2023an, Laboral Kutxa Eusko Ikaskuntza Gaztea Sariketarako ikerketa proposatu eta irabazi zuen Beñat Garaio ikertzaile autonomo eta EHUko Elebilab taldeko kideak. Ikerketaren emaitza dugu Kia ora e hoa: euskararen eta maorieraren biziberritze prozesuak elkarlotzen lana, Aotearoan (Zeelanda Berria) egindako egonaldiaren ondoriozkoa. Garabide Elkartearen eta Foundation for Endangered Languages-en babesa ere jaso zuen ikerketa honek eta emaitzak urtarrilaren 29an aurkeztu zituen Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean.
(Maorieraren historiaren kronograma irakurri nahi baduzu jo lotura honetara).
Maoriera eta euskararen biziberritze prozesuak bata bestearekin lotzea, bata besteagandik ikastea, balizko elkarlan-ildoak abiaraztea… Bihar ikerketa egitasmorako ere baliagarri, hau da, Garabide, Soziolinguistika Klusterra, Taupa eta Plazara antolatzen ari diren asmoa. Helburua, mundu mailako hainbat hizkuntza-komunitateren diagnosia egitea, biziberritzerako diskurtso berri eta gaurkotuak aztertzea, eta etorkizunera begirako gako eta lan-ildo berri batzuk proposatzea. Hamaika kontu, ondoko elkarrizketan Garaiok xehetu dizkigunak.
Maoriera eta euskara. Aotearoa, batetik, Euskal Herria, bestetik. Ba ote?
Bai, bai, bada! Esate baterako, bi herrialdeak maila sozioekonomiko aurreratukoak dira, baina guri dagokigunez, bi herrialdeetan ere hizkuntza gutxituak gizarte osoaren babesa du. Ezberdintasunak ere badituzte, jakina. Handiena maoriek azken mendeetan jasandako arrazakeria eta kolonizazio prozesu luzea. Hortxe da ere euskal kulturaren eta maorien kultura polinesiarraren arteko aldea, edota bien testuinguru soziopolitikoa eragiten duten kultura handia, anglosaxoia, batetik, eta espainiar eta frantsesa, berriz, bestetik. Baina bi hizkuntzen biziberritze prozesuak alderatu, eta hainbat hausnarketa eta gogoeta interesgarri egin litezke.
Hizkuntza-lankidetzaren emaitza dugu zure ikerlana. Gauza berria ere ez da hori gurean...
Egia. Hizkuntza-lankidetzak ibilbidea egina du Euskal Herrian. Garabide Elkartea eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra, esaterako, aspaldi ari dira arlo horretan lanean, euskararen biziberritze prozesua atzerriko eragileekin partekatzen eta hizkuntza-komunitateen arteko elkarlana bultzatzen. Lankidetza hori, batez ere, Espainiako estatuko hizkuntza gutxituekin eta Amerikako jatorrizko herriekin gauzatu da. Aotearoa-Zeelanda Berriko maorien eta euskaldunen arteko hizkuntza-lankidetza, aldiz, bakana da baina badira pertsona batzuk era bateko edo besteko lana eta lotura egin dutenak: Imanol Miner, Paula Laita, Iñaki Alegria, Urtzi Urrutikoetxea…
Aotearoa, oraintxe jakin dugunez, Zeelanda Berria dugu. Hantxe maoriak, antipodetan.
Edo Polinesian, Ozeano Barearen hego mendebaldean, “zeruaren beste aldean”, beraiek esaten duten bezala. Bi uharte dira nagusi, Iparraldeko Uhartea, Te Ika-a-Māui, eta Hegoaldeko Uhartea, Te Waipounamu, eta, horiez gain, beste 600 uharte ere badira. Bertan diren jatorrizko herriak elkarren ahaide dira. Bestela, Aotearoak 5.300.000 biztanle baino gehiago ditu, eta horien %17,5 maori dira. Gehienak, %68, herritar txuriak dira, eta asiar jatorrikoak, berriz, %17,3. Gutxienak dira, arrotz beren herrian.
