Udaberria hasten den egun berean ospatzen da poesia ere. Egun hartan hasten da bata eta hazten bertzea. Berriz ere primadera denean, arboletan, parkeko umeetan, kanpai epeletan, berri eta berde datorren eguzkian sumatzen omen dugu, Joxe Azurmendik eder idatzita utzi zuenez.
Eta nago gaurgero joan zaigun martxo euskal herritarra, aurtengoa, badenetan loriatsu eta poetikoenetakoa izan dela, osotoro udaberri, lirika purua. Akaso, urtaro berria hastear zen egun horretantxe, kukua aditu izanak izanen du zerikusia nire euforia honetan. (Kukua aditu irakurri ahala sakeletako sosekin akordatu zaretenontzako parentesia eta erantzuna: poltsikoan mokanes bat baizik ez nuen, eta nola bertzela, hain zuzen ere, mendira horrexegatik joaten bagara; debaldekoa eta merkatuaren nahikeria guztien antagonikoa delako, diru etekinik gabekoa, adimen natural huts).
Tira, baliteke nire gar primaderati honek zerikusia izatea neronek ere, Mercè Marçalek bezalaxe, menturari hiru dohain zor dizkiodalako, eta emaztea, langile klasekoa eta herrialde eta hizkuntza zapaldukoa izateak hiru aldiz errebelde izateko axul uher bat, gorputz bat eta bizimin bat ere eman dizkidalako. Hartaz, izanen da nire entusiasmo hau, akaso, M8an, bertze mundu bat feminismotik eraikitzeko jorran aritu garelako hamarnaka mila batzuk. Eta, M17an, protesta bat egitera atera garelako, mailu burdinak, klarion kaierak, mantal lanbasak botaz, hantxe bertan bazterrera, eta hemen erabaki nahi dugula oihukatu dugulako ehun milatik goiti arimak. Eta, M19tik aitzin, mundu bat jendek, 11 egun bere 10 gauekin pasa ditugulako gure herriko mapa klera potoloz marrazten lurraren beraren gainean 1:1eko eskala ezinezkoan, bere errebuelta eta zuzenetan, jira, malda eta ordokietan euskara garela ildokatuz. Eta, M28an, Euskal Herria Batera (eta bestera) aritu garelako estatu-nazio-herriminez, eta minberaz.
Bizitzaren denborak Korriketan, Gazte Topagunetan, greba orokor sektorial feministetan, manifa nazionaletan, (...) neurtzen ditugunon herri honetan
Eta, izanen da ere, konturatu orduko Aberri Eguna itzuli delako bere udaberri berriarekin, bere opor eta erramuekin, eta gogoen eta grinen eltzean sartuta ditugulako gaurgero M8koak, M17koak, Atharratzetik Bilboraino kurri zapaldutako zentimetroetako bakoitza, eta M28koak, baita ere. Eta atera zaigulako bueltan poema baten gisako amets teilakatu bat, lorategi tupitua den herri solidario bat, bertso koloretsu gotorra eta euskara gorpuztu bat.
Izan ere, aurtengo martxoa gutxitan bezalako pankartatsua gelditu zaigu. Aldarrikatzailea Urlia ia-ia aspertzeraino, eta pentsatzeraino “erranen dute(la) bada, pankarta bertzerik ez dugula egiten hemengo gu hauexek”. Eta Berendiak ihardesteraino “hobe dugu(la), bai, pankartak egitea eta fuerte oihukatzen irakastea, mundua aski itsusi geratzen ari baitzaigu”. Eta Sandia ohartzeraino zeinen polit, politiko, autopoietiko, hezitzaile eta su piztaile geratu den martxoa gurean, Divisatarako axul hezigaitz bat, gorputz kolektibo bat eta bizimin auzotar bat dugunon herrian. Bizitzaren denborak Korriketan, Gazte Topagunetan, greba orokor sektorial feministetan, manifa nazionaletan, auzolan batetik bertzerako tarteetan, asanbladatan eta txosna-edo-dena-delakoaren txandatan neurtzen ditugunon herri honetan.
Joxe Azurmendi bazen poetara itzulita, gure poesia zelaiak badira, txondorren lurruna, sagastiak, gure bideak haritz artean, idiek astiro goldatzen dituzten soroetan baldin badago euskal poesia, izan dadila eta doala gure poesiaren lur landura joan den martxo ez-neutral zoragarri hori eta, harekin, bere herri poeta praktikantea ere, ixtante.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.