Europako potentziek, interes ekonomiko, politiko eta teknologikoek eraginda, maisuki eta estrategiaz egin dute genozidio eta espoliazio kulturala Afrikan eta Latinoamerikan. Horren alde esanguratsua da hizkuntza-errepresioa, noski. Zalantzarik gabe, zauri sakonak utzi ditu errepresio horrek, gaur egun zornatzen jarraitzen dutenak, eta kaosa, ahanztura, eta hondamena ekarri ditu. Hizkuntza-errepresioa izan da jatorrizko herriak ia desagerrarazteko tresna garrantzitsuenetakoa. Milaka urteko ezagutza-sistemak haustea eta mendeetan zehar lurraldea, denbora eta espiritualtasuna izendatu dituzten hizkuntza indigenak mendean hartzea ekarri zuen.
Guatemalan, adibidez, diktadura genozidaren zigor handienetako bat biztanleei bere hizkuntza debekatzea izan zen. Soldaduek ere ezin zuten itzá, euren hizkuntza maia, erabili. Kolonbian ere hizkuntza asko hilzorian eta desagertzeko arriskuan daude. Sixto Muñoz aipatu nahi nuke hemen, tinigua hizkuntzaren azken hiztun ezaguna, La Macarena mendilerroan, Meta departamenduan, bizi den indigena. Duela urte batzuk bere anaia hil ondoren, Sixto geratu zen hizkuntza horren hiztun bakar gisa, ia desagertuta zegoen kultura baten ordezkari. Haren kasuak Kolonbiako jatorrizko hizkuntzen desagerraraztea sinbolizatzen du. Tinigua terminoa askotan "zaharren hitza" bezala itzultzen da, alegia, izan zen zerbait, jadanik ez dena.
Hizkuntza bat isiltasunera bultzatzen denean, ez dira hitzak bakarrik desagertzen, mundu-ikuskera bat higatzen da eta ezin gara lurrera sustraitu
Menderatze-estrategiaren adarretako bat da jatorrizko hizkuntzaren baliagarritasuna eta prestigio soziala ahultzea. Debeku zuzena bezain agerikoa ez izan arren, eragin handia du horrek. Azentua, ahoskera edo intonazioa barregarri uztea, haurrak ama hizkuntza erabiltzeagatik zigortzea edo kolonizatzailearen hizkuntza hezkuntza eta garapen sozialerako bide bakar gisa ezartzea ez dira txikikeria.
Zer esan hemen Euskal Herrian, nola azpiratu nahi izan duten euskara. Gaur egun instituzioen jazarpenaren adibide argiak ditugu egunero eta euskarafobiaren aldarriak indarberrituta dabiltzala dirudi. Zer garrantzia duten jatorrizko hizkuntzek eta ze itsu gauden sozialki! Botereek badakite zeinen pisuzkoa den herri batentzat bere kultura eta hizkuntza propioa mantentzea, memoria historikoa eta kultur nortasuna ez galtzeko. Familia, dolua eta komunitatea ulertzeko moduak. Hizkuntza bat isiltasunera bultzatzen denean, ez dira hitzak bakarrik desagertzen, mundu-ikuskera bat higatzen da eta ezin gara lurrera sustraitu, ezin dugu lurra babestu, ezin dugu gure pentsamendua zabaldu.
Menderatze horrek besteen kategorien arabera pentsatzera behartzen gaitu, mundua hitz inposatuekin izendatzera, norberaren ahotsa "okerra" edo "txikiagoa" dela onartzera. Gu beste egiten gaitu.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.