Emeak eta katalanak debekatuta

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Athos Mendia (Grezia), 1046. Monasterioz osatutako lurralde autonomoan, avaton izeneko araua jarri zuten indarrean, monjeen bake espirituala babesteko asmoz. Hala, ustez bizimodu aszetikoa hautsiko zuketen tentazioak saihesteko, emakume guztiei sarrera galarazi zieten.

Eta araua haratago eraman zuten. Beste animalia espezieetako eme guztiei ere debekatu zitzaien han sartzea; edo ia guztiei behintzat. Behirik, ardirik, behorrik… ez zen sartuko, baina katemeekin eta oiloekin salbuespena egin zuten, nonbait monjeak ez zeudelako prest arrautzik gabe eta arratoiz inguratuta bizitzeko.

Handik bi mende eta erdira,  beste elementu bat gehituko zioten debeku zerrendari: katalanak. XIV. mendearen hasieran, Roger de Flor eta bere agindupean zegoen mertzenario armada katalana mehatxua bihurtu ziren bizantziarrentzat, nahiz eta Andoniko II.a enperadoreak aurrez kontratatuak zituen turkiarren kontrako ahaleginean. 1305ean, Adrianopolisen, bizantziarrek enboskada bat prestatu zuten Roger de Floren eta bere armadako beste buruzagi batzuen kontra, ospakizun bankete baten aitzakian. Roger de Flor eta bertaratutako gainerako katalanak sarraskitu zituzten, baina bizirik geratu ziren mertzenarioek mendekuari ekin zioten orduan. “Mendeku katalana” esan zitzaion horri.

Katalanak handik joan zirenean, Athos mendiko monjeen erantzuna ere irmoa izan zen: mertzenarioak eskumikatu zituzten eta katalan guztiei sarrera galarazi zieten

Ez zuten soilik bizantziar ejertzitoa jomuga izan, eta inperioko hainbat lurralde eraso eta harpilatu zituzten. Athos mendia pagotxa izan zen haientzat; hondasunez beteta zegoen eta monjeek ez zuten erresistentziarako ahalmenik. Harrapaketa sistematikoa eta bortitza izan zen, liburutegiak erre zituzten, monjeak sarraskitu… Monasterioak Aragoiko Koroaren menpean ere egon ziren aldi batez.

Katalanak handik joan zirenean, Athos mendiko monjeen erantzuna ere irmoa izan zen: mertzenarioak eskumikatu zituzten eta katalan guztiei sarrera galarazi zieten. Debekuak ez zuen iraungitze datarik eta indarrean egon zen zazpi mendez.

XX. mendearen amaieran, Grezia Europar Batasunean sartuta, Athos Mendiko Errepublika Monastikoak autonomiari eutsi zion, baina zenbait arau anakroniko bertan behera uzteko gomendioa luzatu zieten ordena ortodoxoei. Gainera, Kataluniako Generalitateak erreparazio keinu bat ere egin zuen: 700 urte lehenago harpilatutako ondarearen zati baten zaharberritze lanak ordaindu zituen. Eta, hala, 2005ean katalanek berriro Athos Mendian sartzeko eskubidea lortu zuten. Zehazki, gizonezko katalanek. Emakume guztiek (katalanek barne) oraindik ere sarrera debekatua baitute.  


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.