Talaiak eta egiak


2026ko apirilaren 15ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Haize begitik
Mikel Ibarguren
Susa, 2025

--------------------

Mendebalak bultzatuta hostoak atarietara nola, hala heldu zitzaigun Mikel Ibargurenen (Zestoa, Gipuzkoa, 1967) azken lana esku artera larrazkenean. Bere ibilbideko seigarren poema-bilduma da Haize begitik  eta azalean ageri den Lapurdiko kostaldeko itsasargiak bezalaxe, bere talaia eskaintzen digu poetak, bertatik begira dezagun, irakurleoi. 

Itsasoak eta zeruak urdindutako paisaian kokatutako begiratokia da orriotakoa, Biriatu, Ziburu, Zokoa, eta Baionako rue, kale, auzo eta quartier askotarikoetan tokitutakoa eta Aturri, Errobi eta muga den Bidasoa ibaiek zeharkatutakoa. Nire talaiatik poemak adierazten du, liburuaren hasieratik bertatik, nondik idazten duen poetak: “Hemen naizelarik / hangoa naiz, / han nagoelarik / hemengoa”. Leku eta denboretan zatikatutako ni poetikoa kausi genezake bilduma honetan, bere buruarekiko arroztu ere egiten dena; kanpoan diren ekaitzei eta barrenak hartzen dituzten egonezinei erreparatzen diena aldi berean. 

Astegunek izendatutako lau ataletan antolatuta datoz 50 olerkiak: Ilen, Ebiakoitz, Eguen eta Igande. Egunerokoak, bada, garrantzi nabarmena du bilduman, kutsu narratibo zein deskriptiboa duten olerkiek iratzartzeak, lanegunak, opor egun udatiarrak, albiste garrantzitsurik gabekoak zein irudimenezko egunak baitakarzkigute: “Bizitza berez dator / xalo eta arin / ez inork, ez ezerk / ez du behartzen izatera”. Xalotasun horren oihartzuna harrapatu nahi izan du zestoarrak orriotan, bere esangura eta hauskortasuna azpimarratuta, adibidez, telefono dei batek eragin dezakeen lurrikara zein ohiko elkarrizketa batek lekarkeena hizpide izaki. 

Bestalde, azpimarratzekoa da migrazioa, lanarekiko mendekotasuna eta nagusien doilorkeria, erretreta, turistifikazioa, etxebizitzaren arazoa eta bestelako gai politiko-sozialek bilduman duten lekua. Erkaketa poetikoekin egindako iradokizun batzuk eztabaidagarriak diren arren, oro har, agerikoa da letron engaiamendu nahia. 

Nolabait esatearren, sinboloek ohi dakarten eite hanpatutik edo abstrakziotik aldendu, eta bizitza bera idatzita, poesia ukigarriagoan kokatu du poetak bere haize begia. 


Irakurri gehiago: Liburu kritikak Kultura Literatura
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.