Batzuetan gure baitan ezinegona dugu, batzuetan denetik aldentzeko beharrean gara, uzkurtzekoa, ikusezinak bilakatzekoa... errealitatea lar handia egiten zaigulako, damurik gabe, garai konplikatu hauetan bizitzaren gauza xumeenak gozatzeko. Baina zelan ahaztu gatazketan harrapatuta daudenak? Urrunetik ere ikusten ditugu azkarrago, arinago, lehenak... izateko lanean dabiltzanak, ilargiaren alde ezkutura, gizadiaren gaitasunaren mugarrira heldu nahi dutenak. Sufritzen daudenek zer pentsatuko ote dute gainontzekoen lehentasunez? Eta pozten nau hainbeste lan egiten duten pertsona horiek guztiek euren lana aurrera ateratzeak eta euren lorpenak ospatzeak. Gu berdin gabiltza gure minimunduetan, bertakoari arreta jarri nahian, bizitza patxadaz eta ganoraz bizi nahian, egunerokoari tira egiteko beharretik lar aldendu ez gaitezen, gertukoa gainbehera etorri ez dadin, ditugun bizitza xumeak ondo bizi ditzagun.
Espazioaren ikerketari loturiko teknologia guztia bueltan datorrela diote adituek, baita ere lehena izateak, azpiegiturak izateak, baliabideak ustiatzeak posizio menderatzailean jartzen dituela gutxi batzuk.
Eta herritar soilok buruan disonantzia kognitiboarekin bizi behar, lilura eta etsipenaren artean, egunero. Gelditzeko arriskuarekin, gure gaitasun txikiek ezertarako balio ez dutela pentsatzeko arriskuarekin. Munduko aberats gutxiengoak uzten dituen baliabide apurrak gure artean borrokatzeko arriskuarekin.
Bada, buruko disonantzia horri atsedena ekarri dion pelikula ikusi dut, Le Havbre, Aki Kaurismakirena. Gizatasuna, gehienetan, txikitasunean eta gertutasunean aurkitzen dela gogoratu dit.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.