“Ez. Ez dut bizumik”, erantzun dut pareko lagunen harridurarako. Eta hala, erresistentzia-saioekin behin baino gehiagotan gertatu bezala, nik momentua edo egoera aukeratu gabe, galdera eta aholku fronte antolatu baten aitzinean suertatu naiz. Asmo onez. Nire hobe beharrez.
“Baina zuk nola ordaintzen dituzu gauzak? Txartela, sikiera, erabiliko duzu, ezta?”. Eta hantxe hasi naiz, neolitoko gizakiaren pare, txanponak eta billeteak erakusten. Zerbitzariak, horretarako aukera ikusita, umore zerbait egin du nire teknologia zaharkituaren bizkar. “Metalak eta paperak erabiltzea gaur den egunean…”.
Mingarriena, dena den, ondotik etorri da. “Nahi baduzu, Edu, nik lagunduko dizut telefonoan instalatzen”. Nabariak dira inguruko adiskideengan atsegin agertzeko eginahalak. Eta, halako batean, lagun deitzen den horietako batek eskua sartu dit poltsan, nire sakelakoa hartu nahian. Laguntasunaren izenean egindako inbasioak nire haserrea azaleratu du, eta horrek babestu nau. Giroa nabarmen arrarotzearen truke.
Ozen aditu dut erruki mutua: “Gaixoa, bizumen kontra egin nahian oraindik ere”.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.