Hutsa nola bete?!

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Txillida eskultore ezagunari laguntzen ibilitako langileetako batek kontatu zidan. Garabiak lantegiko makina erraldoi bat airean hartzen zuenean, denek hutsunea ikusten zuten makina egondako tokian; aldiz, Txillidak hustasuna ikusten omen zuen garabiak altxa ahala makinak uzten zuen tokia betetzen.

Duela egun batzuk dokumental oso interesgarria ikusi nuen, Hutsune handi bat deritzana. Urretxun eta Zumarragan duela berrogei urte drogak eraildako ehun eta hamabost gazteren senide, familia eta lagunen testigantza gordin eta zorrotzak. Heroinaz etorkizuna lorrindu eta usteldu zieten gazte horiek iritsi omen ziren hurbilenekoei dirua kendu edo lapurtu nahiz atrakoak egitera ere, antsiak jota egonezinik, drogak erabat menpean  zeuzkatenean. Testigantza batzuk heroinomano ohiek egin zituzten, baita senide bat edo gehiago hilda zituztenek ere. Hutsune eta hustasun horrekin bizi behar izan dute berrogei urtean!

Gameluak ezagunak omen ziren, baina nork salatu edo nor ausartu haiei zerbait egiten? Urretxuko kuartelean etxean bezala ibiltzen omen ziren, pentsa, kanpoko gameluren bat etortzen bazen negozioa egin asmoz, berehala atxilotzen omen zuten edo desagertzen omen zen. Sistemak txapelokerren bidez majo lotuta zeuzkan gameluak, eta ETAren jardunak erakar zezakeen gazteria desertura kondenatu zuten. Orduko bideo eta argazkiak ikusiz, hozkia sentitu nuen, xiringak zainetan eta batek hustu orduko beste bat zain (eta beste zain bat)! Dosi berria xiringa berarekin!

Gameluak ezagunak omen ziren, baina nork salatu edo nor ausartu haiei zerbait egiten? Urretxuko kuartelean etxean bezala ibiltzen omen ziren

Bizi izandakoa azaltzeko ausardia izan zenutenoi, nire laguntza, ulermen eta indar guztia. Ez dakit nola bizi izan zareten korapilo hori barruan eta eguneroko bizitza malkartsuari aurre egiten. Baina hustuketa horrek, barruak apur bat bederen baretuko zizkizuelakoan nago, eta nahiko nuke hobeto izan zaitezten. Amaieran, dokumentaleko aulki hutsek trikornioak ikusarazi zizkidaten... Aretotik irteera, isiltasun osoan, elkartasunean egin genuen. Denok genekien hausnarrerako unea zela. Ez zegoen berriketarako gogorik. Une batez, irudikatu nuen eskulangileak behar zirela hemen, eta beren sorlekuan bizimodua atera ezinik zeudenak, ohitura, izate eta kultura ezezagun batean txertatzen saiatu eta seme-alabak desertu horretan erori edo harrapaturik, ingurukoen begiradak balen gisara zetozkielarik, nahita egin balute bezala... HIESa zer zen, nola kutsatzen eta erailtzen zuen antzeman ezinik; a zer herioa eta errudun sentimendua!

Makina bat herritan gauza bera egin du sistemak (Urolan bezala Goierrin, Beterrin, Sakanan...) eta urrats hau eman duzuenok, bizitako zein bizitzako hutsuneak bete nahiz, aukera bikaina jarri diguzue zer eta zergatik gertatu zen ikus/ikas dezagun. Higuina eta gorrotoa besterik ez zegoela zirudien guneetan, elkar ulertzeko ahalegina bideratuz, arnas berritu duzue gizartearen zati etsitu hau. Eskerrik asko. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Drogak Gizartea
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.