XX. mendeko hainbat artxibotatik abiatuta, emakumeen rolak, musika herrikoia eta haren artxiboak uztartzen dituen Emakumende ikusgarria ondu dute Baionako Maurice Ravel kontserbatorioko Marie Bidart, Marina Beheretche eta Pauline Lafitte irakasleek. Apirilaren 24an, 25ean eta 26an entzungai izanen da Urketan (Lapurdi), Baigorrin (Nafarroa Beherea) eta Baionan.
Euskal musika tradizionala, musika herrikoia, herri musika... Hainbat hitz badira izendatzeko Zuberoatik Bizkaira doan eta gainerateko probintzietan txistua, txirula zein ttunttuna bezalako tresnen bidez egiten den doinu eta soinuen hizkuntza. Dena den, edozein izendapen erabilita ere, argi erran daiteke Baionako Maurice Ravel kontserbatorioak azkarki sustengatu duela “bertako” musika azken urteotan. Apirilaren 24tik 26ra Iparraldeko orkestraren sasoiaren baitan programatutako Emakumende ikusgarri berria horren adierazle da.
Marie Bidart, Marina Beheretche eta Pauline Lafitte dira proiektuaren eramaile nagusiak. Hirurek lan egiten dute Baionako kontserbatorioan. Musika eta dantza herrikoia departamenduko aholkulari pedagogikoa da Marie Bidart, eta kantu eskolak ematen ditu, besteak beste. Marina Beheretchek biolina irakasten du; eta Pauline Lafitte txistu irakaslea da. “Proiektu berri bat sortzeko proposamena egin zigutelarik, hiru emazte izanik, gogoetatu eta aski fite erabaki genuen emakumeen inguruko zerbait nahi genuela”, adierazi du Bidartek.
Emakume hitza singularrean ala pluralean erabili behar ote den galdetzerakoan, Bidartek ez du duda izpirik utzi. “Nik maite dut 'emakumeak' erratea. Justuki, ikusgarrian ez da bakarrik emakume bakarra agertuko”. Musikaria, idazlea, interpretatzailea, sortzailea, ama, maitalea... Emakumeen funtzio ezberdinak erakutsi nahi dituztela diote. Emakumea erraten bada ere, kasu guztietan emakumea plurala delako ideia zabaltzen du Baionako kontserbatorioaren egitasmo berriak. Horrez gain, historian eta oraindik ere jasaten ari diren bortizkeria oroitaraziko du ikusgarriak, bortxaketaren aipamenaren bidez konparazione.
Aspaldiko doinuak artxiboetan
Emakumeak hari nagusi gisa hartu arren, musika herrikoia ere gogoetagai izanen da nolabait Emakumende egitasmoan. Hain zuzen, ikusgarriak memoria eta sorkuntza modernoagoaren arteko loturak galdekatuko ditu etengabe. Horretarako, XX. mendeko hainbat artxibo erabili dituzte ikusgarria eratzerakoan. Euskal Herriko musika herrikoia nolakoa zen ehun urte lehenago erakusteko parada emanen dute.
“Adibidez, 1900eko grabaketa bat entzunen da, Prima Eijerra kantuarena”, azaldu du Marie Bidartek. Benetako altxor etnomusikologikoa, Léon Azoulay mediku eta antropologoaren eskutik egina, garaian Parisko Nazioarteko erakusketaren karietara. Grabaketa horretan, gizon zuberotar baten ahotsa entzun daiteke, eta Prima eijerra abestia mihi puntan dutenek melodia ezagutuko dute arazo mendrenik gabe, nahiz eta ohartuko diren urteak joan, arau aldaketa txikiak gertatu direla oraingo kantatzeko maneran.
Jeanne Etcheverry-Hiriart saratarraren ahotsa ere entzuteko aukera emanen du Emakumendek. Claudie Marcel-Dubois eta Maguy Pichonnet-Andral ikerlariek grabatu zuten ereslari lapurtarra 1947an. Haien lanari esker Bulun bat sehaska-kanta eta Mundu honetan bada abestiak heldu zaizkigu belarrira. Etxahun-Iruriren eta haren semearen ahotsak entzungo dira baita ere. Maite Barnetche kazetari aitzindariak grabatu zituen bi iruritarrak 1976an, Lo hadi aingürüa kantuarekin; eta berriz ere, euskal ondarerako oso garrantzitsua den grabaketa da, Etxahun-Irurik berak 1954an idatzitako Matalaz pastoralerako obra baita Lo hadi aingürüa.
“Grabaketa horiek erabiltzea proposatu nuen, artxiboak baliatu bainituen tesia idazteko”, jakinarazi du Marie Bidartek. Hain zuzen, XX. mendeko euskal kantu monodikoa aztertu zuen 2012an aurkezturiko ikerketa lanerako. “Emakumende hitzaren ideia hortik heldu da, emaztea, emakumea, mende batez emakumea, emakumende”. Horregatik beharrezkoak ziren artxiboak”.
