Turismoa ez da gaur goizeko kontua, baina mugak begien bistan ipini dira bereziki azken urteotan. Gaia aztertzeko eta gogoeta bultzatzeko liburua argitaratu berri du ARGIAk: Turismoa. Desazkundera bidaia. Donostiako Bizilagunekin plataformako kide da Asier Basurto. Euskal Herriko markoan kokatu du liburua. Ez da irakurgai akademiko bat, ezta datuen azterketa bat ere; oinarrizko azalpen bat da gaira sartu nahi duen ororentzat.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Hainbatetan azpimarratu duzun esaldia: “Hau ez da turismoaren aurkako liburu bat”.
Ez da, ez. Donostiako hiritar talde bat horregatik antolatu ginen turistifikazioaren kontra [Bizilagunekin plataforma], ikusten genuelako bazegoela manikeismo ariketa bat, estrategiaz egina, gatazka bi bandotan zentratzeko: turistak vs turisten aurkakoak. Hortik ihes egin behar da, benetako gatazka beste bat delako: turismoak gizarte honetan gehiegizko pisua hartzearekin irabazten dutenak eta galtzen dutenak.
Aipatu duzu turismoaren negozioan soilik batzuk irabazten dutela, eta beste askok galdu. Liburuaren bukaeran bada atal bat, Uste ustelak deiturikoa. Hor ere ageri da ideia ezagun hau: “Turismoak dirua ekartzen du”.
Hamarkada askotan landutako eta hedatutako diskurtsoa da, duela gutxira arte pitzadurarik ez zeukana. Denok errepikatzen genituen akritikoki gisa honetako esaldiak: “Turismoak aberastasuna dakar”, “turismotik ez bada zertaz biziko gara”, “arazoak zonalde batzuetara eta urteko garai batzuetara mugatzen dira”...
Deigarria da Donostian eta Euskal Herrian zer nolako kontsentsua zuten esaldi horiek, esan dezagun 2010ean, eta ordutik hona zer nolako pitzadurak gertatu diren. Mundu mailan gertatu da. Argi ikusi da turismoak baduela B aldea, batez ere muga batzuk gainditzen direnean.
Mugak orain hasi dira gainditzen?
Jasangarritasunaren muga, edo teknikoki deitzen zaion “lurraldeen karga gaitasuna”, zerbait lausoa da. Ez dago neurtzeko modu bakarra. Ez dago kontsentsu akademiko, tekniko eta politiko bat marra hori marrazteko. Jende asko ari da horretan lanean, eta bide interesgarria iruditzen zait. Baina jasanezintasunaren seinale bat da herritarrek masiboki “nahikoa da” esatea.
Ulertzen dut jasangarritasunaren muga zaila dela kalkulatzen, herrien eta herritarren bizitzen aspektu guztietan eragiten duelako turismoak: etxebizitzaren arazoan, ingurumenean, enpleguan, identitate kulturalean...
Integralki hartu behar dira kontuan. Marko horretara eraman behar da eztabaida, eta eztabaida benetan sakona da, ari garelako hitz egiten gure eredu ekonomikoaz, eredu urbanistikoaz, kulturalaz, soziolinguistikoaz... Ihes egin behar da soilik saturatutako egunez eta saturatutako zonaldeez hitz egitetik; ikusi behar dugu gizarte egitura osoan zer ukitzen duen turismo-ereduak.
"100 kilometroko ratioan, bost aireportu ditugu donostiarrok; ez da beharrezkoa"
Liburuak hiru zati ditu. Lehenbizikoan, kronologia egin eta gure herrien turistifikazio prozesua kontatu duzu. Bigarrengoan, kapituluz kapitulu, egungo turismo ereduaren analisia egin duzu, gaika banatuta.
Ahalegin bat egin dut erakusteko turistifikazioak denetariko ondorioak dituela, eta denetariko arriskuak eta kalteak sortzen dituela. Zalantzarik gabe, liburu honetan gainetik ukitzen da bakoitza, seinalatzen dira arrisku, kalte eta erronka batzuk, baina ez dira denak maila berekoak, ezta sakontasun eta garrantzi berekoak ere. Bat nabarmentzekotan, dudarik gabe, turismoak etxebizitzaren arazoarekin duen konexioa nabarmenduko nuke.
Etxebizitzaren kapitulu horretan, azpimarratuko nuke auzokideen halabeharrezko desplazamenduaz kontatzen duzuna.
