Gorputzari asko begiratzen dion lagun baten espektro lexikal niretzat exotikoari esker ikasi nuen zirkadiano hitza. Haserregarria izaten naiz oso gertukoentzat, ulertuta ere, ez-ulertzera jotzeko joera izaten baitut, eta katramilatu ginen zirkadiano (egun bateko zikloa), zirkabitala, zirkodiano... Eta ulertzen dut erritmo zirkadianoak zaindu eta errespetatzearen balizko garrantzia, baina, betikoa, egunean zenbat pauso eman ditugun neurtzeko gailuz inguratuta bizi garen garai batean (eta zenbat lo ordu egin ditugun, zenbat pultsazio noiz, zenbat kaloria nola...), norantz ematen ditugun, eta eman ditugun, eta emanarazten dizkiguten ahazteko arriskuak kezkatzen nau (alderantziz balitz, kontrakoarekin haserretuko nituzke). Korrika ere ematen dira pausoak, eta egin ditugu, erritmo zirkadiano bikainean, baina asko ari dira bultzaka, noranzkoak markatu nahian, eta nahi gabe zaila da iristea nahi gabeko lekuetara ere. Ontogeniko jarri beharko dugu, garaiaren kontra: ez gara metaketa zirkadiano hutsa. Ontogenia zoragarri batek eusten gaitu. Eta gogoratzen gara norantz den. Eta norantz ez.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.