Paris, 1973ko irailaren 27a. Vietnamgo gerraren amaiera ofiziala ekarriko zuten Bake Akordioak sinatu zituzten. Negoziazio mahai biribilaren inguruan lau alde bildu ziren: AEB, Vietnamgo Errepublika (Hego Vietnam), Vietnamgo Errepublika Demokratikoa (Ipar Vietnam) eta Vietnamgo Askapenerako Fronte Nazioanala, Viet Cong, alegia.
Baina une horretara iristeko bide luzea egin behar izan zuten. 1965ean, Lyndon Johnson AEBetako presidenteak adierazi zuen prest zeudela negoziatzen hasteko. Baina presarik ez zuten nonbait. Hiru urte geroago hasi ziren negoziazioak zein hiritan egingo zituzten erabakitzen. Geneva (Suitza) eta Phnom Penh (Kanbodia) baztertu zituzten lehenik, Varsovia (Polonia) gero, eta azkenean Parisen egitea adostu zuten. Eta, hala, 1968ko azaroan, hurrengo puntua adosteari ekin zioten: negozioazio mahaiaren forma, literalki.
Hiru hilabete behar izan zituzten nolako altzaria erabiliko zuten erabakitzeko. Lau aldeak bi bandotan banatuta zeuden: AEBak eta Hego Vietnam, batetik, eta Ipar Vietnam eta Viet Cong, bestetik; SESBek eta Txinak Ipar Vietnamen alde egin arren, AEBak izan ziren Parisen eseri zen atzerriko potentzia bakarra.
Bi lehen proposamenak baztertuta, mahairik ez jartzea ere pentsatu zuten. Baina ez zen batere praktikoa, besteak beste, dokumentuak maneiatzeko
Ipar Vietnamgo bi aldeek mahai karratu baten alde egin zuten hasieran; lau aldeen berdintasuna bermatuko zukeen horrek. Baina AEBek eta Hego Vietnamek ez zioten Viet Congi aukera hori eman nahi eta mahai laukizuzenaren alde egin zuten, hierarkia markatu nahian. Bi lehen proposamenak baztertuta, mahairik ez jartzea ere pentsatu zuten. Baina ez zen batere praktikoa, besteak beste, dokumentuak maneiatzeko. Erditik bitan banatutako mahai biribil bat ere proposatu zuten –edo zirkulo erdiaren forma zuten bi mahai, nahi bada–, parte hartzaileen berdintasuna bermatzeko, baina bi bandoen arteko bereizketa ere nabarmentzeko.
Azkenean, sobietarren aholkuari jarraituta, 1969ko urtarrilaren 16an hartu zuten erabakia: mahai biribil zabal bat erabiliko zuten batetik, baina alboetan beste mahai bana izango zuen bi aldeetako bakoitzak, laguntza moduan. Mahai-tapizaren kolorea, jarri beharreko bandera eta ikurrak, aretorako sarbideak… eta bestelako xehatasunak eztabaidatzea geratzen zitzaien oraindik.
Soilik mahaia aukeratzeko erabili zituzten hamar aste horietan gerrak jarraitu zuen, jakina, eta milaka hildako izan ziren. Beste asko hilko ziren 1973an mahai haren inguruan bildu ziren arte, Eta, jakina denez, Parisko Bake Akordioek praktikan gerraren amaiera eragin ez zutenez, biktimen zerrendak luzatzen jarraitu zuen, 1975eko apirilean Saigoneko AEBetako enbaxada erori zen arte.