2008ko krisiaren ostean, mundu mailako kapital handiak egindako mugimenduen ondorioak dira. Ordura arte eraikuntzan zegoen kapitalaren zati handi bat igaro zen hiriguneetara, eta etxebizitzaren finantzarizazioa areagotu zen. Etxebizitza indartu zen inbertsiorako aukera moduan, batik bat herri eta hirien erdiguneak, baita kostaldeak ere, errentagarri ikusi ziren, eta horrek ekarri zuen sekulako presioa eta tentsioa merkatuan. Eta horrek desplazamendua ekartzen du. Izan daiteke turista gisa etorri direnek etxeak erosten dituztelako hemen, eraikinak hotel edo pisu turistiko bihurtzen direlako, edota alokairu arruntean zeuden etxeei beste aterabide batzuk bilatzen zaizkielako.

Egilea: Asier Basurto Arruti
Orrialde kopurua: 144
Prezioa: 16 euro
Promozio berezia: apirilaren 15a baino lehen ARGIAkoa eginez gero, liburua doan.
Aurkezpena: apirilaren 16an, ostegunez, 19:00etan Donostiako Alde Zaharrean, San Jeronimo kalean, Kripta aretoan. ARGIAk eta Donostiako Bizilagunekin plataformak elkarlanean antolatuta.
Beste atal garrantzitsu bat ingurumenari buruzkoa da. Argi azaltzen duzu hegazkin-trafikoaz eta kontsumoaz ez garela askorik ohartzen, esaterako.
Mende honetako aldaketa esanguratsuetako bat da. Merkatu aldaketa eragin du hegaldi merkeen fenomenoak, eta horrek ekarri du izugarrizko kultura aldaketa. Nahiko erraz entzun daitezke asteburua igarotzera Dublinera (Irlanda) edo dena delako lekura doazen lagunak. Edo Bartzelonara hegazkinez joatea. Ustez jakitun gara, orokorrean, hegazkina kutsakorra dela, baina benetan merezi du horren inguruko zenbakiak begiratzeak. Ez du zerikusirik autoen, trenen eta bestelakoen kutsaduraren ondoan. Askoz ere handiagoa da.
Azpiegitura aldetik, gainera, lurraldeen arteko lehia batean gaude; turismoa erakartzeko elementuetako bat da. Euskal Herrian, adibidez, lurralde historiko bakoitzeko arduradun politikoa ez da ausartzen herritarrei esatera ezin dutela aireportu propioa eduki. Diskurtsoan ez dago onartuta. Eta gauzak horrela, Donostiatik ehun kilometroko ratioan, ordubeteko distantzian, bost aireportu daude. Ez du zentzurik. Londres erdigunean bizi den herritarrak baino aireportu gehiago ditugu eskura. Ez dira beharrezkoak denak. Eta ez da zentzuzkoa ospatzea hegaldi linea berri bat sortu dela, ez New Yorkera eta ez Parisera. Nork erabiltzen du? Zenbat kostatzen zaigu herritarroi? Eta zenbat kutsatzen du? Hori arrazionalki ondo aztertuko bagenu, ez daukat dudarik ondorioztatuko genukeela ez duela konpentsatzen.
Horri lotuta, lurraldeen arteko orekan ere jarri duzu fokua: gehien bidaiatzen dutenak nola diren munduaren alde batekoak, eta kalteak nola pilatzen diren bestean.
Gaur egungo turismoa kolonialismo forma berri bat da, eta duela hamarkada batzuetako internazionalismoaren kontrako joeran gaude. Adibidez, deigarria da nola gu, hemendik, Magrebera eta Afrikara salto batean joan gaitezkeen, gure denbora librean ondo pasatzera, herrialdeak ezagutzera, dena delako helburuarekin; eta etorri gero, lasai-lasai, gure bizitza erosoarekin jarraitzera. Hori egiten dugu hegazkinez. Eta aldiz, handik hona ezin dute etorri ezta itsasoa zeharkatuko balute ere txalupa ziztrin batean. Geure buruari galdera da: zertan ari gara parte hartzen? Hau dena eraikita dago mundu mailako desoreka baten gainean, eta nolabait ere horrekin jokatzen dugu, zeren modan jartzen dira lurralde konkretu batzuk, gu baino askoz ere pobreagoak direnak, gure diruarekin hemen baino askoz ere luxuzkoagoko zerbitzuak kontsumitu ditzakegulako, eta gainera, zerbitzari gisa baliatu ditzakegulako bertako herritarrak. Lurralde hartzaile horietan, era berean, eraikitzen da diskurtso bat diru gehiago dugunonganako dependentzia bat sortzen duena eta azpitik kokatzen duena bertako herritarra.
"Kolonialismo forma berri bat da gaur egungo turismoa"
Lurralde horietan, gainera, turismoarekiko dependentzia larria sortzen da. Egun batetik bestera, pandemia edo gerra batek kolpatzen duelako adibidez, turismoaren iturria eteten bada, sekulako krisia sortu daiteke.
