Gimnasioak: abdominalak indartzetik, komunitateak altxatzera

  • Ez da soilik gurean gertatzen ari, ezta gutxiago ere. Luze-zabalean ari da hazi eta hazi gimnasio kopurua, “fit” aurre edo atzizkidun soinketa-modalitateek zein borroka-kirolek geroz eta jende gehiago erakarrita. Herri erdian batzuk, merkatal-gune handietan edota industrialdeetan besteak, hirietako paisaia aldatzen ari dira, bizi eta harreman modu –eta moda– berrien ikur bihurturik. “Komunitatea” eraikitzea dute helburu askok, norbanakoen gorputzak moldatzetik harago, sare kolektiboak sendotzea.

industria pabiloi ugaritan ireki dituzte gimnasioak. Askok dauzkate kolore beltz, gorri, grisak, gehiago identifikatzen direnak intentsitate handiko diziplinekin, kolore hotzagoak (txuria, urdina, berdea) baino.
industria pabiloi ugaritan ireki dituzte gimnasioak. Askok dauzkate kolore beltz, gorri, grisak, gehiago identifikatzen direnak intentsitate handiko diziplinekin, kolore hotzagoak (txuria, urdina, berdea) baino.SAMUEL GIRVEN / UNSPLASH
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Kristal erabat gardenak eta ispilu erraldoiak. 1990eko hamarkadan, Argentinan ugaritu ziren taberna eta gimnasioek ezaugarri igualak zituzten, 2004an Buenos Airesko Unibertsitateko (UBA) ikerlari talde batek egindako azterlanean jasoa dagoenez. Efectos culturales de la proliferación de los gimnasios en la década de 1990 (Gimnasioak ugaritzearen ondorio kulturalak 1990eko hamarkadan) du izena, eta bertan kontatzen da ostatu eta gimnasio berrietan dena zela “ikusgarriago”, gardenak eta islatzaileak zirela denbora berean. “Kanpoaldetik ikus zitezkeen giza-gorputz eta makinek arreta handia deitzen zuten; berehala ohitu ginen, ordea, eta denbora gutxian bihurtu ziren paisaiaren elementu bat gehiago. Gimnasio baten paretik igarotzen garenean, han daudenak gimnasia egiten ari direla besterik ez dugu pentsatzen jada, eta ez euren intentzioa  gimnasia egiten ikus diezaioten denik, edo leku horrek gimnasia egiten erakusten dituenik”.

Hogei urte igarota, gaur egun ere kristal handi gardenak dituzte gimnasio ugarik, baina badira “ezkutuago” geratzen direnak ere, industrialdeetan ireki dituztenak, adibidez, nahiz eta batzuetan ate nagusia altxata ariko diren egurrean; agian, soinu-bandak ere salatuko ditu, intentsitate handiko entrenamendu-saioetan bereziki. Edonola ere, ez gara “esposizioaren” edo “erakutsi nahiaren” bueltako itzulinguruetan katramilatuko; gimnasioak sozializaziorako espazio bilakatu izanaren ideiari helduko diogu, UBAren txostenak hizpide duen (ez hain) fikziozko lan batetik abiatuta.

Gizartea vs komunitatea

Luna de Avellaneda (Avellanedako Ilargia) filma 2004an estreinatu zen; auzo-elkarte baten gainbehera ardatz hartuta, 2001eko krisiaz geroztik Argentinako hainbat hiritan gertatuak islatzen ditu. 1940ko hamarkadan sortu zen auzo-elkarte edo klub baten istorioa kontatzen du. Garai loriatsuak atzean utzita, zorrek ito beharrean, bizirauteko borrokan ari da. Antza, aurrera egiteko modu bakarra da kasino bihurtzea, baina Román, Amadeo eta Gracielak eginahalak egingo dituzte egoitzak bere jatorrizko izaerari eusteko, auzoaren alde lan egingo duen kirol, gizarte eta kultur kluba izaten jarraitzeko, alegia. 

KRISTALAK ETA ISPILUAK ziren, eta dira, gimnasio askoren ezaugarriak. "Erakutsi nahia" albo batera utzita, alde ederra dago pareta gris bati ala kanpoaldera begira izerditzearen artean.

