik, oso pozik.

Kantua politiko egiteko modu bat da mezua, eta beste bat komunitatea eraikitzea. Esango nuke lan honetan biei heldu dietela Habiakoek. Palestinari boikot egiten eta Bitoriano Gandiagaren poemak gudu kanta bihurtzen, Aresti sampleatuta: “Kanta behar nuke bai, baina ezin kanta / poza baitzait hain falta ta samina sobra / galtzen ikusten baitut herriaren ondra / Ta ezin dut kanta / eta, apenas konta / herriaren pena”. 


Irakurri gehiago: Disko kritikak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.