“Ematen du soilik ikertuak izan gaitezkeela, baina ez ikertzaileak”

  • Irakastea eta komunikatzea maite du Khadija Ftah ikertzaile eta kazetariak (Touroug, Maroko, 1996), baina batez ere, egiten duen horri erabilera praktikoa eta eraldatzailea ematea. Proiektu asko du esku artean; hala nola HIT elkartea, desgaitasuna duten ekintzaileen inguruan hedabideek egiten duten trataera aztertzen du tesirako, eta desgaituak diren ikertzaileen lanak aurkezteko kongresu bat antolatzen ari da. Ikusmen desgaitasuna dauka, eta ikertzaile munduan oztopo asko daudela salatu du.


2026ko apirilaren 15ean
Khadija Ftah-k utzia.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Fantasiazko literatura idaztea maite duenez, literatura ikasteko asmoa zuen Khadija Ftahk. Batxilergoko azken urtearen amaieran, 2014an, Siriako gerraren inguruan egindako kobertura mediatikoak eragin handia izan zuen berarengan. Iritziz aldatu, eta kazetaritza ikastea erabaki zuen: “Existitzen ez diren istorioak kontatzea ederra den arren, nire talentua historia errealak kontatzeko baliatu nahi nuela erabaki nuen”. Gaur egun gizarte eta kultura gaietan espezializatutako kazetaria da. Horrez gain, desgaitasuna duten ekintzaileen inguruan hedabideek zer-nolako narratibak sortzen dituzten ikertzen ari da tesirako. Sevillako Unibertsitatean (Espainia) egiten ari da doktoretza.

Bi modutara egin daiteke tesia: zenbait urtez ikertu eta ostean liburu bat argitaratuta, edo poliki-poliki artikuluak idatzita. Bigarrena aukeratu du, eta lau urte daramatza jada. “Bestea bakartiagoa da. Gainera, jakintza oso dinamikoa da, eta etengabe aldatzen dira gauzak. Tesia amaitu arte itxarongo banu, agian hasierako emaitzak ez lirateke baliagarriak. Egiten dudanak helburu bat izatea eta gizartean aztarna uztea nahiko nuke”. Kazetaritza gizartea eraldatzeko tresna dela sentitzen du, eta horrek bultzatuta egiten du lan.

Horregatik, kazetarientzako gida moduko bat sortzea gustatuko litzaioke, jakiteko nola idatzi ekintzailetzaz eta desgaitasuna duten pertsonez. Uste du lagungarria izan daitekeela behatzeko zer-nolako narratibak sortzen dituzten, nondik idazten duten eta beste. Izan ere, kazetari askok aipatzen dute ez dutela behar beste formakuntza gaiaz informatzeko. Gainera, desgaitasunen bat duten ekintzaileentzako baliagarria izatea nahi du: “Ekintzaile askok bakarrik egiten dute bidea, eta ez dute komunikazio arloan aditurik. Tresna bat eskaini nahi diegu, kanpora begira zer eta nola  komunikatuko duten bideratzen laguntzeko”. Asmoa da kazetariek egiten dituzten zenbait praktika saihestea: “Ekintzaileek kritikatzen dute heroi modura tratatzen dituztela, eta salbuspen bezala hartu beharrean, euren presentzia normalizatu beharko litzatekeela”.

“Gizarteak zein behar dituen identifikatu nahi ditugu, ostean, ikertzeko eta baliabideak emateko”

Doktoretzaz gain, HIT (Gizatasuna, Berrikuntza eta Teknologia) elkartea sortu du Rosa María Teixidor ikertzailearekin batera. Antzera egiten dute lan, eta helburu bera dute: ikertzen duten oro, gizartearentzat erabilgarria eta praktikoa izatea. Elkartearen xedea da “askeago” ikertu ahal izatea, unibertsitateetan oztopo eta traba gehiago daudelako: “Askotan oso proposamen interesgarriak daude, baina deialdiak oso lehiakorrak direnez, eta dirua mugatua denez, lan ildo asko kanpoan geratzen dira. Gizarteak zein behar dituen identifikatu nahi dugu, ostean, ikertzeko eta baliabideak emateko”. Nabarmendu du ikertzea taldean egiten den lan bat dela, eta elkartea horretarako espazioa izatea ere nahi dutela.

Ftahk salatu du oso gutxi direla desgaitasunen bat duten eta unibertsitateetan ikertzen eta irakasten ari diren pertsonak. Espainiako Unibertsitate Sistemako Irakasle eta Ikertzaile Desgaituen Behatokiaren arabera, %2aren azpitik. Gainera, gutxiago dira sistema publikoan. Azaldu du ez direla espazio irisgarriak, “oldarkorrak” baizik: “Unibertsitatea ez badago sentsibilizatuta oztopo asko jarriko dizkizute. Mundu honetan sartzen zarenean oso bakarrik zaude eta ez dituzte oinarrizko egokitzapenak egiten”. Ftahk, esate baterako, pantaila irakurgailuarekin lan egin behar du, desgaitasun bisuala duelako. Halere, askotan unibertsitateko ordenagailuetan ez daude berak behar dituen programak: “Gehien kostatzen ari zaidana da, unibertsitatean erabiltzen dituzten programak ez direlako irisgarriak niretzat. Unibertsitateak ez badira irisgarriak, zokoratuta, baldintzatuta eta mugatuta gaude”. Horrelako oztopoek jendea atzera botatzen dutela dio.

Kongresuetan ere irisgarritasunik ez dagoela nabarmendu du, eta desgaitasunak duen espazio faltaz hausnartu beharko litzatekeela. Iruditzen zaio kongresuetatik kanpo geratzen direla. Hori dela-eta, Jorge Rodríguez Moreno ikertzailearekin batera kongresu bat antolatzen ari da: “Ematen du soilik ikertuak izan gaitezkeela, baina ez ikertzaileak. Horrekin apurtu nahi dugu”. Horregatik, Irakaskuntzako eta ikerketako lehenengo kongresua desgaitasunetik izena jarri diote kongresuari: “Ez dugu soilik desgaitasunaz ikertzen, baizik eta desgaitasunetik”. 

Ardatzak izanen dira; besteak beste, gizarte zientziak, berrikuntza, teknologia eta irisgarritasuna, esperentziatik ikertzea, transferentzia eta desgaitasunari lotutako ikerketak. Azken kategorian parte hartzen dutenen kasuan ez da beharrrezkoa desgaitasuna duten pertsonak izatea, baina gainerakoetan bai. Xedea da erakustea desgaitasunak ikerketari beste ikuspuntu bat eskaintzen diola, baina ez duela ikerketa baldintzatzen eta ez direla soilik desgaitasunaz ikertzera mugatu behar. Kongresua ikerlarien arteko hartu-emanak sendotzeko espazioa izatea nahi dute. 

Gorputzeko atal bat?

"Bihotza. Gizakiaren erdigunea eta mugitzen gaituen energia biltzen den lekua delako. Hainbat ikerketaren ondorioei helduta, uste dut sentitzeaz aparte bihotza pentsalaria ere badela. Ez burmuinaren pareko, baina bere neurrian bai".


Gorputz hotsak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.