Zorionak, Euskal Herria!

Argazkia: AEK

2026ko apirilaren 1ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Eskerrik asko, bihotzez, guzti-guztioi! Esker aunitz 24. Korrikaren lekukoa eskuz esku Atharratzetik Bilbora ekarri duzuen guztioi. Mila esker! Biba zuek!

Eskerrik asko 24. Korrika posible egin duzuen AEKide guztioi eta Korrika antolatzen lagundu diguzuen denoi. Eta eskerrik asko eta besarkada erraldoi bat 23. Korrikatik hona galdu ditugun AEKideei, bai eta haien senide eta lagunei.

Iritsi da bai, Bilboraino, Euskal Herriko 7 herrialdeetatik datozen gazte hauen mezua. Euskal Herriko zazpi gazte, herrialdeetatik bana, gure herriko gazte euskaldun eta euskaltzale guztien izenean.

Leire, Elene, Aitzol, Oier, Beñat, Oihana eta Xalbat: Sohütatik, Urepeletik, Tuteratik, Hendaiatik, Barakaldotik, Gasteiztik , Eskoriatzatik… pasatu den gorputz bat egin duzue. Urrats bat eta bestea, aurrekoei jasoa dakarzue ahots berrietan. Esan duzue honaino heldu garela, bai, baina ez garela iritsi, aurrera goazela. Eta galdetu diguzue: Bazatozte? Erantzuna bistan dago: Bai!

Euskal Herriko gazte euskaldun eta euskaltzale guztiok: hartu lekukoa, bagoaz zuekin Pizkunde berri batera!

Gazte baina ez horren gazte zareten guztioi. Euskaltzale eta euskaldun guztioi, y también a las personas que todavía no habéis dado el paso de aprender euskera / aux personnes qui n'ont pas encore fait le pas d'apprendre le basque: ikasi eta praktikatu! Praktikatu eta ikasi! Euskaltegietako ateak zabalik dituzue, tenéis las puertas de los euskaltegis abiertas / Les portes des Euskaltegis sont ouvertes.

Zeren eta hizkuntzarik ez duen herri bat ez da herri izango, un pueblo que no tiene lengua no será pueblo. / un peuple qui n'a pas de langue ne sera pas un peuple. Eta gu euskara gara!

Euskara gara. Euskararen herria gara. Eta behin eta berriz esan dugu: gure herrian badago guztiontzako lekua. Berdin dio zein diren jatorri, azal-kolore edo euskararekiko ezagutzak. Denon artean eraikita, azkenean aurkituko dugu gizarte zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, Euskal Herri feminista, antirrazista, goxoa... Eta euskalduna!

Baina hori dena lortzeko, ezin da euskararen etorkizuna borondate hutsaren esku utzi. Euskara eguneroko erabaki bat da; egunero hartzen dugun hautua; egunero aktibatzen dugun konpromisoa. Denon ardura da, herritarrona, eragileena eta instituzioena. Eta, batez ere, ordezkari politikoei dagokie babes-juridiko eta politikoa ziurtatzea, baliabideak eskaintzea eta neurri eraginkorrak hartzea. Beharrezkoa da, azken batean, euskara ikastea doakoa eta irisgarria izatea, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioan urratsak ematea eta erabilerarako espazioak sortzea, garatzea eta elkarlotzea.

Ez gara folklorea, euskara gara. Milaka eta milaka euskal herritarrok garbi adierazi dugu, hamaika egunez, gutxieneko zein hizkuntza-eskakizun nahi duen herri honek: Euskal Herri euskalduna. Hori da gure gutxieneko hizkuntza-eskakizuna: Euskal Herri euskalduna.

Gora Korrika! Gora AEK! Gora Euskal Herri euskalduna! 


Irakurri gehiago: Korrika Euskara Euskalgintza
Korrika kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.