“Kirol- edo gizarte- kluba auzoarekin edo herriarekin identifikatzen da”, dio azterlanak, “gimnasioak, aldiz, kirol instalazioen eta erabiltzaileen arteko harreman aldakorren adibide dira”. Eta gehitzen du: “Klubetan sustatzen dira komunitate motako harremanak, eta gimnasioetan gizarte motakoak dira nagusi. Gimnasioa ez dagokio leku bati, leku batean dago, beste edozein tokitan egon zitekeen bezala. Klubetan, ordea, komunitate bateko kide zara, elkartearen ibilbidea loturik dagoen heinean lekuko historiari. Klub batekoa izateak, han kirola edo gimnasia egiteak, esanahi berezia du. Gimnasiora goaz, baina klub batekoak gara”. Ikerlarien hitzetan, gimnasioek, orokorrean, ez dituzte kokatu diren lekuko ezaugarriak bere egiten. “Aitzitik, kultura globalizatuaren ereduari erantzuten diote; norbanakoaren beharrak asetzera bideraturik daude, eta ingelesezko termino ugari baliatzen dute, gainera: fitness, low impact, step, aerobic, gym...”.

Gimnasio ugarik du helburutzat “komunitatea sortzea”, bezeroen “pertenentzia sentipena” eta ondorioz fidelizazioa lortzea. Denbora berean, bezeroek eurek ere “komunitate” bateko kide izatea bilatzen dute

Gaur egun gimnasio ugarik du helburutzat “komunitatea sortzea”, bezeroen “pertenentzia sentipena” eta ondorioz fidelizazioa lortzea. Eta, denbora berean, bezeroek eurek ere “komunitate” bateko kide izatea bilatzen dute, gorputza –eta burua– landu edo zaintzetik haragoko esperientzia baten parte izatea. Gustuko dugu ikustea gauden leku horretan estimuan gaituztela, jendea ohartzen dela bertaratu garen ala ez. Gourmet, premium edo boutique deitutako gimnasioek –eta euskaldunok oso gourmet jar gaitezke kirol kontuetan– garrantzia handia ematen diote horri.

Duela hilabete plazaratutako Taberna bat ixten denean, ateak irekitzen zaizkio eskuin muturrari erreportajean kontatzen genuen eskuin-muturrari aurre egin nahi dioten hautetsiek merezi duen garrantzia eman beharko lioketela gizarte-kohesioari. Kontziente izan behar dutela, lurralde-ongizateaz hitz egiten dugunean, sozializaziorako bideak ere erraztu behar dituztela, aurrez aurreko harremanak sustatu, lekuan lekuko gizarte edota kultur eragileak babestu. Zentzu horretan, gimnasioek ere paper inportantea joka dezakete.

Inguruan baditugu batzuk, adibidez, aparteko industrialdeetan kokatuak egonagatik, tokiko errealitatera egokitzen saiatzen direnak, izan euskarari merezi duen tokia eskainita –haietako batzuk Korrikaren lekukoa eramaten ikusi ditugu oraintsu– edota herrian antolatzen diren ekintzak babestuta.

“Ez da fitnessa, bizimodua da”

Gaur egun, hedabideek ia egunero plazaratzen dituzte erreportajeak gimnasioei buruz, eta ohikoak dira “Gimnasioak bihurtu dira taberna berriak” edo “Gimnasioak dira gaur egungo Tinder” moduko titular deigarriak, erakusten dutenak sozializaziorako ohiko espazioak ordezkatzen ari direla.

Xavi Sancho kazetariak erreportaje zabala plazaratu zuen iragan urtarrilaren 3an El País egunkarian: Todo sucede en el gimnasio, el nuevo centro de relaciones sociales (Oro gertatzen da gimnasioan, harreman sozialetarako erdigune berria). Espainiako Estatuan, non azken hamabost urteetan 40.000 taberna itxi dituzten, eta zabaldu zientoka gimnasio, agerikoa da aldatzen ari direla ez soilik osasunarekiko edo gorputzarekiko ikusmoldea, baita bizi eta harreman ohiturak ere. Ariketa fisikoak, gainera, leku are nabarmenagoa izango du gure egunerokoan, AEBetako edota Europako gimnasio premium eta ez hain premium batzuetan sumatzen den joerari erreparatzen badiogu. Izan ere, aldatzen ari da pertsona batzuek –erosahalmen handia daukatenek bereziki–  fitnessarekin duten harremana.

