Musikaren industriak aspaldi harrapatu zituen hiriak eta metropoliak festibalen ikuskizunekin. Hiru bat eguneko luzapeneko musika jaialdiak hirietako aldirietan zelai handi bat topatzen dute, ikuslego kopuru handiak erakartzeko. Behin-behineko azpiegituren inbestitze txikiarekin eta garraio soluzio batekin negozio borobila, hirien politiken begiko izanik, antza win-win bat delako. Hirien merkantilizazioaren adar berri bat besterik ez izatea kritikatu izan zaio festibal masiboen fenomenoari. Eta musikazaleek diote soinu kalitate gutxiko azpiegiturak eta testuinguruak direla.
Asteko berrien artean azaldu da nazioarteko musikarientzat makro-kontzertuak egiteko bariante bat, futbol estadioak betetzea nahikoa ez, eta behin-behineko estadioak egitea, makro-jaialdien antzera. Europan Munichen egin da lehenengoz (Adele Arena), Madrilen eraikiko da hurrena (estadio Shakira). 40 hektarea eraldatuko dituzte kontzertuak, gastronomia eta beste ekitaldi kulturalak eskaintzeko. 50.000 lagun biltzeko eszenatoki bat zentroan eraikiko da eta inguruan parke zabal bat ehundurekin egindako egitura arineko egonaldi txokoekin.
Bi gauzek jo dute nire begia estadio Shakira lerro hauetara ekartzeko: Danimarkako Bjarke Ingels Group BIG arkitekto talde ezagunak diseinatuko duela eta diseinua “latino” identitateari lotuko zaiola adieraztea. BIG ospetsua egin zen jaioterriko etxebizitza kolektiboekin egindako proposamen interesgarriekin, eta ondoren mundu mailako proiektuak eraikitzen hasi da, besteak beste, Donostiako Basque Culinary Center. Jakin-min handia dut zerk eraman duen Shakiraren sustapen taldeak BIG kontratatzera, lekukotasunik gabeko proiektuetan aritzen den taldea, eta nola azalduko zioten latino identitatearen espazioaratzearen ezaugarriak. Publiko egin diren infografietan ez da antzematen nola uztartu duten lurraldetasuna. Akaso aire libreko espazio publikoen bizitasunarekin lotura egingo zutelakoan. Edo Parkea Macondo izendatzearekin agian aski dute.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.