Maorieraren historia: kronograma

Jatorrizko herritarren eskola bateko ikasle eta irakasleen argazkia, 1900-1936 urte artean ateratakoa. Argazkia: Auckland Regional Office.
Jatorrizko herritarren eskola bateko ikasle eta irakasleen argazkia, 1900-1936 urte artean ateratakoa. Argazkia: Auckland Regional Office.

2026ko apirilaren 15ean
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

(Beñat Garaiori gaiaren inguruan egindako elkarrizketa irakurri nahi izanez gero jo lotura honetara)

1200 – 1768: Maorien hainbat iwi (tribu) gaur egungo Aotearoan (Zeelanda Berria) kokatzen hasten dira.

1814: Maorien lehen harremanak merkatari europarrekin. Maoriera Aotearoako hizkuntza nagusia da, baita europarrekin hitz egitean ere.

1839: Lehen kolonoak iritsi dira Aotearoara, momentu oso garrantzitsua maorien galbiderako.

1840: Te Tiriti o Waitangi (Waitangiko Akordioa) sinatu da. Berez, maorien eta kolonoen arteko bizikidetza eta maorien eskubideak bermatzen dituen ituna da. Dena dela, kolonoek itun honen esanahia manipulatzen dute eta maorien aurkako arpilatzea hasten da.

1850: Pākeha edo kolono txurien kopurua maoriena baino altuagoa da lehenengo aldiz, maoriera hizkuntza gutxitua bilakatzen da Aotearoan.

1896: Maori populazioa, errolda ofizialaren arabera, bere punturik baxuenera iristen da (42.113 maori, Aotearoako %5,7).

1928: Hezkuntza sistemak eduki eta metodologia berdinak inposatzen dizkie maoriei.

1940: Maoriak hirietara migratzen hasten dira, beraien kolonizazio eta deserrotze prozesuarentzako beste mugarri garrantzitsu bat.

1975: Lehen Te Wiki o Te Reo Māori ospatu da, Maorieraren Astea.

1978: Aotearoako lehen eskola elebiduna zabaldu da Rūātokin.

1982: Lehen Te kōhanga reo delakoa zabaldu da, murgiltze ereduko lehen haur-eskola.

1985: Lehen Kura Kaupapa Māori ikastetxea zabaldu da, haur-eskoletako haurrei jarraipena ematen dien murgiltze ereduko eskola.

1987: Māori Hizkuntza Legea onartzen da Parlamentuan eta te reo māori (maori hizkuntza) hizkuntza ofizial izendatzen da herrialdean. Horrekin batera, Te Taura Whiri i te Reo Māori erakundea osatzen da, maorieraren hizkuntza politika burutuko duen erakundea.

1992: Hezkuntza Ministerioak Te Marautanga o Aotearoa jarri du martxan, Māori bizitza-ikuspegian oinarritutako Bigarren Hezkuntzarako curriculuma.

1994: Zeelanda Berriko pasaporteek maoriera txertatu dute barruko orrialdeetan (2009tik aurrera azalean agertuko da maoriera).

2004: Maori Telebista emititzen hasten da, batik bat maorierazko edukia eskaintzen duen katea.

2017: Te Mātāwai erakundearen sorrera, hizkuntza politika iwi-en gidaritzapean abian jartzen duen erakundea.

 


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.