Grigory Sokolov (pianoa)
Egitaraua: Beethovenen eta Schuberten lanak.
Non: Baluarte Auditorioan, Iruñean.
Noiz: otsailaren 21ean.
---------------------------------
Munduko leku guztietan trebetasun handiko bakarlariak eta interpretazio distiratsuak eskaintzen dituzten piano izarrak ditugun une honetan, Grigory Sokolov entzutea, abeslari ospetsu batek zioen bezala, "esperientzia erlijiosoa" da. Eta hori horrela da Sokolovek eskaintzen duenak piano-kabriolaren azalkeriatik ihes egiten duelako, efektismo merketik ihes egiten duelako.
Sokolovek konpositore bakoitzaren mundu partikularrean murgiltzen zaitu, garai batera eramaten zaitu, beste artista batzuen eskuetan entzuten ez diren ñabardurak eta testurak transmititzen ditu. Bestalde, Sokolovek musikaz gozarazten du entzulea, ez trebetasunaz.
Piano-jole hau, 1980ko hamarkadara arte Sobietar Batasunetik kanpo ia ezagutzen ez bagenuen ere, badira hamarkada batzuk entzuten diogun guztiak harritzen gaituela. Ez da elkarrizketen laguna, ezta estudioko grabazioena ere. Une magikoak eskaintzen ditu eszenatokian esertzen denean bere pianoarekin. Eta bere musika entzuteko aukera dugunok badakigu pribilegio bat dugula.
Pribilegio hori izan genuen, hain zuzen ere, joan den otsailaren 21ean Baluarte Auditorioan. Sokolovek programa intentsoa eskaini zuen, sakona. Ez txalo eroa eragingo duten erraz horietakoa.
Beethovenen sonata batekin hasi zen, baina ez da gehien entzuten dena: Laugarren Sonata mi bemol maiorrean hain zuzen ere. Zalantzarik gabe, beste bertsio batzuetan oharkabean pasatzen diren soinu-motiboak entzun ahal izan genituen. Allegro molto e con brio kementsu hartatik azken Rondoraino, Largo dotore eta oso adierazkorretik pasatuta, Sokolovek maisuki bidaiatu zuen sonataren lau mugimenduetatik.
Eta pianistak goxotasunen bidetik jarraitu zuen. Beethovenen Sei Bagatela, op. 126 ere eskaini zizkigun. Izenburuak gazteleraz iradokitzen dituen "huskerien" (bagatela, gazteleraz, huskeria baita) ordez, bagatela hauek bederatzigarren sinfoniaren garai berekoak dira. Kontzentratuak eta leherkorrak, Schoenbergen konposizioak bezain trinkoak eta itxuraz modernoak dira zalantzarik gabe. Sei piezetako bakoitzak izan zuen behar beste ñabardura, fintasun edo suminaldi. Perfekzio hutsa.
Errezitaldiaren bigarren zatian errepertorioko pianorako sonata handienetako bat entzun ahal izan genuen: Franz Schuberten Si bemol maiorreko pianorako Sonata, D 960: Sokoloven eskuetan, lan monumentala. Bertsio sakon eta zehatza eskaini zuen, teknika ezin hobearekin eta fraseatze magistralarekin.
Sokoloven ezaugarrietako bat bisak eskaintzeko duen eskuzabaltasuna da. Sei propina oparitu zizkigun artistak, zein baino zein ederrago: Chopinen bi mazurka eta preludio bat, Brahmsen balada bat eta rapsodia bat, eta Scriabinen preludio bat. Eskerrik asko, Sokolov jauna.