Oso apustu arriskutsua da eredu ekonomikoa turismorantz eramatea. Lurralde txiroenei dagokienez zer esanik ez, baina baita Euskal Herriarentzat ere. Oso hauskorra da turismoaren merkatua, oso menpekoa herrialde bakoitzak kontrolatu ezin dituen faktoreekiko. Gainera, industria estraktiboa da. Sarritan, herrialdeak turistifikatzen hasten dira tokiko kapitalarekin, lurralde horretako inbertsiogileekin, baina lurralde horiek arrakastaren bidean jartzen badira segituan sartzen da nazioarteko kapitala. Eta irensten du hor zegoen elementu erakargarri oro. Meatzetan bezalaxe da: iristen da inbertsorea, zukutzen du lurraldea, eta uzten du lur antzu bat, inork nahi ez duena.
Burujabetzari lotuta ere ez da batere apustu ona.
Euskal Herriaren erronkez hitz egiten dugunean, askotan hitz egiten da etorkizuneko Euskal Herriak zer nolako industria behar lukeen, zein energia iturri izango lituzkeen... Uste dut zer turismo eredu izango dugun eztabaidatzea oso inportantea dela. Funtsean, gure eredu ekonomiko osoa hor dago, turismoak ukitzen du. Lurralde antolaketa, azpiegiturak... Garrantzitsua da, baita ere, gure eredu kulturalaz hitz egitea, hau da, nola hautematen dugun gure burua, nola kontatzen dugun eta zer izan nahi dugun
Hirugarren atalean, liburuaren erdialdetik aurrera gutxi gorabehera, beste eredu baterako urratsak proposatzen dituzu. Nondik has gaitezke?
Lehenik eta behin, aztertu eta eztabaidatu egin behar dugu. Herritar askok erreakzionatu dute, sarri kezkatik, baina erakunde publikoek eta zenbait hedabidek eztabaida sozial zabala eta gardena oztopatzera jo dute. Munduko hainbat lekutan, Balear Uharteetan eta Bartzelonan (Herrialde Katalanak) esaterako, badaude gai honi oso serio heltzen ari zaizkien ikerketa-talde akademikoak. Harrigarria egiten zait ikustea Euskal Herrian ez dela pareko gunerik garatu.
Eredu berri bat irudikatu behar dugu, kolektiboki. Hiru hanka ditu norabideak nire ustez. Lehenbizi, erresistentzia egitea turistifikazioari, oraindik inertzia delako turismoaren pisua hazten joatea, eta geldiarazi egin behar dugu. Bai mugimendu sozialen partetik, baina baita erakundeetatik ere, mugak jarrita, adibidez, hotel berriak eraikitzeari, pisu turistikoen jarduerari edo aire-trafikoari. Ez da planteatzen turismoa "hobeto kudeatzea", baizik eta haren eskala eta eragina murriztea. Turista-fluxuak desbideratu beharrean, turismoaren bolumena eta intentsitatea jaistea, planetak muga fisikoak dituela onartzea, sustapen publikoa etetea eta hiri-markaren logika baztertzea.
Bigarrenik, turismo sektorea eraldatu behar da, desazkunde turistikoa ardatz. Klabe lokalagoetan hitz egin behar da, ekologian pentsatuta, sektorearen lan baldintzak duinak izango direla bermatuta, eta bestelako sare batzuen eraikuntza baliatuta. Eta enpresak zein langileria beste sektore batzuetara bideratzeko erraztasunak bermatu behar dira: formakuntza, diru-laguntzak eta pizgarriak.
Eta hirugarrena?
Beste opor eredu bat asmatzea. Hau guztia ez da bizi behar errenuntzia pertsonal gisa, baizik eta kolektiboki pentsatu behar dugu irtenbide kolektibo batean. Lekuz mugitzeak eta herriak ezagutzeak aberastasunak ematen dituela badakigu, hala da, bai adar askotako ezagutza aldetik eta bai norbere ongizatean ere. Baina pentsa ditzagun bestelako eredu batzuk. Turismoa pribilegio elitista izatetik, eskubide eta praktika jasangarriagoa izatera igaro behar da. Oporrak eta atsedena merkatuaren logikatik kanpo bermatzeko bideak bilatu behar ditugu, azpiegitura publikoen bidez (aterpetxeak, garraio publikoa) eta orain arte baztertuta geratu diren kolektiboei begira. Distantzia luzeko bidaiak murriztea eta gertuko lurraldeetan egonaldi luzeagoak egitea hobetsi behar da.
"Kontsumo maila honekin bidaiatzen jarraitzea ez da aukera bat"
Norbere kontzientzia ere funtsezkoa da.