Ez nuke esango. Bestalde, ehunekoak azkar aldatzen ari dira eta, zenbaiten ustez, hamarkada batzuk barru maoriak gehiengo izango dira. Hala ere, esan behar da iwi (edo tribu), eta hapu (leinu), ezberdinetan banatuta bizi direla, eta autonomia dutela erabakiak hartzeko edo komunitate bakoitzarentzako hizkuntza plangintza diseinatzeko, adibidez. Besterik esatekotan, azpimarratuko nuke beren historiaren ezagutza handia dutela eta, horrekin batera, jatorrizko sinesmen eta erritualak bere horretan gorde eta transmititu dituztela.
Betiko galdera: zenbat maoriera-hiztun dira?
210.000, Aotearoako biztanleriaren %4,3, alegia. Joan den hogei urtean 70.000 hiztun irabazi ditu maorierak, nahiz eta maorieraz hitz egiteko gai diren herritarren proportzioa bere horretan den oraindik. Maoriak direnen artean, %20 inguru dira maorieraz hitz egiteko gai. %8k, berriz, hizkuntza gaitasun aurreratua luke. Maori ez diren herritar batzuek ere ikasi dute maoriera, baina, jakina, maoriera-hiztun gehienak maori dira etniaz. Bestalde, maoriera-hiztunen kopurua ere oso aldakorra da eskualdearen arabera eta maorieraren arnasguneak-edo iparraldeko uharteko erdialdean eta ekialdeko kostaldean dira, batez ere.
Estatus juridikorik badu maorierak?
Ofiziala da, baina paperean. Herrialdea ingeles hiztuna da osoki, eta legez maoriei aitortzen zaizkien eskubideak praktikan jartzeko modurik ez dago. Gizartea maorieraren aldeko da. Horretan badute ikustekorik maorien ahalduntze prozesuak, edo Waitangiko Akordioaren jarraipena egiten ari diren epaitegiek. Mundu mailan, kolonizazioak eragindako kalteen aitorpena eta erreparazioa ere aldarri garrantzitsua da, eta horrek ere laguntzen du. Hala ere, 2023ko hauteskundeetan maoriekiko mesfidati edo aurkakoa den koalizio bat nagusitu zen, eta harrezkero egoera desorekatu egin da, nolabait esateko: alde batetik, maorien ahalduntzea eta gizarteagandik jasotako bultzada genuke eta, bestetik, aldiz, kolonizazio garaitik datorren “txuritasun antimaoria”, hauteskundeak irabazi zituena, alegia.
Esan duzunez, maorierak hizkuntza ofizialaren estatusa du, nahiz eta hori paper errea izan. Ez dakit hizkuntza politikaz galdetu behar dizudan ere…
Hizkuntza politika begi onez ikusten da oro har. Aurrerapauso handiak eman dira jarreretan, erabileran, hizkuntzaren sustapenean, hiztun berrien sorreran, eragileen arteko elkarlanean, sektore pribatuan, aisialdian, kirolean… Horri dagokionez, eta etorkizunari begira, Te Mātāwai erakundeak hiru gomendio nagusi egiten ditu maorieraren aldeko hizkuntza politikarako. Lehenik, esaten du Aotearoak hizkuntza politika berri bat behar duela, eta erdigunean jarri behar duela maoriera, Pasifika hizkuntza-komunitateekin batera. Erakunde horrek esaten du hizkuntza politika berriak herrialdera iritsitako beste gizarte talde batzuei ere irekia egon behar duela, eleaniztasunaren alde behar duela. Bigarrenik, hizkuntza hezkuntza sistemaren bitartez zabaltzea lehenetsi behar dela, ikus-entzunezko eta teknologia berrietako baliabideak ere erabiliz. Hirugarrenik, ikusita maori belaunaldi gazteenak geroz eta testuinguru urbanoagoetan kokatzen direla, hizkuntza politika berriak gaur egungo giro eta errealitateari erantzun behar diola.
Zertan da maorieraren egoera eskolan?