GORANTZ. 2010-2023 artean 201 gimnasio ireki ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, azken urteetan gehienak. Pentsatzekoa da kopuruak gora egingo zuela ordutik. / VICTOR FREIT - PEXELS

Hainbat enpresatako kargudunak Equinox moduko klub eleganteetan elkartzen dira, ez soilik izerdia kanporatu bitartean markako kirol-erropa eta puntako gailu elektronikoak erakusteko, baita lanari lotutakoak bideratzeko ere, edo harreman pertsonalagoak egiteko. It's Not Fitness. It's Life leloak argi uzten du gimnasioak ez direla espazio funtzional hutsak, bizimodu berrien tenpluak baizik. “Fenomeno hau ez da espontaneoki sortu”, irakurri dugu Business Insider agerkari espezializatuan. “Hainbat hamarkadaz, kirol klubak izan dira elite ekonomiko eta sozial konkretuen topagune eta, orain, gimnasioek eredu horri heldu diote, gaur egungo lan moldeek bultzatuta hein handi batean” . Telelanaren hazkundeak eta, horri lotuta, aurrez aurreko harremanen murrizteak eragin dute antzeko zaletasunak-eta dituzten pertsonek topagune berriak bilatzea, eta gimnasioak dira horietako batzuk. El País-en ikusi dugu, zenbait fitness zentrok dituztela atsedenerako tokiak, bilera-gelak, padel pistak, coworking-guneak, kafetegiak, haurtzaindegiak... Guztiak espazio berean. Helburuetako bat da interakzioa bultzatu eta bezeroek denbora gehiago ematea bertan, “pertenentzia” sentipena indartzea eta, hartara, hileroko kuota ez ulertzea soilik instalazioetara sartzeko peaje bezala, “komunitatea” edo “bizitza estilo bat” eraikitzeko inbertsio moduan baizik.

Hilean 50 euro ordaindu, 100 ala 200, esperientzia desberdina izango da, noski, izan instalazioengatik, entrenatzaileek eskainiko duten arreta pertsonalizatuagatik, edota bizi estiloari lotutako gehigarriengatik (irudia, adin-tartea, giroa...). Zentzu horretan, Sanchok dioenez, low cost eta gourmet gimnasioen kopurua neurri berean hazteak estresa eragin dezake kuotarik garestienak ordaintzerik ez daukaten pertsonen artean, zeren eta “James musika bandaren klasikoak dioen bezala, pobre izatearekin bizi ninteke, hainbeste aberastasun ikusi ez banu”. Bizitzako esparru ugaritarako baliagarria izan liteke aipu hori, egia esateko.

Karga politikoa

María José Camacho Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslea da. Bere hitzetan, bada nahi bat besteengandik bereiztekoa-edo. Gimnasio batzuetara joango gara “markagatik”, duen izenagatik, jendarte zehatz batekin identifikatzeko eta harremanak egiteko, “aisialdian ere lanean jarraitzeko”, alegia. Nork bere buruarengan lan egitearen ideia kapitalismoarekin lotzen du berak: “Ni-a bizi dugu enpresa bat bailitzan kontzeptualizatuta. Zenbat bider ikusiko ote genituen sare sozialetan-eta, helburua edozein izanik ere zuk ere lor dezakezula dioten mezuak, denborarik edo dirurik ez izan arren. Gimnasioan lortuz gero, bizitzako gainerako esparruetan ere lortuko duzu. Etxe perfektua izango duzu, maskota perfektua. Perfekzioaren paketeak merkatuaren logikari erantzuten dio, perfekzioaren ideia konkretua lortzeko etengabeko kontsumoaren logikari, eta gimnasioak pakete horren parte dira. Gimnasioa, hortaz, ez da neutrala, karga politikoa du, eta karga hori handiagoa izango da bizitzan dauzkagun harreman sozialak eta helburuak definitzen hasten denean”.

“Gimnasioa ez da neutrala, karga politikoa du, eta karga hori handiagoa izango da bizitzan dauzkagun helburuak definitzen hasten denean”
- María José Camacho -

INEF Pirineus zentroko irakasle Pau Mateuk ere fitnessak karga politikoa duela uste du, nahiz eta ezin daitekeen ideologia bakarraz hitz egin: “Bada tentazioa gimnasioak identifikatzeko eskuin muturrarekin, jende batek lotzen ditu maskulinitate konkretua eraikitzearekin eta... Baina, espazio sozial oro bezala, eztabaidara irekiak daude, eta ondorioz botere narratibo antikapitalista ere izan dezakete, lanaren lerrokatzetik ihesi hel zaitezke-eta bertara, eta adiskidetasunean oinarritutako harremanak sortu. Gimnasioak hartuak izan dira eskuin-muturreko gazteen haztegi moduan, eta ez dut esaten perfil horretako pertsonarik ez dagoenik, baina termino horietan hitz egitea karikatura hutsa da”.

