Good Will Hunting (Will Hunting ona)
Gus Van Sant (1997)
Zer: Filma
Herrialdea: AEBak
Iraupena: 126 minutu
Non ikusi: Prime Video, Movistar Plus eta Apple TV
---------------------------------------
Ameriketako Estatu Batuak aukeratuak izan dira, zeruak aukeratuak. Jaungoikoak hala nahita, beraien betebehar morala da munduan zehar hedatzea. Horrela defendatu zuen behintzat XIX. mendean John L. O´Sullivan irlandar jatorriko kazetariak. Ordutik aurrera, Ageriko Patua delako dotrina izan da nagusi AEBen politiketan. Batzuentzat desestabilizazio eta estatu kolpe bezala ikus daitekeena logiko eta beharrezko da besteentzat; azken finean, patuak markatutako bidea jarraitzea da gizakiaren lana, ezta?
Good Will Hunting pelikulak Boston hegoaldean hazi eta hezitako Will Hunting (Matt Damon) du protagonista. Berez morroi normala da, Southie-ko [Boston hegoaldea] irlandar jatorriko langile bat bere bizitza osoko lagun taldeari zor zaion leialtasunez, goizak lanean eta arratsaldeak tabernan igarotzen dituena. Willen arazoa da, akademikoki behintzat, jeinu bat dela. Unibertsitatean garbitzaile lanean dabilela problema matematiko konplexu bat ebatziko du, irakasleari atentzioa emanez. Horrek, gaztearen talentuaz jabeturik, mundu akademikorantz bideratu nahi du, bere lagun duen Sean Maguire (Robin Williams) psikologoari terapian Will konbentzitzeko eskatuta. Baina Willek ez du nahi.
1997an, estrainatu zenean, gutxi-asko esperoko zuten bere bi gidoilari eta protagonistek –Damon eta Ben Affleck– filmak izango zuen arrakasta. Ordura arte pobreziatik gertu bizi ziren bi aktore gazte horiek –22 eta 20 urte hurrenez-hurren– gidoi onenaren Oscar saria irabaztera heldu ziren, gaur egun Hollywoodeko izar bilakatu arte.
Egiari zor, pelikula ona da. Tipikoa beharbada zentzu askotan, ez dizu erakutsiko zeren usaina duen Kapera Sistinoak; baina ona da. Aktuazioak edo gidoia goraipatzea errazena den arren, tesiak bereizten du benetan besteengandik.
Ageriko Patua fidelki jarraitzen duen gizarte batean, Will Hunting korrontearen kontra mugitzen da. Ez du aprobetxatu nahi bere talentu naturala, nahiz eta jakin askoren nahia litzatekeela bere gaitasuna izatea. Bere jarrerak hasieran frustrazioa sorrarazi zidan, inoiz izan ez den etorkizun bat aldarrikatuta. Traman aurrera egin ahala ordea, enpatiak jaten dio lekua frustrazioari.
Ni ez naiz Will, nik ez dut aparteko talenturik. Nik inbidia sentitu dut ahala duen pertsona bat ikustean, frustrazioa sentitu dudan era berean pertsona horrek ahala aprobetxatzen ez duenean.
Horregatik pelikula honek galdegin dit zer zor dion talentudunak munduari. Zerbaitetan ona izateak, zerbaitetarako talentu naturala izateak ez du justifikatzen horretara bizitza bideratu beharra. Azken finean, patuak markatutako bidea jarraitzea al da gizakiaren lana?