Irakasleak oholtza gainean
Azken hilabeteak proiektua muntatzen egon dira beraz Marie Bidart, Marina Beheretche eta Pauline Lafitte. Preseski, “kontzertuak hurbiltzen ari direla”, adierazi du txistu irakasleak kontserbatorioko patioan ikasle baten zain dagoela. “Fiteegi hurbiltzen ari dira beharbada, baina horrela da beti”. Azken errepika egunak finkatu dituzte dagoeneko, eta egon zitezkeen detaileak konpontzen ari dira oraindik. Emakumende apirilaren 24an, 25ean eta 26an emanen dute, Urketan (Lapurdi), Baigorrin (Nafarroa Beherea) eta Baionan.
Zernahi gisaz, gogotsu dabil Lafitte. 2021ean Baionan irakasle hasi zenetik ikusi du soinu txikia, txirula eta atabala bezalako musika tresnek gero eta leku handiagoa hartu dutela kontserbatorioan. “Musika herrikoia kasik desagertu zen Baionako kontserbatoriotik Benat Achiary joan eta. Philippe de Ezcurra eta beste irakasle batzuek beren gain hartu zuten hori biziaraztea. Beharrik! Orain departamendu osoa dugu musikari herrikoiari dedikatua”.
Oinatza izeneko pieza sortu du ikusgarrirako Lafittek. Hori adostu baitzuten proiektuaren hiru eramaileek Emakumende eratzen hasi zirelarik, bakoitzak musika obra bat idatz zezan. Beheretchek Jauzimiri soinua konposatu du eta Bidartek Fandango Ekaina eta Arin-arin 567.
Literatura ere presente izanen da ikusgarrian. Aurelia Arkotxaren boza entzunen da Mamuak olerkia errezitatzen, baita Itxaro Bordarena Tribal songs poemarekin. Modu berean, azken horren Milia Lastur on the road testuaren hitzak Pantxix Bidartek musikaturik entzuten ahalko dira ikusgarri denboran.
“Musika herrikoiaren inguruko proiektuak egon dira jadanik”, erran du Lafittek, “baina lehen aldia da departamenduko irakasle guztiek parte hartzen duguna”. Gainera, Marina Beheretcheren gisan, musika klasikoa sailetik datoz irakasle batzuk Emakumenden parte hartzera. Hiru eramaileez gain, David Ariola saxofonista, Laura Bide soinujolea, Jérome Capdepont tronbonista, Maite Duboue txistularia zein klarinete jolea, Xan Haira atabalaria, Jokin Irungaray perkusionista eta Delphine Labandibar biolin jolea izanen dira oholtza gainean.
Baina oroz gainetik, musika herrikoiaren bilakaera hausnartzeko abagunea izan behar du Emakumendek. Artxiboak entzunda, norbera ohartuko da kantu berak abesten segitzen dugun arren, aldaketak badirela melodietan. Hain justu, duela ez hain aspaldi hainbat modu erabiltzen ziren kantatzerakoan, eta musika tresnek tenperamentu ezberdinak zituzten. Modu eta tenperamentuak nota-bitarteak jartzeko moduan zeutzan, eta bitarte horiek modu zein tenperamentu batetik bestera aldatzen ziren.
Doinuen bilakaera
Gaur egun, aldiz, Mendebaldeko gizartean behintzat, hamabi tonu-erdiren segida bat erabiltzen da nagusiki melodiak sortzeko. Eta poliki-poliki, musika herrikoia hamabi tonu-erdi horiei egokitu zaizkie. “Artxiboak entzunez, gure buruari galdegiten ahal diogu zer galdu dugun”, esplikatu du Bidartek: “Orain, musikan gauza anitz finkatuak dira, baina lehen gradu aldakorrak baziren, eta euskal kantuan halakoak atzematen ziren”. Gaur egungo ikuspegitik, lehengo maneran ondutako doinuak abestea "gaizki kantatzea" dela erran ohi da, baina ez. Euskal Herriko musikak eta Europan tokian tokiko musika anitzek modu eta tenperamentu ezberdinak erabiltzen zituzten. “Hori erran behar da”, gehitu du Bidartek sutsuki: “Oroitzen naiz Donostian tesia aurkeztu nuen egun batean, gizon bat negarrez lehertu zela, luzaz uste izan baitzuen bere aitatxi eta amatxiek gaizki kantatzen zutela, baina ohartu zen ezetz”.
Hortaz, emakumeak omendu bitartean eta artxiboak ustiaturik, musika herrikoia oldozteko tartea sortu nahi du Emakumende ikusgarriak. Marie Bidart, Pauline Lafitte eta Marina Beheretche urduritasuna sentitzen hasiko dira menturaz, apur bat bederen. Hala bada ere, lasai egon daitezke geroari begira. Baionako kontserbatorioko pasabideetan zehar ibiltzerakoan, piano eta tronpeten tinbreekin batera, txistua entzuten da sendo-sendo.