Gu gabe, iraultzarik ez!

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Emakume kurduek Bakea? Ez gu gabe! izenburupean antolaturiko konferentzia batera gonbidatu naute, hemen, Zurichen. Emakumeek bake-prozesuetan duten rolaren inguruko konferentzia transnazionala da. Akademikoak, gizarte zibileko ordezkariak, kazetariak, erabaki politikoak hartzen dituztenak eta praktikatik datozen emakumeak bilduko ditu topaketak, honako gai hauei buruz eztabaidatzeko: emakumeen parte-hartzea negoziazio-prozesuetan, bakearen eraikuntza, ordezkaritza berdinzalea, adierazpen- eta antolakuntza-askatasuna, eta bake iraunkor baten oinarri sozialak.

Kolonbiako eta Bakûrreko aktibista banarekin batera, beste euskaldun bat ere deialdian da. Nire jakin nahia da, nor datorren baino, nork ordezkatuko ote duen gai honetan Euskal Herriko esperientzia. Batetik, bake prozesurik ez delako egon eta, bestetik, ene ustez, aldebakarreko prozesu politikoan, ez delako egon ez estrategia feministarik ez eta emakumeen perspektibak bermatzeko eta txertatzeko erabakirik ere.

Beste gatazka politiko askotan bezala, kosta egin zaigu aitortzea emakumeon edo feminizatutako gorputzen aurkako erasoak ez direla albo kalteak, eraso zuzenak izan direla

Inoiz ez gara erreferentzia izan, emakume* bezala antolatuta eta borrokatu izanagatik, gatazka armatuan. Euskal Herrian ere, beste gatazka politiko askotan bezala, kosta egin zaigu aitortzea emakumeon edo feminizatutako gorputzen aurkako erasoak ez direla albo kalteak, eraso zuzenak izan direla, lurralde okupazioa sendotzeko eta gure militantzia zigortzeko. Zigor sozial eta patriarkala erantsita jazarri gaituztela, borrokan ez jarraitzeko.

Orain artean, ordea, leku gutxi egon da gure mugimenduan erasotuak izan diren gorputz horietatik hitz egiteko eta, are gutxiago, horiek antolatu eta perspektiba feministatik eragiteko. Beti zerbait garrantzitsuagoa, larriagoa dagoenaren mezuak etengabeak izan dira. Indarkeriaren hierarkia egon da eta agentzia politikoa hartzea oztopatu zaigu. Gizonek erabaki dituzte lehentasunak eta eraiki diskurtsoak. Banaka, aleka eman ditugu pausoak, eta berriki urrats handia eman-egin, otsailaren 7an Intxaurrondon. Bertan, emakume* torturatuok parada izan genuen komisariatan bizi izandakoari hitzez gain marko politiko bat emateko, elkar zaintzeko eta ozen esateko isilik egotea ez dela aukera. Gure gogoetak, estrategiak, agenda politikora ekarri genituen. Emakume kazetari* eta feministek gaia zabaldu eta elkartasuna adierazi ziguten. Betiko moduan, ordea, gure minen oihartzuna ez zen nahikoa izan pribilegiodun gizonek urratsak emateko eta beraien agenda politikoan eztanda eragiteko. Horregatik, lerro hauetatik beste mezu bat: Gu gabe, ez bakerik ez iraultzarik! 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.