Santiago de Compostelan (Galizia), Basquiños zonaldean, Amada García herri-gimnasioa ireki zuten iaz kolektibo antifaxistek, kirola “autodefentsa” moduan ulertuta –boxeoa praktikatzeko zakuak daude sabaitik zintzilik, eta eskularru-pare ugari apaletan–, eskuin-muturrari muturrekoa eman asmoz. Gainera, aisialdi eskaintza ia guztia alkoholaren eta beste substantzia batzuen kontsumoari lotuta egoteak kezkatzen ditu, eta gazteei alternatibak eskaini nahi dizkiete. Ez daukate kuota finkorik, bakoitzak ahal duena ordaintzen du; ez dute arrazoi ekonomikoengatik inor kanpoan utzi nahi, kontrara, ahalik eta komunitate handiena osatzea gustatuko litzaieke, sexismoaren, arrazakeriaren eta faxismoaren aurkako topagune bihurtuta. Horretarako, kirolaz gaindiko ekintzak ere antolatuko dituzte. “Hai momentos para recitar poesías e hai momentos para boxear”, dio paretan margotutako leloak.

Datorren erreportaje batean izango dugu tarterik boxeoaz eta gainerako borroka-kirolez luzeago hitz egiteko, gimnasioen goraldia zuzenean loturik dagoen neurrian fitnessarekin bezala diziplina horien arrakastarekin. Karga politiko handiagoa dute, gainera.

Gimnasioak, hirugarren espazioa

Duela gutxi udal-gimnasio berria zabaldu dute Ollokin (Nafarroa). Arduradunek azaldu dute Esteribarreko biztanleek aukera izango dutela kirola egin eta osasuna zaintzeko eta, gainera, bailarako ehundura soziala sendotuko duela, han biltzeaz gain, herritarrek parada izango dutelako dozena bat kilometro goraxeago dagoen Zubiriko gimnasioa, igerilekua eta rokodromoa erabiltzeko. “Bailarako herrien arteko harremana indartu nahi dugu”, azaldu du Udalak, jabeturik hango biztanleak beste herri batzuetako gimnasioetara joaten zirela: “Olloki leku bizigarria izatea nahi dugu, eta ez soilik lotara etortzekoa. Uste dugu gimnasioak bizitza handiagoa emango diola gure kontzejuari”.

Ildo beretik, Espainiako Estatuko zenbait bailaratan gimnasio mugikorrak dabiltza herriz herri, dabiltzan moduan elikagaiak saldu edota liburuak maileguan eskaintzen dituzten kamionetak. Gurean bertan, 2025eko udan Mogiegym ekimena jarri zuen abian Aurizberriko (Nafarroa) kirol teknikari Aritz Carballok. Erroibar, Artzibar eta Aezkoa bailaretako jendeari gimnasia egiteko aukera eskaintzen die: “Etxean geratzen diren horiek jada ez dute aitzakiarik kalera atera eta ariketa fisikoa ez egiteko. Nahiago dut zerbitzu hau nire jendeari eskaini, Iruñean gimnasioa zabaltzea baino”.

Ray Oldenburg soziologoak The Great Good Place: Cafes, Coffee Shops, Bookstores, Bars, Hair Salons, and Other Hangouts at the Heart of a Community liburua plazaratu zuen 1989an, non, besteak beste, kafetegi edota tabernek “hirugarren espazio” moduan duten garrantziaz mintzo den, komunitateen bihotz eta bakardadearen aurkako arnaslekuak izan daitezkeen heinean. Topagune horietako batzuk desagertuta edo gizarte-sarea ehuntzeko ponpatze-ahalmena galduta, gimnasioak ari dira hutsunea betetzen, uztartzen dituzten neurrian osasun fisikoa, ongizate mentala eta interakzio soziala. 1990eko hamarkadan ere izango ziren moduan, oraindik badira gorputzaren gurtza praktikatzen duten gymbro eta sister-ak, baina gimnasio geroz eta gehiago ari da, bakoitza bere berezitasun eta helburuekin –azken finean, negozio pribatuez aritu gara bereziki–, esparru indibidualetik kolektiborako jauziak ematen. 


Kirola kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.