Arau sozial berria behar dugu. Eskuartean duzun zaborra denon aurrean lurrera botako ez duzun bezala, sozialki zigortu egin behar dugu urtean hegazkin mordoa hartzea eta munduko lekuak kontsumitzeko grina kontrolaezin hori edukitzea. Kontrara, sozialki saritu ditzakegu gauza horiek ongi kudeatzen dituzten ereduak.
Oinarri garrantzitsuena da benetako lotura organikoak ditugun lekuak bisitatzea. Ez kontsumitu Googlen, ChatGPTn edo Instagramen ikusi eta erakarri zaituzten lekuak. Sortu behar dugun ereduak oinarri izan behar du lagunak edo familia bisitatzea, loturaren bat duzun lurraldeetara joatea, bizitza profesionalean edota pertsonalean harremanen bat izan duzulako... Eta bidaia aurre eta osteari garrantzia eman; esperientzia luzarazi aurrez irakurriz edo ikus-entzunezkoen bidez lurraldea kokatzeko. Edo ostean, ezagututakoa partekatzen edo horretan sakontzen.
Askotan ez dira bereizten atseden hartzea eta oporretan joatea. Badirudi kanpora joan behar dela oporrak egiten dituzun aldiro.
Jarrera kontsumistetan etengabe ikusten da “beharra”. Berdin dio honekin edo azken Iphone telefonoarekin. Norbere kontsumitzeko antsietatea behar objektibo bat balitz bezala aurkezten da: “oporrak behar ditut” eta, hortaz, “bidaiatu behar dut”. Bizi dugun gizarte desorekatu honen gabeziak erakusten dituen ispilua da. Atseden hartzea ulergarria da, eta eskubide bat da, baina zergatik behar dugu hainbeste bidaiatzea? Zer nolako bizimodua daramagu aldiro urrunera ihes egiteko premia sentitzen badugu? Bizi garen ingurunean ez al gara gai atseden hartzeko, kulturalki aberasgarriak izan daitezkeen esperientziak eraikitzeko, naturarekin gozatzeko...? Horrek, agian, turismotik aparteko beste galdera batzuetara eraman beharko gintuzke.
Alternatiba guztien parte da hau: gutxiago eta hobeto bidaiatu behar dugu. Hortik hasi behar dugu birpentsatzen eredua. Maiztasun, distantzia eta kontsumo maila honekin bidaiatzen jarraitzea ez da aukera bat, eta batez ere ez da aukera desiragarri bat.
"Atseden hartzea ulergarria da, eta eskubide bat da, baina zergatik behar dugu hainbeste bidaiatzea? Zer nolako bizimodua daramagu aldiro urrunera ihes egiteko premia sentitzen badugu? "
Desazkunde turistikoak, hortaz, ez du turismoa desagertzea proposatzen.
Ez. Turismoa berrasmatzea da. Zalantzarik gabe, gaur egun baino zentralitate gutxiago hartu behar du turismoak gure herrien itxura fisikoan, sistema kulturalean, etxebizitza merkatuan... Berrasmatu behar dugu, gaur egun duen pisua txikituta, onargarria eta desiragarria izan daitekeen puntu batera eramanda. Eta ziur nago lehenago edo geroago gertatuko dela. Baina izan daiteke modu kontrolatuan, hausnartuta, kolektiboki antolatuta eta programatuta; edo gerta daiteke kolapsoaren bidez. Kolapsatu dezake pandemiak, mundu mailako gerrak eta gisako faktoreek, edo baita merkatuarengatik ere, sekulako ahulguneak dituelako. Turismoaren pisua nahitaez txikituko da, baina sufrimendu handia aurreztu dezakegu era planifikatuan egiten badugu.
Donostiako Bizilagunekin plataformako kide zara. Azpimarratzekoa iruditzen zait ez dituzuela turistak konkretuki seinalatzen. Bartzelonan, adibidez, ezagun egin zen turistei ur pistolekin “eraso” zitzaienekoa.
Donostiako herritarren kanporatzea eragiten ari direnak eta donostiarron bizi baldintzak kaltetzen ari direnak ez dira turistak. Beste batzuk dira: esplotatzaileak eta espekulatzaileak. Horiek seinalatzen ditugu, egoera honekin diru asko irabazten dutenak. Eta baldintzatu eta interpelatu nahi ditugu gure hiria gobernatzen dutenak eta gure bizitzei eragiten dieten erabakiak hartu ditzaketenak. Jakina, bere oporrak igarotzera Donostiara etortzen den pertsona joko horretan pieza bat da, baina ez da eragile nagusia, ezta urrundik ere.