Hasi eta bukatu da 24. Korrika. 2.000 kilometro baino gehiago eginez, eta 3.000 lekuko-hartze baino gehiago. Aurtengoak ere momentu ikaragarriak utzi dizkigu: politak, barregarriak, hunkigarriak, ezustekoak, harridurak… Ederra izan da. Lan asko dago horren guztiaren atzetik, baita amaitu ostean egiteko ere. Korrika ez da 11 egunetan gelditu gabe dabilen ekintza soilik. Hamabigarren egunean ere euskara gara, eta hamahirugarren egunean ere mantendu behar dugu. Erabakia bat da, jarrera kontua, erantzukizuna, borroka, nahia eta gogoa.
Urte hauetan guztietan Korrikak askorako eman du eta eman dit. Gogoratzen dut txikia nintzenean aitak lekukoa eraman zuela gau batez. Txikia nintzenez, ez zidaten utzi joaten, baina argazkiak atera zituzten eta harriduraz begiratzen nien argazki horiei. Aita lekukoarekin agertzen da, baina atzean jendea biluzik dago. Aurten jakin dut, urte horretan, Korrika, Mallabiko herritik pasa beharrean, Trabakuko mendatetik pasatzen zela, astegun batez, gauez. Hori dela eta, Mallabiko eta Ermuko herritar batzuek, inolako helbururik gabe, giroa sortze aldera soilik, erabaki zuten kilometroa biluzik egitea.
Aita lekukoarekin agertzen da, baina atzean jendea biluzik dago. Aurten jakin dut, urte horretan, Korrika, Mallabiko herritik pasa beharrean, Trabakuko mendatetik pasatzen zela
Zertxobait nagusiago nintzenean, baina oraindik ere LH sasoian genbiltzanean, Korrika ez zen herritik pasatu eta urte horretan ere, astegunez eta gauez pasatu zen. Kuadrillako gurasoak elkartu ziren eta goiz lokartu gintuzten, ondoren, goizaldean esnatu eta Korrikara eramateko. Mendatea zen eta ezin genuen askorik egin, baina tarte ezberdinak egiteko antolatu ziren. Imajinatu hurrengo egunetan izan genuen emozioa. Beste urte batez, lehengusuarekin batera eraman nuen lekukoa, eta aurreko Korrikan, bakarrik. Guztiak ere emozioz beteriko momentuak izan ziren.
Hala eta guztiz ere, badaude gustuko ez ditudan momentu batzuk. Korrikan hasi orduko, bizi guztian D ereduan ikasi, euskaraz jakin, abizen euskaldunak izan eta Korrika datorren bitartean erdaraz dabilen kuadrilla entzutea; Korrikan zoazela aldamenekoa “qué quiere decir tipi-tapa?” galdetzen entzutea; kaleak zeharkatuz zoazela lagun talde batzuk erdaraz entzutea; euskarari balio gutxi ematen dioten eta ia euskaraz jarduten ez duten politikoak lekukoa eramaten ikustea…
Korrikak sortzen duena ederra bezain zirraragarria da, nahi duen orok parte hartu dezake, baina kontuan izan nora eta zertara zoazen. Korrika euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea helburu dituena.
Gu euskara gara, eta zu?
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.