Burkarekin jolasean

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Islamak, beste behin, titularretara salto egin du eskuin muturrak bultzatutako debeku lege baten kontura. Esan gabe doa, eskuin muturrari bost axola zaizkiola emakumeen eskubideak: emakumeak otzan nahi dituzte, etxekoandre, abortu eskubidea ukatuta… eta noski, burua estalita ere, moja katolikoak baldin badira. Ekimen horri kirats arrazista eta islamofoboa dario, eta horrelakoak borrokatzea dagokigu. Baina eskuin muturrak zeozer seinalatzeak ez du ukatzen hor arazorik ez dagoenik. Kasu honetan, islamaren zenbait adierazpen problematikoak direla agerikoa da. Eta hortik doa gaurko hausnarketa. Izan ere, burkaren polemika guztiarekin arreta eman dit, oro har, ezkertiarroi gehiago kostatzen zaigula islama kritikatzea, esate baterako, katolizismoa baino.

Hori azaltzen duten arrazoi argiak daude. Katolizismoak askoz ere botere instituzional handiagoa du hemen, Europako historia kolonialari estuki lotuta joan da eta patriarkatuaren inposizioaren bektore nagusia izan da hemen. Era berean, Europan islama arrazializazio eta diskriminazio faktore bilakatu da eta musulman gehienak pobreak dira. Beraz, islamak hemen ez du katolizismoak duen botere posiziorik eta, zentzu horretan, ulergarria da begirada zorrotzagoa izatea bigarrenarekiko.

Islama dagoeneko Euskal Herriko erlijio bat da. Euskal jendarte eta kulturaren parte da eta izaten jarraituko du. Badagokigu islamaren gainean irakurketa kritikoa eraikitzen joatea

Hala ere, ezin dugu ahaztu islamak, beste erlijio abrahamikoek bezala, erro patriarkala duela. Eta musulmanak diren herrialdeetan funtzio kolonial eta diziplinatzaileak bete izan dituela. Hori horrela izanda, uste dut islama kritikoki irakurtzeko zailtasunak baduela kutsu koloniala gure partetik. Hau da, katolizismoa erraz kritikatzen dugu, “gurea” delako, “hemengo” erlijioa delako, eta nolabait gure burua zilegi ikusten dugu kritika horretan.

Islamaren kasuan, ordea, uste dugu kritika hori intromisio kolonial moduko bat dela, islama erlijio exotiko, atzerritar, bezala ikusten jarraitzen dugulako. Euskal Herriak mundu musulmanetik kanpo jarraituko balu bezala. Baina islama dagoeneko Euskal Herriko erlijio bat da. Euskal jendarte eta kulturaren parte da eta izaten jarraituko du. Horregatik, badagokigu islamaren gainean irakurketa kritikoa eraikitzen joatea. Erlijio askatasuna ozen aldarrikatuz eta euskal neba-arreba musulmanak besarkatuz. Islama bere aniztasunean eta konplexutasunean ulertuz. Baina kontziente izanez islamaren barruan, katolizismoan bezala, izaera atzerakoi eta faxista duten adierazpenak daudela, salafismoa, arriskutsuenetakoa. Momenturen batean horiek borrokatzea tokatuko zaigu. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Islama Gizartea Erlijioa
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.