Gero eta ikasle gehiago ari dira maoriera ikasten, bai derrigorrezko hezkuntzan, bai helduen alfabetatzean. Ikasten hasten dira, baina utzi ere egiten diote, baliabide faltagatik. Hezkuntza sisteman ere badute nahiko erronka, sistema hori oraindik ere Mendebaldeko hezkuntza ereduek baldintzatzen baitute: ingelesa da hizkuntza nagusia, horrek dakarren nazio-ikuspegia eta guzti. Irakasle gehienak pākeha [jatorriz polinesiarra ez dena] dira eta, beraz, maorien ikaskuntza arrakasta mugatuta dago: hezkuntza sistemaren oinarriak berak maorien kontrako dira, irakasle eta agintariek ikasle maoriekiko aurreiritziak dituzte, eta espektatiba baxuak. Gainera, kontuan hartu behar da Aotearoako derrigorrezko hezkuntzako ikasle gehienek ikastetxe ez-maorietan ikasten dutela eta, beraz, haien curriculumean ez dagoela ez maorieraz ikasteko aukerarik, ez matauranga [maori herriaren mundu-ikuskeratik sortutako ezagutza-sistema, belaunaldiz belaunaldi transmititutakoa] lantzeko modurik.
Zenbaterainokoa da maorieraren erabilera?
Geroz eta gehiago erabiltzen da etxetik kanpo, eta belaunaldi gazteen artean ere igoera handia gertatu da. Aldi berean, etxeko erabilera jaisten ari da eta belaunaldi arteko transmisioan hainbat adierazle kezkagarri azaldu dira. Transmisioari dagokionez, berreskurapena oraindik ere hasierako fasean dago, eta ez da arau bihurtu maori komunitatearen barruan.
“Maoriera geroz eta gehiago erabiltzen da etxetik kanpo, eta belaunaldi gazteen artean ere igoera handia gertatu da. Aldi berean, etxeko erabilera jaisten ari da”
Zure artikuluan hainbat puntu aztertu dituzu: maorieraren biziberritze prozesuaren indarguneak, ondareari ematen dioten inportantzia, babesguneak eraikitzea, familia, lidertzak… Baita erronkak ere. Horrez gain, ordea, zuk maorieraren egoeratik hainbat irakaspen atera dituzu euskararen egoerarentzat.
Bai. Horixe zen ikerketaren helburua, maorieraren biziberritzea ezagutzea, eta euskararen biziberritzearekin lotzea. Lan horretan, hainbat ideia gako azpimarratuko nituzke… Batetik, babesguneak eratzeari eta komunitatea indartzeari eman diote garrantzia. Hasieran, Zeelanda Berriko hiritar guztiei begirako kanpainak-eta egin ohi zituzten. Orain, aldiz, komunitate maorietan jarri dute lehen arreta, eta hizkuntzaren transmisioa berreskuratzea dute lehen helburua. Familietan saiatzearekin batera, edo hurrengo, tribuak eta leinuak, eskualdeetako talde eta eragileak dituzte helburu.
Biziberritzearen fokua maoriengan jarriz, alegia.
Bai. Beren burujabetza, autonomia eta ahalduntzea da helburu, eta kolonizazioaren oinorde diren erakunde txuriekiko menpekotasuna murriztea. Beste irakaspen bat da, adibidez, maorien nortasunaren beste zenbait elementurekin lotzea hizkuntza.
“Identitatea mamiz edo edukiz betetzea” esan zuen, ez aspaldi, Asun Garikano euskaltzainak.
Halakoren bat. Maoriek lan handia egin dute beren ondarea, tradizioa, bizi-ikuspegia, sinesmenak eta gainerakoak bizirik mantentzen, edota berreskuratzen, eta horiek batzen dituen elementu nagusia hizkuntza da. Beste irakaspen bat, baikortasuna, biziberritze prozesuan duten konfiantza.
Gurean, beti ari gara estu eta larri. “Iraun nahiaren pena larriak / darama gure bizitza”, idatzi zuen Bitoriano Gandiagak.
