Gauzak diren bezalakoak dira. Hori konprenitu eta aitortu behar dugu eta errealistak izan. Baina gauzak desberdinak izan litezke; hori ere ulertu behar dugu, eta onartu. Azken hori ez litzateke zehazki errealismoa, ez baitio erreferentziarik egiten benetan den horri, baizik eta posiblea eta potentziala denari. Baina, azken buruan, posiblea edo potentziala den hori ere bada, eta beraz, zentzu batean, erreala da. Film batzuetan ohar bat ipintzen digute hasieran, errealitatearekiko edozein antzekotasun kasualitate hutsa dela dioena, eta ulertzen dugu zer esan nahi diguten. Baina egia da, halaber, filma hor dagoela, errealitatearen parte bat dela. Liburu-dendetan eta liburutegietan ere bereizketa egiten da, anglosaxoien eran, fikziozko eta ez-fikziozko literaturaren artean. Badakit filosofoak, trantze horretan, berehala errealitatearen maila desberdinen artean bereizten hasten direla, errealitate maila bakoitza bere lekuan kokatuta (teoria eta meta-teoria, lengoaia eta meta-lengoaia desberdintzen dituzten bezalaxe). Izan ere, eleberri batek eta erreportaje batek kontatzen dutena ez dira errealak zentzu berean. Ados. Baina onartuko didazue beharrezko zaigula ustez posible denaren mugak kolokan jartzea.
Inoiz susmatuko ez genituen tresnak eskura ditugu ekintza kolektiboa bideratzeko. Zergatik ez da errealista munstroak geldiarazi ditzakegula pentsatzea?
Modu batean edo bestean, pentsalaririk handienetakoek jorratu dute potentzialtasunaren kontua. Aristotelesek potentziaz (“dynamis”) hitz egin zuen, bihur daitekeen baina oraindik ez den zerbait bezala. Aurrerago, Spinoza potentiaz mintzatu zen, adiera desberdin samarrarekin, alegia, ez etorkizuneko aukera soil gisa, baizik eta oraingo gaitasun eraginkor gisa; bere aburuz, potentzialtasuna izaki batek daukan oraingo indarra litzateke, jarduteko egiazko ahalmena, zerbait sortu ahal izatekoa. Kantek agente autonomoak garela irakatsi zigun eta munduan kausalitate morala hasteko gaitasuna dugula. Marxek mundua eraldatzekoa dela adierazi zuen, eta ez soilik interpretatzekoa. Arendtek ekintzaren bidez zerbait guztiz berria abiarazten dugula azaldu zuen (boterea kolektiboki jarduteko dugun gaitasuna da). Oker ez banago, Deleuzek ere, Spinozaren irakurle eta iruzkingile arretatsuak, antzeko zerbait azaldu zuen (berarentzat, desira ez da gabezia bat, platonismoan bezala, baizik eta indar produktibo bat, bizitzaren indarraren adierazpena). Giddens soziologoak gizarte-egiturek baldintzatzen gaituztela erakutsi zuen, bai, baina gure ekintzek egitura horiek eraldatzen dituztela ere bai. Tira, nahikoa da erudizio huts eta handiputzarekin! Analisiak eta hausnarketak eginda daude. Oraingo galdera Leninek egindakoa da: zer egin? Zer egin behar dugun kolektiboki (ez iezadazue kontatu, arren, basoko sutean bakardadean ahalegintzen den kolibriaren ipuina, bere moko txikian kabitzen den ur apurra daramana behin eta berriz, sutea itzali nahian: beste askoren elkarlanik gabe, bere partea egite hutsarekin –lasaigarria akaso bere kontzientziarako– ez du lortuko erreta ateratzea baino ezer gehiagorik. Bere buruaz harro eta kontzientzia onarekin erreta hilda, hori bai txoriburu!).
Batek eta besteak (dei ditzagun kaskarina eta ankerra) indar handia daukate eta oso boteretsuak dira, baita eurekin dauden munduko boteredun guztiak ere. Baina besteok asko gara, milioika. Inoiz susmatuko ez genituen tresnak eskura ditugu ekintza kolektiboa bideratzeko. Zergatik ez da errealista munstroak geldiarazi ditzakegula pentsatzea? Izan gaitezen errealistak, posible dena zertu dezagun (errealismo magikoa ote?).
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.