Faxismoaren aurkako hotsak: atzo zein gaur, abestiz eta olerkiz

  • “Mundu zaharra erortzen ari da, berriari kosta egiten zaio agertzea, eta argi ilun horretan sortzen dira piztiak”. Ekidak sorturiko Urrunetik gatoz emanaldiko hitzak dira, Gramscirenak. Faxismoaren aurka, atzoko eta gaurko borrokak oholtzaratu ditu, atzoko eta gaurko abesti eta olerkien bidez. 

Ekidak utzitako argazkia.
Ekidak utzitako argazkia.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Kontzertu eta poesia errezitaldi baten arteko hibrido bat da Urrunetik gatoz emanaldia, eta memoria ariketa bat egitea du helburu. 2026a, “oroi ditzagun merezi duten urteurren garrantzitsu askoko urtea” dela azaldu digu Aratz Fernandez de Pinedo emanaldiko diskurtsoak osatu dituenak. Gertakari haien memoria josten joan da ikuskizuna, emanaldiz emanaldi: Txiki eta Otaegiren hilketa, Martxoaren 3a, Francoren heriotza, greba orokorrak, Gernikako bonbardaketa... Urte horietan egon ziren borrokei begira jartzea da ikuskizunaren asmoa, horiek gaur egunera ekartzeko.

Garaiko kantu zaharrak abesten dituzte Berun taldeko Aitor Elorriagak eta Marina Basurkok; Garikoitz Ortiz de Villalba, Markel de Reparaz, Nerea Txakartegi, Julen Ormaetxea, Onintze Orue eta Unai Ortiz de Zarateren laguntzaz. Euskal abestiak dira gehienak, baina badaude, tartean, beste leku batzuetako kantuak ere, euskarara ekarriak. Abestien arteko hitzaldiek garai hartako hainbat gertakizunen berri ematen dute, hitzen zentzua azaltzearekin batera, gaur egungo borrokarekin lotura eginda. Kantu horiek gaur egunera ekartzeko eta egungo "ikuspegitik begiratzeko” balio dutela azpimarratu du Fernandez de Pinedok. 

Barruan daramagu izandako 
iraultzen sugarra
barruan daramatzagu borrokan 
eraildako militanteak, torturatuak, 
mundu aske baten alde guztia eman zutenak
barruan daramagu haien izerdia, haien grina, haien oihu bakoitza
eta gure eztarritik botatzen dugu
kantu zaharrak bezala
abesten ditugun aldiro berrituz.

Ekidak utzitako argazkia.

Frankismo amaierako eta Trantsizioko abestiak dira gehienbat, eta badago 1936ko Gerrakorik ere. Abesti zaharren eta testu berrien bidez, gai ugari plazaratu dituzte: “Gaur egun kezkatzen gaituzten gaiez hitz egiten dugu, faxismoaz, gazteen aurkako kriminalizazioaz, migrazioaz, borrokaz mintzo gara; eta euskararen auziari eta historiari ere lekua egiten diogu”. 

Nola hartuko zuten ongi etorria urrunetik fabrikan lanera etorri berriek? Jakingo al zuen irakurtzen Romualdo Barroso gaztetxoak? Nola ulertu hizkuntza berri bat? Nola elkartu borroka berean elkar ulertzen ez dutenak? Ba al du muga linguistikorik esplotazioak? Lehen ziren Camila, Javier, Rosa. Orain dira, Yamal, Edison, Ronal, Usnabi, Destiny, Wilson, Abdul. Esan lagun, zerk batzen gaitu? Nondik gatozten? Nora goazen? 

Transmisio ariketa bat egiten du emanaldiak, eta belaunaldi berrietara lehengokoen kantuok zabaltzearen zentzua honela azaldu du Marina Basurkok: “Ez ditugu abesti zaharrak kantatzen euskal kantu zaharrak suspertzeko nahi hutsagatik, baizik eta kantu horien eduki iraultzailea berreskuratu nahi dugulako; iraganera begiratzen baldin badugu, gure garaiari begiratzeko balio digulako da”.

Ekidak utzitako argazkia.