Hizkuntza gutxituetan askotan agertzen da herio hori. Maorien konfiantzak, berriz, arrisku sentsazioa murriztu egin du, etorkizunari begirako konfiantza areagotu. Emaitza positiboak ere funtsezkoak dira, jakina, baita komunitateko kideen formakuntza eta ahalduntzea ere, eta era guztietako erakunde eta eragileen arteko aliantzak, ekimenak gauzatzeko. Dena den, hauek denak nik ateratako ondorioak dira, euskaldun baten betaurrekoak jantzita, batzuekin eta besteekin hitz egin, egoera ikusi, hausnartu, eta egindako gogoetak.
Maorien konfiantza eta baikortasuna posible dira gure kasuan?
Landu daiteke? Berezkoa da? Ezkortasuna da nagusi hizkuntza gutxituen kasuan. Maoriena harrigarria gertatu zait. Nik neuk ere zalantza dut, baikortasun kultural hori berezkoa den, edo komunitate gisa landu dutena. Galdera da Euskal Herrian zer bide egin dezaketen, edo egingo luketen, hiztunen ongizate psikologiko eta soziolinguistikoari eragin nahi dioten egitasmoek. Ez daukat erantzunik, galdera besterik.
Arestian esan duzu maoriek hizkuntza edukiz betea nahi dutela. Euskaldunok zer biziberritu nahi dugun ere galdetzen duzu zeure ikerlanean.
Bai. Esate baterako, hizkuntzaz gain, zer harreman daukagu gure naturarekin? Eta gure historiarekin? Eta iraganeko euskal munduarekin? Maorien kasuan ikusi dudanez, hizkuntzarekiko eta komunitatearekiko atxikimendua askoz ere indartsuagoa da hizkuntza herri-nortasun jakin batekin lotuta datorrenean. Edo, beste adibide bat, zer egin Euskal Herriko desmobilizazio eta oldarraldi garai honetan?
“Euskaltzaleak behar ditugu”.
Maoriak haize alde bizi dira, eta herritarrak aktibatzeko, aldagai soziolinguistikoak hobetzeko eta hainbat gauzatarako baliatu dute txanpa. Gurera etorrita, Euskal Herrian edonork argi izan beharko luke euskararen egoera gutxitua mendeetako kontrako politika batzuen ondorioa dela eta euskararen biziberritzea gure eskubide historikoen eta hizkuntza aniztasunaren defentsaren parte dela. Defentsa honetaz gain, euskarak gaur egungo munduarekin lotutako arrazoi eta argudio berri eta sendoak behar ditu biziberritzea hauspotzeko.
Laster dira buila eta hoska, “euskararen inposaketa” eta beste.
[Iñaki] Iurrebasorekin batera esateko, funtsezkoa da euskara herritarren lehen hizkuntza bilakatzea, bai gaitasun aldetik, bai atxikimendu aldetik ere. Gurean, euskaraz bizitzea helburu duten espazioek ez dute erabateko onarpenik; kasu batzuetan, behintzat. “Inposaketa”, omen. Are gehiago, euskara sustatzeko neurri gehienak ere horrela interpretatzen ditu gizarteko zati batek. Adostasunak eta heldulekuak ezinbestekoak ditugu.
Jarrera horiek ere gozatu beharra dago?
Maorien kasuan, herrialde osorako pentsatutako jarrera kanpainez arduratzen den erakundeak du aurrekonturik handiena. Aldiz, tribu eta bateko eta besteko komunitateentzako pentsatutako ekimenek diru-iturri gutxiago dituzte. Bi lan-ildoak garrantzizkoak dira, elkar osagarriak. Eta han eta hemen, hizkuntzaren biziberritzeak hainbeste esparru, lur-eremu, geruza eta ildo ditu, non erronkak, beharrak eta abiadurak ere ezberdinak baitira. Arnasguneetako egoerak ez du ikustekorik ingurune ez hain euskaldunetakoekin: nolako testuinguruari, halako galdera-erantzunak eskaini behar zaizkio. Maorierak eta euskarak nahi beste antz eta ezberdintasun dituzte.