Hainbat artista eta militanteren bil-lekua da Ekida, Euskal Herriko mugimendu sozialistarekin bat gorpuzten doana, kultur borrokan ekarpen bat egiteko asmoz lanean ari dena. Hainbat abesti eta mural sortzeaz gain, azken urteetan hiru antzezlan ere ekoiztu dituzte Ekidako kideek: Agirretarren Bandera, Plaza hau gurea da, eta azkena, iaz, Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana, Arestiren omenezko disko batekin batera plazaratua. Urrunetik gatoz emanaldia zentzu berean doala dio Fernandez de Pinedok; arte sorkuntzak balio duela “politika egiteko, politizatzeko, kritikotasuna zabaltzeko”, eta transmititu nahi dituzten ideiak “beste modu batean zabaldu ahal izateko”. Gabriel Arestik zioen gisan:

Euskal Herrian ez da
klase sozialik izango
eta euskaldunak
zoriontsuagoak
izango gara

Denboraz eta mimoz ekin zioten abestiak aukeratzeko lanari: “Lan dezente egin dugu kanta desberdinak ezagutzen, eta lehendik ezagun genituen kanten atzean dauden istorioak ezagutzen”. Izan ere, ez da soilik abestien bilaketa izan, historiaren bilaketa ere izan dela kontatu digute egileek. Aukeratutako abestiak begira jarritako garaiari so egiteko lekuko on bat direlakoan daude: “Garai hartako perspektibez hitz egiten dutelako, garai horretan zeuden borroka desberdinak, gauzak ulertzeko moduak eta aldarriak transmititzen dituztelako”. Grina iraultzaileak lotzen ditu abesti guztiak, eta hain justu ere, horregatik aukeratu dituztela dio Basurkok: “Iruditzen zaigu, urte batzuetako distantziak urruntzen bagaitu ere, finean guk gaur egun mundua aldatzeko dugun grinarekin bat egiten dutela.”

Ekidak utzitako argazkia.

Horrez gain, emanaldi bakoitzean, lekuan lekuko historiari begiratzeko egiten dute saiakera. Leku horretako kontu historikoez aritzeaz gain, bertako artista batzuk ere izaten dituzte, aldiro, gonbidatuen artean, hala nola bertsolariak, abeslariak edota testu bat irakurtzera datorren idazleren bat.

Emanaldien harrerarekin oso pozik daude guztiak. Ikusle batzuek abesti asko ezagutzen zituztela diote, beste batzuek zenbait, eta ziurrenik egongo zen bat bera ere ezagutzen ez zuenik. “Baina sentitzen dugu guztiekin konektatzea lortzen ari garela”, diote, indar mezu bat transmititzen dutelakoan: “Gure garaian ere borrokan jarraitzea posible dela eta beharrezkoa dela”. Horrelako momentuen garrantzia azpimarratu dute biek ala biek, dena kontra datorrela ematen duen garai batean, batu eta indarrak hartzeko balio baitute.

Oroimena borrokan dagoelako
atzo bezala gaur
faxismoaren aurka
urrunetik gatoz,
honaino heldu gara
baina urrunera goaz

Durangon (Bizkaia), Zarautzen (Gipuzkoa), Gasteizen, Bergaran (Gipuzkoa), Urretxun (Gipuzkoa) eta Gernikan (Bizkaia) egin dituzte dagoeneko emanaldiak, eta hurrengo bi hitzorduak hauexek izango dira: apirilaren 23an Donostian, eta maiatzaren 8an Iruñean. Azken horretan, esaterako, greba orokorra oroituko dute, eta Iruñean bezalaxe Donostian ere gonbidatu bereziak izango dituzte oholtzan. Ez dute emanaldiarekin geldirik geratzeko asmorik; Bilbon eta Ipar Euskal Herrian ere egiteko asmoa daukate. Etorriko dira, orduan, aurrerago emanaldia ikusteko aukera berriak.

“Ezetz, uso zuri hori, ezetz” esanaz ematen diote emanaldiari amaiera. Abestia Chicho Sánchez Ferlosioren Paloma de la paz kantuaren euskarazko moldaketa da. 

Bakearen kontura
egiten da tiro
askatasun osoa, maitia
eskatu aldiro. 

Bakearen kontura egiten diren tiroez, eta askatasun osoa eskatu beharraz ari dira abestian, izan ere, horixe da Urrunetik datoz emanaldiaren mezua: “Memoria borrokan dagoela eta omenaldi onena borrokan jarraitzea dela, haustura politikoa oraindik egiteko dagoelako”. 


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.